Legebiltzarrerako bozak dira hil honen 10ean eta 20an Frantzian. Presidentziarako bozen bi itzulien ondoren, ezkerraren eta zentro-eskuinaren arteko hirugarren tour de force da lehenengo hau. Gure lurraldean, 4., 5. eta 6. boz-barrutietako hautagaiak ari dira lehian.
Ipar Euskal Herriko politikariak lehia gorrian ari dira dagoeneko. Frantziako Asanblea Nazionaleko eserlekuak dituzte xede. Gurean, hiru dira boz eremuak: 4. , 5. eta 6. barrutiak. Azken biek Lapurdi lurraldea hartzen dute. Lehenak, berriz, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko zati bat.
Hautagaien kopurua zinez zabala da, zabalegia aukeran. Hamairu zerrenda daude 4. eta 5. barrutietan eta hamalau 6.ean. Esaterako, esparru politiko bakoitzeko bizpahiru hautagai daude: zentro-eskuineko eta ezkerreko hiruna, ekologista bi. Kandidatura abertzaleak ere hiru dira: EHBai, Amalur (EA eta Berdeak/Ekologistak) eta EAJ. Aukera asko, anitzegia akaso. Izan ere, bigarren itzulian parte hartzeko hautagaitza minoritarioen proportzioa murritza baita benetan.
Hiru barruti hauetako diputatuen aulkiak zentro-eskuineko eta PSko hautagaien artean jokatzen dira, funtsean. Honako hauek izan dira orain arteko diputatuak: Jean Lassalle (zentroa) 4. barrutian. Jean Grenet (PRV) 5.ean. Michelle Alliot-Marie (UMP) 6.ean. Azken biak, eskuineko notableak, alderdi ezberdinen pean. Lassalle, berriz, ez da alderdien (UDF edo MoDem) pean aurkezten oraingoan. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza Frantziako Legebiltzarrean zentro-eskuindarra izan da historikoki, alabaina, hiru hautagaiek ez dute egundaino aulkia horren kolokan izan. Hollande presidente berriaren aroan PSko hautagaiek diputatu izateko egundoko aukera dute. Hauek izaki hurrenez hurren: Frantxua Maitia (4.), Collette Capdevielle (5.) eta Sylviane Alaux (6.). Edonola ere, PSko hautagaiak nekez nagusituko dira lehen itzulian. Izatekotan, bigarren itzulian erabakiko dira diputatu berriak. Hirugarren tour de force ez ezik, laugarren baten beharra izanen da, antza denez.
Zentro-eskuin zabalaren aitzinean, are anitzago den ezker-ekologista-abertzaleen hautagaitzak ere badaude. Lehen itzulian ezein hautagaik ez du deus onik erraiten arerioen alde. Konparazione, EHBaik ez du Alliot-Marie berriz diputatu ikusi nahi, ezta Baionako auzapeza Grenet ere. Sinpatiak begi-bistakoak dira. Alta bada, zein dira PSko jarrerak LGV (Abiadura Handiko Trenbidea) eta Ipar Euskal Herriaren (Lurralde Elkargoa) instituzionaltzeari buruz? Bigarren itzulian sostengua, gai horien inguruko negozaizioen arabera ebatziko da zalantzarik gabe. Bistan da, boz abertzaleek (EHBai, Amalur eta EAJ) ez dute tokian tokiko PSko hautagaia sostengatuko. Hots, atxikimenduak anitzak dira, eta hautagaien nahikariak ezberdinak barrutitik barrutira. Azken buruan, bigarren itzulian herritarrek erabaki ohi dute molde libreagoan.
Zentro-eskuinaz harago –Front Nacional– eta Alderdi Sozialistaz honago –Nouveau Parti Anticapitaliste, Ekologistak, Lutte Ouvriere...– aukera abertzaleak daude. Hauek ere zatituta. EAJ eta EHBai bi aukera izatea normaltasunaren barnean ikusi behar da. Harridura gehiago sorrarazi du Amalur (EA eta Berdeak) hautagaitzaren aurkezpena, edo beste gisa batez erranik, EA ez izatea EHBain. Horri buruz bi irakurketa egin daitezke: bat, EAk iraganean Europako Ekologista/Berdeekin eraman duen ibilbide politikoari eutsi nahi eta behar izatea. Bi, Euskal Herrian bizi den aro politiko berria oraindik aski ondua ez izatea. Hots, ildo politiko abertzaleek bidean bat egiteko hainbat urrats eman behar dituzte oraindik ere.
Dena dela ere, EHBai da etorkizuneko aukera abertzale sendoena, koalizio abertzale eta ezkerrekoa. Anita Lopepe (4.), Laurence Hardouin (5.) eta Peio Etxeberri-Aintzart (6.) dira hautagiak. EHBairen aldarrikapen nagusia kanpainan Euskal Herriaren ezagupen instituzionala da, baita Amalur eta EAJrena ere, bidenabar esanda. EHBairen indarra 4. hautes-barrutian nabari da. Hautes-barruti horretan lortu izan dute abertzaleek bozen ehuneko handiena iraganean. Ordea, paradoxikoki, hautes-barruti horretan euskaldunek eta biarnesek bozkatzen dute. Zer nahi gisaz, lehen itzuliko emaitza neurgailu egokia izanen da hiru hautagaitza abertzaleen bozen indarra neurtzeko. EHBai jakitun da diputatu baten erdiesteko aukera murritza duela. Ororen buru, 2014ko herri eta kantonamenduetako bozak lantzen ari da EHBai. Lurralde Elkargoa zirt edo zarteko gaia izanen da orduan.
Anartean, PSko Frantxua Maitia euskalduna da 4. barrutiko hautagai sozialista. Jean Lassalle biarnes zentristarekin lehiatzen ari da diputatuaren kargurako. Abertzaleen jarrera –EHBairena bereziki– erabakigarria izan liteke bigarren itzulian. Berriz ere, abertzaleen eta sozialisten arteko “joko” historikoa gauzatuko da.
Iragan urteetan antzeko egoera bizi izan da Iparraldeko bozetan. Aurreko bake prozesuetan –Lizarra-Garazi edo Loiolakoak gogoan– boz kanpainak izan dira. Haietan, ezagupen instituzionalaren eta euskararen ofizialtasunaz gain, bake eta normalizazio prozesua laguntzea eskatu zuten abertzaleek. Oraingoan ere, Euskal Herria: aterabide demokratikoa orain aldarrikapena ozen zabaldu dute.
Abertzaleek lehen urrats gisara, preso politikoen hurbiltzea eskatzen dute. Abertzalek, eta ia-ia alderdi politiko guztiek, baina ez gisa berean, eta, betiere, kanpainan eskatu ere. Anartean, Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu ustezko etakideak atxilotu ditu polizia frantziarrak Landesetan. Antzekoak ere ezagutu ditugu aurreko hauteskunde kanpainetan. Kasualitatea? Kausalitatea?
Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!
Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]
Mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalak demokrazia minimalista baten itxura gero eta handiagoa du. Definizioaren muina litzateke hauteskunde bidezko gobernu aldaketak errespetatzen direla. Horren aldaera autoritarioari Levitsky eta Way politologoek autoritarismo... [+]
Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]
Palacio de Arozteguia promotorearen enkarguz, legez kanpo ekin zioten 2021ean Baztango Lekarozko lurretan ehunka haritz ebakitzeari. Herritarrek gelditzea lortu zuten, gorputza makinen aurrean jarrita eta lur horietan egunak eta gauak emanda. Ilegalki jardun zuen enpresak ez du... [+]
Zutabe hau idazten nengoela, gaia aldatu behar izan dut, nire arreta osoa harrapatu dutelako Trumpen muga-zergek. Azalpen gutxi beharko duzue, leku guztietan da berria, Txinako produktuei %10eko zerga eta Kanadako eta Mexikoko produktuei %25eko muga-zergak jarri dizkie. Trumpek... [+]
Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]
Danimarkako Vasagård aztarnategian 600dik gora harri grabatu aurkitu dituzte arkeologoek. Datazioen emaitzen arabera, duela 4.900 urtekoak dira, eta garai hartan Alaskan sumendi baten erupzio bortitza gertatu zela ere jakina da. Erupzio horren ondorioek Europa iparraldeko... [+]
Vietnam, 1965eko otsailaren 7a. AEBetako aire-armadak lehenengoz napalma erabili zuen biztanleria zibilaren kontra. Ez zen gasolina gelatinatsua erabiltzen zen lehen aldia. Bigarren Mundu Gerran hasi ziren bonbekin batera jaurtitzen eta, Vietnamen bertan, Indotxinako... [+]
Gurera ekarri dugu Achille Mbenbe politologo kamerundarraren "nekropolitika" terminoa. Heriotzaren prismatik begiratzen die herritartasunari eta botereari, eta argi uzten digu pertsona multzo batzuen biziak gutxietsiak, balio gabekoak eta beraz, lasai asko desagertu... [+]
Terolek barkamena eskatu du eman zuten "ikuskizun lotsagarriagatik", baina aitortu du bat egiten duela bertan esandako ideia "batzuekin".