argia.eus
INPRIMATU
Athletic

Jose Ignazio Ansorena 2012ko ekainaren 05a

Udaltzaina Madrilgo Cibeles Plazan dabilela, gizon dotorea hurreratu eta chulapo doinu nabarmenaz hizketan hasi zaio:

– Dihculpe agente. ¿Me podría uhté indicá ónde ehtá la Calle Alcalá?
Udaltzainak zehar begirada egin eta berehala erantzun dio:

– ¿Me quiere usted tomar el pelo? Un madrileño como usted, ¿no sabe que aquí mismo está la famosa Calle de Alcalá?

– Oiga, que yo soy de Bilbao.

– Ya ¿y ese acento?

– De vení a lah finaleh.

*   *   *

Neure gaztetan txiste hau kontatzen genuen Donostian bilbotarren panparroikeriaz barre egiteko. Ene jaioterrian, oroimena dudanetik, azaleko eta txantxetako erronkatxoa izan baita bilbotarrekin. Azken urteetan, baina, nago azaletik mamira, erronkatxotik gorrotora pasatzen ari ote den. Hainbat hedabidek eta politikarik horretarako laguntza emanda. Eta horren agerpenik garbiena futbolaren alorrean gertatzen da.

Agian futbolzale eta jarraitzaile ez naizelako, niri bilbotarren izateko manera hori –bada bizitza sozialean agertzeko bilbotar modu bat– gustatu egiten zait eta maiz inbiria ere ematen dit. Euskal Herriko antzeztokietan ibili garenok badakigu Bilboko eta Bizkaiko publikoak, oro har, askoz erantzun beroagoa ematen diola artistari esaterako Gipuzkoakoak baino. Eta ez tontoagoak direlako edo kriterio eskasagoa dutelako. Emozioak xalo-xalo agertzeko ez dutelako hainbesteko erreparurik baizik.

Horregatik ere, azken asteetan, Athleticen inguruan hainbeste festa eta zantzo gehiegizkoa ote zen kexua entzuten nuenean, niri Athleticen Eup! famatua oihukatzeko gogoa sortzen zitzaidan. Aitortu behar dugulako Athletic dela, Bizkaikoaz gainera, Euskal Herriko futbol taldea. Gipuzkoakoa Reala den bezala. Donostia ere mundu zabalaren ikuspegitik begiratuta, Bilboko auzo bat besterik ez da. Hori bai, auzorik ederrena.

*   *   *

Nire ezagun antibilbotar batek, hauen euskara ezagutza faltari iseka egiteko, zioen han Maitetxu mía zortzikoa euskaraz ari direlakoan abesten dutela. Horren harira komeni da aipatzea lehen mailako euskal futbol taldeen artean himnoa jatorriz euskaraz duen bakarra Athletic dela. Alavés eta Osasuna taldeek gaztelaniaz dituzte: Bravo equipo albiazul... eta El once de Osasuna, valiente y luchador... Realarena ez da erraza jakiten zein hizkuntzaz dagoen. Onenaz ere, sasi-euskaraz dagoela esan liteke.

Athleticen himnoaren historia aipagarria da. 1928an Feliziano Beobide musikari tolosarrak Altza gaztiak biribilketa eskaini zion klubari eta berehala zabaldu zen himno gisan. Gehiena Beobidek berak osatua bazen ere, bigarren atalean, herri doinua zelakoan, Jose Olaizola hernaniarrak 1904an Zarauzko Batzokiaren zabalpenerako asmatutako doinua jarri zuen: Eusko, euskotarrak gera ta maite degu aberria... 1936ko gerraondoan, agintari berriek berehala jo zuten begiz himnoa eta, txistulariek jotzen jarraitzen bazuten ere, ez zen abestea onartzen. 1950ean, Goyo Nadal bilbotarrak himno berri baterako gaztelaniazko hitzak jarri zituen: "Tiene Bilbao un gran tesoro que adora y mima con gran pasión, su club de fútbol de bella historia, lleno de gloria mil veces campeón. (...). Del fútbol eres rey, te llaman El león y la afición es ley del fútbol español”. Doinua Timoteo Urrengoetxea bermeotarrak sortu zuen. Esperanza Agirreri hauxe gustatzen zitzaion.

1982an, garai berriak zirela eta, Zuzendaritza Batzordeak athleticzale amorratua zen Karmelo Bernaola musikari otxandiotarrari eskatu zion himno berria prestatzea. Eta honek, kriterio onez, Beobidek eta Olaizolak sortutakoaren moldaketa egin zuen, ez besterik. Hitzak, ordea, Antton Zubikarai ondarrutarrak (Augustin idazlearen semea bera) jarri zituen.

Laburrean, Athleticen himnoaren doinuak bi gipuzkoarrek sortua da: Jose Olaizolak eta Feliziano Beobidek. Herri txikia gara eta. Eup!