EAEko Euskal Eskola Publikoaren jaia hilaren 10ean ospatuko dute Zarautzen. Aitzakia baliatuta, hezkuntza publikoaren osasunaz galdegin diogu Isabel Celaá Hezkuntza sailburuari, mahai gainean jarriz murrizketak, hiru eleko eredua, eskola mapa, irakasleen prestakuntza, hezkuntza sistemaren egonkortasuna…
Egiaz ze aukera dago Espainiako Gobernuak hezkuntzan iragarritako murrizketak eragozteko?
Benetako aukerak ditugula uste dugu guk. Laster helegiteak aurkeztuko ditugu Auzitegi Konstituzionalean, gure eskumenak hartzen dituzten neurri guztien kontra, eta neurri horiek indarrik gabe utziko ditugu. Lege dekretuaren neurrietako batzuk aukerakoak dira, erkidegoen esku, eta kontuan hartuz gure hezkuntza sistemak inguruko hainbat herrialdetakoak baino adierazle hobeak lortzen dituela –EBko batez bestekoak baino emaitza hobeak ditugu haurrak eskolatzen, eskola uzten duten gazte kopuruan…–, ez dugu inongo asmorik ondo bideratua dagoena aldatzeko. Eta hori aintzat hartuta sistema konplexua dela gurea, bi hizkuntza koofizial lantzen dituena –euskararen presentzia handiagoarekin, diglosi egoeragatik– eta ingelesari leku garrantzitsua egiten ari zaiona.
Dena den, Wert ministroaren aurretik dagoeneko murrizketak egitea leporatu zizueten sindikatuek. Adibidez, ikasle kopuruak gora egin arren irakasle gehiago ez hartzeagatik edo irakasleen bajak 6. egunera arte ez ordezkatzeagatik.
Hori ez da hala. Lehenik eta behin, igarotzen ari garen krisi larriaren jakitun gara eta neurri eraginkorrak hartu ditugu 2009tik, beti ere bi eremu babestuz: ikaslea, bera delako ikaskuntzaren muina eta helburua, eta profesionalen enplegua, profesionalen lana duina izateak asko hobetzen duelako irakaskuntzaren kalitatea. Lehen, eskatzen ziren ordezkapen guztiak onartzen ziren, araurik gabe, eta guk ordenatu egin genuen hori: Haur Hezkuntzan edo hezkuntza berezian, lehenengo egunetik ordezkatzen dira bajak; LHn hiru egunera; eta DBHn, bost egunera. Eta irakaslea ez dagoen egun horietan, ikastetxeko zerbitzuek konpentsatzen dute hutsunea. Frogatua dugu bizpahiru eguneko ordezkapenak ez direla eraginkorrak. Baina Espainiako Gobernuak nahi duen bezala ordezkapena 10 egunera atzeratzeak esan nahiko luke horri aurre egiteko langile gehiago beharko lituzketela ikastetxeek.
Irakasle eta ikasle ratioei dagokienez, ez da egia ikasle kopuruak gora egin arren ez dugunik inor kontratatu. Iaz 200 kontratu berri baino gehiago izan genituen, baina egia da ratio txikiak aurkitu genituela, oso ikasle gutxiko gelak, eta sistemaren eraginkortasuna handitu dugula, beti ere ratioa gainditu gabe.
Eskola kontzertatuetan handitu dira ratioak…
Hitzarmenen barruan, baina eskola kontzertatuak ratio zertxobait ezberdinekin ari ziren funtzionatzen, ratio txikiagoekin. Kalitate oso handiko eskola publikoa dugu, eta oso ondo aritu den eskola kontzertatu sare osagarria daukagu, ondo baino hobeto finantzatutako sarea, besteak beste derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo etapa ere finantzatzen delako hemen, Espainiako gainerako lurraldeetan ez bezala. Beraz, zilegi da baliabide gehiago eskatzea, niri gustatuko litzaidake hezkuntzarako askoz baliabide publiko gehiago izatea, buruan ditudan ideia guztiak gauzatzeko, baina gaur egun ditugun baliabideekin konpondu behar gara, eta nahiko ondo egiten dugula uste dut.
Zein da ikasgela bakoitzerako ikasle kopuru ideala, eta zein EAEn hitzartutako gehienezko ikasle/irakasle ratioa?
Inork ez daki zein den ratio ideala, esan dezakegun bakarra da sistema merkatu dezakegula ikasgelatan 40tik gora ikasle sartuta, baina hori ez da soluzioa. Hemen 25-30 ikasle arteko gelak ditugu, Estatuko ratioen azpitik. Baina ratio malguak dira, noski, 26 ikasle daudelako bi talde egitea adibidez xahutzea litzatekeelako eta xahutzea gorroto dut. Gure baliabideak arrazionalizatzeko gauza izan behar dugu.
Gai ekonomikoarekin bukatzeko, unibertsitate arloan Ikasle Kontseilua kexu da Bolonia sartu zenetik asko igo direlako matrikulen salneurriak.
Tira, kredituak lehen baino garestixeagoak dira, bai, baina kreditu gutxiago dago, beraz ikasle batek graduko titulazio baterako eta lizentziatura baterako ordaintzen dituen tasak berdinak izan daitezke, batzuetan.
Tasak eta prezio publikoak igotzeko, berriz, Unibertsitate Politikako Kontseilu Orokorraren akordioa behar da, baina Espainiako Gobernuak bere kabuz erabaki zuen erkidegoek %15-30 artean igo beharko dituztela unibertsitate tasak. Guk tasetan Kontsumorako Prezioen Indizea aplikatzen jarraituko dugu, eta horrekin batera ikertzen ari gara zenbat ordaintzen duen eta zenbat ordaindu beharko lukeen ikasleak, unibertsitateko ikasketen arabera.
Nola joan da hiru eleko ereduaren esperientzia pilotua? Zein dira ondorio nagusiak?
Erantzun aparta izaten ari da parte hartzen ari diren ikastetxeetan. Dakizunez, hizkuntza bakoitzari [euskara, gaztelania eta ingelesa] 20 orduko gutxienekoa eskaintzea du oinarri ereduak, baina horrek ez du kentzen hortik aurrera ikastetxe bakoitzak hizkuntza horietakoren bati besteei baino ordu gehiago eskaintzea, %60ra arte. Ingelesa sartu gabe, mundu globalizatu honetan desabantailan izango gara, ezingo dugu Europara atera.
Bai, %60ra arte eskaini dakioke hizkuntza bati, baina D eredua ere ez denean berme izan ikasle guztiak euskalduntzeko, eredu hau ez litzateke euskararentzat kalte izango? Hartzen da kontuan ikastetxearen testuingurua?
Inolaz ere ez da euskararentzako kalte, eta bai, hartzen da kontuan ikastetxearen testuingurua. Begira, esaten baldin badugu D ereduak ere ez duela euskalduntzen, esaten ariko ginateke euskarazko hezkuntzak ez duela zentzurik…
… Baina Eskola Kontseiluak esana da, B eta D ereduko ikasleak euskara gaitasun eskasekin ateratzen direla…
Eskola Kontseiluak bi urte baino ez ditu aintzat hartu. Aurrera doan ibilbidea da hau, eta denboran aurrera egin ahala hobetu egiten da hezkuntzaren kalitatea eta kopurua. D ereduan, 2002. urtean eskola amaitu zuen ikasleak –jaiotzez elebiduna ez dena, eta testuinguru erdaldunekoa– jakintza kopuru txikiagoa du 2010. urtean amaitu duen ikasleak baino. Zergatik? Euskara aurrera doalako, gizartean, eta eskolak ezin du dena egin euskalduntze prozesuan, baina eskola da gehien egiten ari dena. Esaten badugu D ereduak ez duela balio euskalduntzeko, orduan baztertu egin beharko genuke, eta hori izugarria da… eta gainera gezurra. Kontua da neurketa hori egiten zela 12 urteko ikasleekin, eta ikaslea oraindik ibilbidean dago, matematikak ere oraindik ez ditu guztiz barneratuta, eta ez dugu esaten matematikak ez dakizkienik.
Erabateko elebidunak gutxi daude historian eta bizitzan, bi eleetan guztiz murgilduta dauden komunitateetan baino ez da gertatzen: Belgikako, Holandako, Suitzako zati bat, Gipuzkoa… baina erabat-erabat elebidunak… Eskolak egiten duen ibilbidea egin daitekeen gorena da, baina LHko 4. mailan neurketa eginda, ezin du dena jakin oraindik. Batxilergoa bukatuta ere, erabateko elebiduna izango da guraso elebakarrak izanda? Ez, baina horretarako beste zerbait behar da, eta ari dira gauzak aldatzen, euskara gizartean ari da sartzen.
Eskolan euskaraz ikasi duen ikaslea, baldintza jakinak beteta, hizkuntza horren ezagutza bermatzeko agiriak aurkeztetik salbuetsiko duen dekretua onartu du Jaurlaritzak. Berriz ere, eskolatik ez badira denak euskaldunduta ateratzen, ez litzateke euskara maila frogatu beharko?
30 urte baino gehiagoren ostean bietako bat: edo esaten dugu euskarazko irakaskuntzak balio duela, edo ez duela balio. Guretzat balio du, neurtzen dugun bakoitzean ikusi dugulako kalitatezko irakaskuntza dela. Euskaraz emandako ikasgaien irakaskuntzak kalitate ezin hobea du eta beraz edozein gauza transmititzeko kalitatea du euskarazko irakaskuntzak, baita euskara bera irakasteko ere. Eta hori hala bada, 14 urtez hizkuntza horretan ikasi duenak nola ez du frogatua izango PL2 bat duela? Kontrakoa litzateke zera esatea: “Bai, egin dute, baina ez dugu sinesten”. Sistemak ziurtasuna eta bermea izan behar du.
Eskola mapari dagokionez, nola eragiten die gurasoei, haien seme-alabentzat nahi duten ikastetxea eta beraz hezkuntza proiektua hautatzeko aukerarik ez izatea?
Nire ustez lasai asko aukeratu dezakete, baina eskaintza-baldintzen barruan. Gurasoek ikastetxea askatasun osoz eta nahieran aukeratze hori Esperanza Aguirrek Madrilen egin berri duen proposamena da. Horrelako eskaerekin gertatu daitekeena da ikastetxe batek sartzeko ilara mugagabea izatea eta ondoko ikastetxea hutsik egotea, lehenengoa aktiboagoa delako, pizgarri jakinak dituelako… eta ez, eskaintza planifikatua beharrezkoa da (ikastetxetik gertu bizitzea, anai-arrebak hor eskolatuta egotea, errenta maila…); bestea desordena da. Beste gauza bat da irizpide bakoitzari ematen zaion lehentasuna, baina planifikazioa beharrezkoa da, eskaerara egokitutako eskaintza.
Baina proiektu pedagogiko autonomoa, kalitatezkoa eta bereizgarria egiteko ez al ditu desmotibatuko jakiteak ikasleak aliritzira etorriko zaizkiela (eta ez ikastetxearen proiektu pedagogikoagatik)?
Ikastetxeek euren hezkuntza proiektu autonomo eta bereizgarrian egiten dute lan, proiektu pedagogiko oso ezberdinak eskaintzen dituzte batzuek eta besteek, eta ez zaizkie ikasleak aliritzira etortzen; herri berean egonik, ikasle batzuek kontzertatu bat edo beste hautatzen dute, edo publikoa. Beste gauza bat da, oso ezberdina, kontzertatu batzuek diotenean eskaintza baino eskaera altuagoa dutela eta haur gehiago matrikulatu ahalko lituzketela. Baina sare guztietan profesionalak ari dira lanean eta zer egingo dugu, eskaera handiagoa duen ikastetxe bati eskaintza handitzea baimentzeagatik beste bateko profesionalak bota? Planifikazioa lau urterako egiten da eta arauak jarraitu behar dira.
Egungo curriculumean garrantzi handia ematen zaie gaitasunenei, baina teoriatik praktikara eramateko zailtasunak daude. Inbertitzen al da norabide horretan?
Bai, etengabe. Edukiak bakarrik ez, gauzak egiten irakasten dugu, trebeziak garatzen, baloreak irakasten… Besteen sufrimenduarekin enpatia garatzen, esaterako; terrorismoaren biktimenganako enpatia, besteak beste.
Horri dagokionez, Jaurlaritzatik sustaturiko bake eta bizikidetza planak aldaketarik izan al du ETAren amaierarekin? Babes handiagoa bilatu al da?
Erabateko babesa dauka, salbu ELA, LAB eta EILAS sindikatuena, tamalez. Sindikatu horiek ez dute sinatu, baina bai eskola publikoko zuzendariek, gurasoek, Baketik edo Bakeola bezalako erakundeek, patronal guztiek. Sindikatuek ikusiko dute zer egiten duten, baina gai hau funtsezkoa da gure herriarentzat, hainbeste urtetan gertatutako izugarrikeria berriz gerta ez dadin hezi behar ditugulako belaunaldi berriak.
Zein ildo jarraitzen du irakasleen prestakuntzak?
Trantsizio garaitik, euskal irakasleria positiboki bultzatua izan da autoikasketaren bidetik. Lehenengo euskararekin, lan handia izan zen irakasleen euskalduntzea –1985ean irakasleen %5a baino ez zen elebidun eta gaur egun %85a dago euskaldundua!–; eta orain teknologia berrien inplementazioarekin, hor dugu Eskola 2.0. Milaka irakasle prestatu ditugu eta hurrengo ikasturtea bukatzerako 80.000 ordenagailu banatuko ditugu LHko 5-6 eta DBHko 1-2 mailetan. Egin dugun ikerketaren arabera, Eskola 2.0ri esker ikasleen %96ak handitu egiten du ikasgaiarekiko duen arreta eta interesa. Eta azkenik, hiru eleko ereduarekin ingelesean jarri dugu indarra eta gutxi gorabehera irakasleriaren erdiak ingelesa daki.
Ordenagailuak banatu dituzuela aipatu duzu, baina azpiegiturak izan arren askotan ez al da falta teknologia berriak edukiz betetzea?
Eskola 2.0 martxan jarri genuenetik material berria eta berezkoa sortzen ari gara, deialdietara aurkeztu diren argitaletxe eta talde pedagogikoen bidez. Baina etorkizunean ezingo ditugu testu-liburuen doako mailegua eta Eskola 2.0, biak mantendu. Proiektu modernizatzailea antolatu behar da, liburu digitalen bidetik, eta argitaletxeekin harremanetan gaude horretarako.
Laster hauteskundeak izango ditugu. Ez al litzateke beharrezkoa izango beste herrialde batzuen gisan alderdien arteko gutxieneko akordioa hezkuntzan, gobernu berriek irakaskuntza eredua nahieran alda ez dezaten?
Hezkuntzan badugu akordioa, baina bizitzaren edozein arlotan beti joera daukagu, agian herrialde honetan beste batzuetan baino gehiago, botilaren zein zati dagoen huts, arreta hor jartzeko, azpimarratzeko, eta ez diogu beterik dagoen zatiari begiratzen. Euskal hezkuntza sistema da, beste edozeinekin konparatuta, dagoen sistemarik egonkorrena. Akordioetatik sortzen delako. Funtsean, partekatutako filosofia berean oinarritutako akordio inplizitua daukagu, eta hori da gure ondarerik handiena: denok nahi dugu hezkuntza sistema elebiduna, hezkuntza sistema ulerkorra 16 urtera arte (DBH 4 arte elkarrekin egon daitezela), 0-3 adina hezigarria eta asistentziala izatea, derrigorrezko hezkuntza ostekoa ere doakoa izatea…
Baina DBH 4ra arte elkarrekin egote hori aldatu nahi du Espainiako Gobernuak, DBHri urtebete jan eta Batxilergoari edo Lanbide Heziketari gehituz. Azken finean, Estatuko erabakiek eragiten diote hemengo hezkuntza sistemari, aipatu dituzun akordio horien gaindi.
Hala da. Batzuetan kanpoko faktoreek eragiten diote gureari, adibidez Rajoyren Gobernuak hezkuntza sistemaren egitura aldatu nahi izateak, gure ustez beharrezkoa ez dena. Zentzugabea da eskola uzten duten ikasle kopurua gutxitzeko Batxilergoan eskua sartzea, beste parametro batzuk dira.
EHUko errektoretzarako hauteskundeak irabazi ditu Bengoetxearen hautagaitzak, botoen %63,6 lortuta. Beste taldeak berriz, Eva Ferreirarenak, botoen %36,3 jaso du. Parte hartzea %21,9koa izan da eta gora egin du aurreko hauteaskundeekin alderatuta
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]
Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]
Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]
“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]
Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie.