Hau ateratzeko asteburuak ekitaldiz beteta eta ziur aski balizko koalizioez ere idatziko denez, laburbil dezagun: urtebete barru bere burua abertzaletzat daukan lehendakaria izango dugu mendebaldean. Jeltzalea edo soberanista, hauteskundeak nork irabazi eta kartak zelan jokatu. Herritarroi, begiratzea eta bozkatzea omen dagokigu. Eta bultza egitea, gatazkaren ondorioak gainditzeko. Batzuek maite dituztelako nahi dituzte etxean, baina maite ez dituztenek ere badakite auzi hori gabe ez dagoela ixterik. Edo itxita ere, ofizialki itxitzat emanda ere, automatikoki zabalik dela. Argiago zioen Ed Milibandek iazko urrian: gaiari heldu ezean, haserre eta bizitzarako perspektiba eskasekin zeuzkan ehunka militantek egoerari aurre egin beharko ziola zioen Europak . Ez da ohiko perspektiba, baina edonondik begiratuta ere, presoen gaia ondo itxi beharra nabarmentzen zuen britainiarrak.
Ulertzekoa da, neurri batean, hori guztia atzerarazteko Espainiaren estrategia, etsipena piztu nahia ere. Ilusioak independentismoa hauspotu duela ikusita bereziki. Eta, mahai hori itxita –deitu “teknikoa” edo “militarra”–, beste mahaia datorrela jakitun: gatazkaren beraren oinarriari, ez hainbeste hizkuntzak edo Erdi Aroko estatuak zilegitasun handiagoa ematen duen, XXI. mendeko Espainiaren baitan gauden baina geure burua naziotzat dugun bi lurraldek estatu osoari zilegitasuna kentzen diogula baizik. Eta horretarako galdetu beharra dauka, arrisku guztiekin: estatuaren baitan jarraitu nahi duzue ala bereizitako estatua sortu? Ikuspegi demokratikoa izatera, lehenak berebiziko indarra emango lioke Espainiari, mendetako itxitasuna apurtu eta naturaltasunez Europako testuinguru demokratikoan barneratzeko. Bigarrenak ere, bi nazio aberats “galtzearen” hasierako traumaren ondotik, on egingo lioke, dagoen horretan bere burua onartu eta aurrera egiteko.
Hortxe “bigarren mahai” horrek eztabaidatu beharrekoak. Jon Maiaren Gazta zati zat filman Angel Oiarbidek dioenez, “autodeterminazioa gai serioegia da alderdi politikoen esku uzteko”. Sekulako lezioa eman dute, Idiazabalen hasi eta Goierrin segi, Nazioen Mundua ekimenarekin. Ezberdinak elkartu eta aurreiritzirik gabe eztabaidatu, akordioak lortu eta oinarrizkoaren alde egiteko: geuk erabaki nahi dugu, hala dagokigu. Gauzatu behar dugu eskubide hori, urteotako drama hau amaitu eta behingoz lasai bizitzeko. Nazioen Mundu horretara bildu behar dugu.