Azken garaipena. Iban Zaldua eta Julen Ribas.
Ikastolen Elkartea (2011)
48 orrialde, koloretan. 24 x 32 zentimetro. 12 euro.
Azken garaipena “komiki bat” dela esan zuen Iban Zaldua idazleak liburuaren aurkezpenean, ez dela “nobela grafiko bat”, kontzeptu hori marketin asmakizun hutsa dela. Soilik horregatik nire errespetua irabazia zuen Zalduak. Komikia irakurri gabe, ordea, bi egileak “hasiberriak” direla aintzat hartuta, barrabaskeria litzateke hura epaitzea. Irakurri dut azkenean. Benetan txukuna iruditu zait, gidoiagatik zein Julen Ribasen ilustrazioengatik.
Euskarazko komikigintzak izugarri zor dion Xabiroi aldizkariaren fruitu da Azken garaipena, Argian noiz edo noiz hizpide izan dugun Dani Fanoren TeleATOI: Kalabaza Haluzinogenoak bezala.
Umore ukitu handiagoa zuen beste obra horren moduan, abenturazko komikia da esku artean daukaguna ere, zientzia fikzioa eta misterio poliziakoa ederki uztartzen dituena. Eta, generoak eskatzen duen moduan, fundamentuzko formatuan argitaratu dute, neurri apropos eta azal gogorrarekin, Asterix eta Tintin-en komikien gisan. Lan honek, ordea, zorionez istorio korapilatsuagoa aurkezten digu, helduagoa, nolabait definitzearren. 2052. urtean kokatua, naziek –Bigarren Mundu Gerraren irabazleek– kontrolatutako Germaniako hiriburuan lan egiten duen Sigrid Frisch tenientea du istorioak protagonista. Sabelean zilborra (!) duen hildako bat, SSko agenteak, iragana alda dezaketen umeak, insurgentzia... Osagai guztiei zentzua ematen die bukaera zirraragarri batek