Ofizioz harakina eta afizioz historialaria da. Elizondoko alkate izan zen 1977an eta Baztango bailarako batzarkide ere bai. Bertoko mendien jabetza arakatuz hurbildu zen historiara. Nafarroako konkistari loturiko makina bat liburu eta artikulu idatzi ditu, horietako askotan gogor egiten du Nafarroako Gobernuak landu izan duen ildo ofizialaren kontra. Nabarralde eta 1512-2012 Nafarroa Bizirik elkarteen bidez ezagutarazi ditu bere iritziak.
2001 urtean mugarri bat jarri zuen Pedro Esartek Nafarroako konkistaren historiografian. Pamiela argitaletxearen eskutik Navarra, 1512-1530. Conquista, ocupación y somentimiento militar, civil y eclesiástico izeneko liburua eman zuen argitara. 900 orrialde eta 2.641 oin-ohar osagarri dituen lan mardula da. Boissonnadek XIX. mendean bere kronika idatzi zuenetik, zaila da ikerlan sakonagorik aurkitzea gai horren inguruan.
Esartek ekarpen berezia egiten du Navarra, 1512-1530-rekin. Normalean historialarientzat bigarren mailako izan diren artxiboko dokumentuak ikertu ditu hogei urtez, eta batez ere, notaritza-protokoloetatik edan du. Modu horretan, Nafarroako herritar soilen testigantzak eta iritziak jasotzea lortu du, konkista jasan zuten protagonistena alegia. Auzi, eskaera, salaketa, kontratu eta bestelako dokumentazioen bidez, liburuak erakusten du Nafarroa konkistatua eta menperatua izan zela, eta nafarren erresistentzia eta jasandako errepresioari tamaina hartzeko balio du.
2011n Pamielak jatorriko liburuaren 204 orrialdeko laburpen bat publikatu zuen, Breve historia de la invasión de Navarra, Aitor Pescador historialariak atondua. Pescadorren esanetan, 2001eko liburua “urrezko zain bat” da, dakarren informazio mordoagatik eta, batez ere, “nafarrek ikusiriko konkista, nafarrek sufritutakoa” kontatzen duelako. Segidako testua Navarra 1512-1530 liburutik hartu da.
“Beaumontarren eta agramontarren arteko barne borrokak aitzakiatzat hartuz edo estatu modernoen osaketan zegoen egoera aipatuz, Nafarroak independentzia galdu izana zuritu nahi izatea, gertaera haiek desitxuratzen dituzten arrazoiak ematea da; mundua menderatu nahi izan zuen monarkia inperialak, baita bere tropek, zaleek eta kolaboratzaileek buruturiko desmasia, krimen eta espoliazioen aurrean erasotzaile zuzen gisa zuten erantzukizuna desegitea dute helburu. (…)
Nafarrak, inposatu zitzaien zamaren kontra matxinatuko zirenaren errezelo eta susmoa mantendu zen. Tristea da ikustea, Nafarroako erreinuko berezkoak zirenak, ez zituztela nafar gisa hartu obedientzia eta morrontza zin egin arte.
Monarkia inperialarentzat sekula ez zen existitu asimilatu gabeko nafarrik. Hori egiteko, ez zen nahikoa izan leialtasuna eta obedientzia zin egitea, auto-erruduntasuna eta barkamena modu indibidualean eskatzea ere exijitu zitzaien”