Baionatik Bilbora bide egin zuten iazko abenduan eta gure kantagintzaren emanaldia eskaini zuten Euskalduna Jauregian. Aurten, martxoan, beste agerraldi bat egin zuten Donostiako Kursaalean. Ekainaren 16an, bestalde, Euskal Herriko Kantu Txapelketa jokatuko da Donostian. Kantagintzaren bidea urratu duten kantari eta kantazale horietako batzuengana bide egin dugu. Eleak, doinuak eta pasadizoak dakarzkigu.
Anje Dudalde, Pier Paul Berzaitz, Niko Etxart, Maddi Oihenart, Jojo Bordagarai, Maialen Errotabehere... Lapurdi, Zuberoa eta Baxenabarreko hiru belaunaldiko kantariak. Ipar Euskal Herriko 40 urteko kantagintzako eredu edo lagina. Anitz baitira kantariak, anitz kantazaleak. Konparazione: Marie-Agnès Gorostiague eta Jone Barneix, Irulegi Irratiko esatariak eta Euskal Kantu Txapelketako sustatzaileak. Eurengana guztiengana hurbildu gara, baita luzaz mintzatu ere kantagintzari buruz. Hona, solasaldian eskaini dizkiguten ele, doinu eta irudi frankoetatik argazki bat.
“Aitak ez zuen bozik. Amaren aldetikoek bai. Ama Altzürükütik jina zen Muskildira. Familian kantariak ziren denak, orain ere bai. Amaren aitonetako bat Irlandatik heldu zen, akordeoi diatoniko batekin heldu ere. Amak bere aitak ere jotzen zuela erraten du, hamabi haur ziren...”. Pier Paul Berzaitzen hitzak dira. “Muskildiko San Antonio ermitan beilak izaten ziren, manexak ziren dominanteak kantuak ematean. Larzabale, Donibane-Garazi edo Hazparnetik jinak ziren, ez aski zuberotarrak nagusitzeko alabaina”.
Maddi Oihenarten mintzoa hauxe: “Gure etxean aita-ama entzun ditugu kantuz, sortu aitzin jada sentitzen omen da kantua. Baina etxeko irratitik frantsesezko kantuak entzuten genituen. Barkoxen ez zen besterik. France Inter, Montecarlo... Brassens, Brel, Barbara... Kantu anglosaxoiak ere, baina aise gutxiago”.
Niko Etxart bizpahiru urterekin heldu zen Parisera. Oporretan etortzen zen Zuberoara: “Azken bakantzetan jin ginelarik –anaia Jean eta lehengusuak– Etxahun Iruri, Kopen eta Garat Arhan ziren azken txirulariak. Pette Etxekoparrek eta Jean Mixel Bedaxagarrek guk txirula jo eta kantuz konplexurik gabe egiten genituela diote...”. Etxartar gazteak, euskal kantaren eragile berriak izan ziren.
Frantsesa sukaldeetan sartzen zen bala-bala irratien bidez. Mendietan berriz, Belatxa kantaren azken hotsa entzuten zen doi-doi: “Belatxa hegaztiaren hegaldia adierazten du doinu horrek, ez dauka hitzik. Belatxak –zerutik hegaz– behealdea nola behatzen duen transmititzen du. Gilen Epherrek Altzürükün eman ohi zuen. Metafora polita da. Belatxa pertsona da, oiloak edota txitak begiratzen ditu”, diosku Berzaitzek.
Etxart eta Oihenartek diotenez, egun Etxekopar, Bedaxagar eta Axiari musikariek beren maneran abesten dute Belatxa: “Mirakulua duzu. Mirakulua ere, oro har, kantuak iraganetik egundaino ekartzeko egin den ahalegina. Orduan kantari asko zegoen, ahotsak sekulakoak ziren, ederrak, indartsuak... Elkartasunean eta elkarrekin bizitzeko harremana lantzen zuten kantuaren bidez, eta hori ari da aldatzen egun”.
Antzina –diote biek– pertsonak ingurumenean parte-hartzen zuen eta ingurumenak hartzen zuen pertsona. Horrek sortu du pertsonaren nolakoa, pertsona ingurumenarekin sortzen baita. Lehen jendea kanpoan ari zen kantan, zabalki, plazan, egun aldiz mikrofonoz. Kanta ez da modu berean lantzen. Horrek aldatu du kantua.
Zuberoan hartaz –mendigoietan–, goragotik kantatzen da Lapurdin baino. Tradizioak ere badu eragina. Kostaldean azken moda nagusitzen da, Zuberoan –Biarnon eta Baxenabarren ere– kantak badu zentzu mistiko bat, ingurumenak biziagotua, lurrari lotua. Dantzarekin berdin, edonork ez du zuberotar dantzan egiten. Zuberoak gorde du dimentsio mistiko hori: “Ene aitak [Dominika Etxartek] ez zekin abotsa kontrolatzen, beti potenteki abesten zuen, eta halako anitz dituzu” dio Etxartek.
Berzaitzek Muskildiko eskolaldia uros iragan zuen. Gaztetan Maulera joan zen. Zaila izan zen hasiera. “Zokoratua nintzen pixka bat, sentimendu bat da, ene pertzepzioa... Agian ez zen horrela”. Muskildi, Atharratze edota Larraineko gazteek Mauleko burgesiaren giroa ezagutu zuten: “Bai aurpegiz bai izatez, diferenteak ginen, Mauleko burgesia hori frantsestua zen arras. Gutaz trufatzen ziren, geure mintzatzeko maneraz. Egun berriz, garaipen pertsonal gisako bat sentitzen dut. Gure musika ‘erosten’ dute, errekonozimendu gisakoa da, orduan frustrazio handia zen-eta”.
Hazpandar txistulari batek argitu zion bidea Berzaitzi. Hark etxeko abesti zenbait ematen zuen, berak The Beatles behatzen zuen. Euskaraz mintzo zen, eta musika eta abestiak euskaraz egiten zituen: “Espiritua zabaldu zidan. Frustrazioa minik handienetarik bat zela erran zidan, euskaldunok biziki pairatu duguna, kasu egin behar nuela. Euskaldunok hiru aukera genituela zioen: armak hartzea, Parisera joatea –frantsesa bihurtuz– edo hirugarrena, ikasi eta borrokatzea. Borrokatu laborantzan, enpresan, kulturaren esparruan... Kontzientzia ireki zidan”. Handik lekora Beñat Sarasola eta Joanes Borda ezagutu zituen, haiek ere frustrazioa bera bizia zuten. Meza euskaraz eman nahi zutelako apaizgotik bota zituzten. “Beñatek Urdiñarbeko bestetara eraman ninduen: Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Jose Angel Irigarai... kantuz entzun nituen”.
18 urterekin joan zen Arrasatera lehen aldiz. Kantaldia izugarria izan zen. Ukituta eta hunkituta geratu zen. Baita Villabonara joan ere, eta beldurtu. Gurasoek ez joateko esaten zioten. 1970eko urtealdia zen: “Gazteak euskaraz mintzo ziren, ez nuen holakorik zegoela inoiz pentsatu. Hori da nire bidea, nire mundua, pentsatu nuen”.
“Gure familia ez zen abertzalea, euskaraz mintzo ginen etxean, baina ez arrazoi ideologikoengatik. Nik abertzaletasuna 16 urtetan ezagutu nuen, Euskal Etxean, Hegoaldeko errefuxiatuei esker. Jauzi handia izan zen. Soroak taldearen eragina ukan nuen. Soroak-en kantuak ederragoak atzematen nituen Michel Labeguerieren kantuak baino” gogoratu du Etxartek. “Pentsa, nik Labeguerie –segitzen du Oihenartek– anitzez berantago ezagutu nuen, eta Soroak ere bai; Robles familia. Iker eta Ugutz Labeguerie baino lehenago hasi ziren kantuan”.
Ugutz Roblesek kontatzen ohi du, Soroak taldeak kontzertu bat eman zuela Itsasun eta Labegueriek “hori da nik egin nahi dudan kantu moldea” zioela. “Prefosta, Labeguerie politikari eta kultur eragile handia zen orduan, eta kantuaren argizale bilakatu zen”.
Orduantxe, Etxart, 17 urterekin, hasi zen rockaren munduan, Parisko 80.000 laguneko auzoan arrakasta bildu zuen, harrokeriarik gabe diosku: “Egia, oso ezaguna nintzen, aitak ez zuen maite ene ibilmoldea. Artisten kartierra zen, ene eskolako lagunen gurasoak luthierrak, pintoreak edo aktoreak ziren. Frantses kantari izateko xantza eman zidaten, ostiral guztietan txanpaina klikatzen genuen [irriz]. Alabaina Altzürükün hurrupatu nuen egun defendatzen dudan euskal kantagintza tradizionala. 21 urterekin itzuli ginen Zuberoara”.
Oihenart da mintzo: “Ni aldiz oso gutxi ibili naiz kantuz, berant plazaratu nintzen. Atharratzeko ostatuan biltzen ginen lagunak, dantzaldietara joaten ginen, soinu zale. Kantuz hasi eta gaua pasatzen genuen inor ikusi gabe. Bi urtez aritu, eta gero etxean geratu nintzen, etxeko lanetan, hamabost urte eman nituen kantuz ari izan gabe”. Oihenarten aburuz, kanta berria sortuko da. Baina herrialde edo eskualde bakoitzak bere nortasuna dauka, eta kantaren berezkotasuna galtzen ari da: “Noski, pertsonek beti kantatuko dute manera batez edo bestez, baina kanpoko kulturen influentzia gero eta azkarragoa da, gero eta handiagoa. Nola atxikiko dugu Zuberoako identitatea?”.
Gabadikoa da (Baxenabarre) Jojo Bordagarai, aita Pagolakoa (Zuberoa) zuen ordea: Alexandre. Arotza zen, ferratzailea. Etxean beti kantuz ari ziren, apairuetan, ezteietan... Lehen agerraldi publikoa 10 urterekin egin zuen Bernadette arrebarekin. Niko Etxart, Benito Lertxundi, Peio eta Pantxoa... izan zituen begiko: “Labeguerie ez nuen ezagutu, baina haren Txorieri mintzo zen kantuak biziki pentsarazi dit betidanik. Kantaria arbol baten gainean, buru xoro ezti bat. Labegueriek euskal kanta modernizatu zuen, gitarrarekin kantuz aritzea iraultza izan zen; frankismo garaia zen. Ni ere Hegoaldera joan izan naiz, baina bekan. ETAko kide baten aldeko kantaldian kantatu nuen behin-edo. Guardia Zibila etorri zen. Gure kulturari azkarki atxiki nintzaion harrez gero”.
Bordagaraik garai beltza ezagutu zuen. “Ohartu nintzen Euskal Herriak zapalketa gaitza bizi zuela kulturalki: hizkuntzaren aldetik, lurraren aldetik... Bi estatuek egin diguten ebasketa izugarria sufritu nuen. Hasarretu eta ene baitan zerratua bizi izan nintzen, frustratua... Euskarari eta kantatzeari esker egin nuen aitzina: Euskara eta kito, nioen. Berantago, euskarazko testuak lantzean, kantari frantsesen testuak ere aztertu ditut, eta errebelazioa izan zen. Brassens, Brel, Ferrat edo Renauden testuak izugarriak direla ohartu nintzen. Horrek erakutsi dit kultura guztiek merezi dutela bizitzea, elkarrekin bizi daitezkeela, baina batak bestea zanpatu gabe”. Euskara irakaslea da eta kanta erabili ohi du irakasteko. Ikasleak ez dira gai luzaz mintzatzeko, baina kantuaren abantaila da, antzerkia bezala, gogoz ikasten ahal dutela, lehenik ahoan gozatuz. Bere ustez, hitzak errepikatuz gogoa gauzatzen da: “Lehen jendeak gehiago kantatzen zuen ostatuetan. Hizkuntzaren erabilera apaldu den ahala kantua tipitu da. Baina kanta ez da sekula hilen, birmoldatzen ari da. Baiona eta Garazi Kantuz ekimenak horren lekuko. Txori guztiek badute kantatzeko ahala, bakoitzak bere maneran. Rockeroek, folk eta rap kantariek, eta abesbatzakoek berena, baina denok badugu leku bat. Gogotik aritzea da gakoa, ezin zaio inori estilo bat inposatu. Bertze belaunaldiak heldu dira eta beste estiloekin interesatzen dira, baina kantua sentitzen baldin badute, kantuaren tirria, euskaraz bada, euskal kanta izanen da. Peio Ospitalek erran zidan iaz, 80 euskal disko atera zirela Durangoko Azokan, estilo eta joera guztietakoak”.
Anje Duhalde arrangoiztarraren iritziz Labeguerie urrats inportantea izan zen, baina kantagintzaren oinarriak etxean izan dituzte kantariek, herrian alegia: “Ni kantuz inguraturik hezi naiz, aita eta osabei izugarri gustatzen zitzaien kantatzea, ez zen apairurik kantan egin gabe. Labeguerie eta ene aita lagunak ziren, eskolan elkarrekin ibilitakoak. Esaten da estilo bat asmatu zuela, baina ez dut uste. Gure kantagintzaren estiloan Brassens, Brel edota Leo Ferrek eragin zuten bereziki, besteak beste”.
Lete, Laboa, Lertxundi... Ez dok Amairukoen aroa zen Maialen Errotabehere hazpandarra sortu zelarik: “Ni sortu naiz horiek kantuz ari zirelarik. Kantari horiek entzun ditut tipitik, baina nik ez nuen giro hori ezagutu. Niretzat kantu garaikideak ziren jada, alegia, giro normala zen. Anjeren kantuetatik beste estilo bat ere jaso dut, baina euskal estiloa ‘finkatua’ zen jada. Ezpela taldean egin dut kantuaren ezagutza, koro batean. Etxean bagenuen ere kantatzeko ohitura, ez genuen egunik pasatzen kantuz aritu gabe”.
1970 urtea zen. Burgosko auziaren kariaz manifestazio handiak izan ziren Baionan. “Iheslari asko ziren, bizitzeko beste kultura bat zuten, horrek kontzientzia aldaketa ekarri zuen gure artean. Ordurako euskalduna nintzen, baina ez zen arras errotua nire baitan, kontzientzia politikoa batez ere garai hartan hartu nuen” diosku Duhaldek.
Daniel Landart ezagutzeko xantza ukan zuten. Landartek bideratu zituen bera eta Mixel Ducau: “Nire belaunaldikoak orduan hasi ginen jabetzen Euskadi hitzaz, eta orduan ez zegoen Euskal Herria eta Euskadiren artean kontraesanik”. Behinola Donibane Garaziko Vauban zineman, Etxamendi eta Larralderen ondoren, haiek igo ziren eszenategira. Bateria, gitarra eta baxua zekartzaten: “Izugarria zen, baina urratsa eman behar zen, Manex Pagolak lagundu gintuen. Hirugarren kantuan 40 urtetik gorakoek utzi zuten aretoa. ‘Hori ez duk gure musika’ zioten. Gaztea(goa)k geratu ziren, noski”.
Handik bi urtera, Errobiren arrakasta itzela izan zen: “Hitzek musikaren estiloa baldintzatzen dute, edo gure kasuan hala izan zen. Nire musika kontzeptuan ez dira sartzen musika ederra eta hitzak soilik. Biak batera doaz, edo bestela ez dago kanturik”. Solaskideen aburuz, gure kanta bizi liteke euskararik gabe, baina kantaren sorkuntza ez. “Hori bai dagoela zalantzan eta arriskuan”. Ez dute onartzen euskal kanta euskararik gabe, funtsezko kontraesana dela diote, kontraesanezko mundu batean bizi gara, ordea. Hartaz, kantariek eginahal guztia egin behar dute euskara bizirik atxikitzeko. Errotabehereren eleak dira hauek: “Nik nahi nuke Hegoaldera gehiago joan kantatzera, baina gure belaunaldia ez da Anjerena bezala ari, gazteagoekin ez da loturarik atxiki. Gu ez gara joaten, ez bada aurreko belaunaldikoekin batera. Gazteago garenok zailtasunak ditugu Hegoaldera joateko”.
70eko hamarkada izugarria izan zen zentzu askotan, Europan nahiz Euskal Herrian. Diktaduraren ondorengo garaia zen, borroka armatu eta errepresio bortitza. Duhalderena garai mitikoa izan zen, Euskal Herrian gauza asko gertatu zen, sozialki eta politikoki. Estilo bat markatu zuen aroa izan zen: “Gizartean bestelako sentsibilitatea zegoen ni kantatzen hasi nintzenean. Hegoaldean batzuetan bi ordu aurreratu behar izaten zen kantaldia guardia zibilak etorriko ziren beldur. Horrek publikoaren jarrera aldatzen du, bistan da”. Errotabeherek hartu du hitza.“Hori batetik, eta bestetik, gu sortu gara irrati, telebista eta Internetekin. Etxekoen eragina tipiagoa da, guk eragina ukan dugu zuzenki kanpotik, zuek baino azkarrago, estilo askoren influentzia ukan dugu. Guk globalizazioaren eta kultur nahastearen eragin izugarria bizi dugu. Anjeren garaian gauza berriak egin ziren, baina orain zer egiten da berri? Orain ez da hainbeste sortzen, gauza batzuk, baina gutxi”. Errobi taldeak, adibidez, diskoak eta kaseteak publiko mugatu batentzat egin zituen: “Egun dena dator arrapaladan, orduan ere bai, baina guk ez genuen gaur egungo geruza mediatikoaren eragina bizi. Orduko hedabideen eragina ez zen egungoen adinakoa” diote bi-biek.
Irulegi Irratiko esatariek –Gorostiaguek eta Barneixek– seinalatu ziguten bidea, eta ororen buru, euren eleentzat leku eskas geratu zaigu. Solaskide guztiek laudatu dute joan deneko 30 urteetan Euskal Irratiek euskal kanten zabaltzeko egin duten lana, baita Euskal Kantu Txapelketaren garrantzia azpimarratu ere. Kazetari biek Michel Labeguerieren Gu Gira Euzkadiko, Etxamendi eta Larralderen Joseba Elosegi, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kanten doinuak oroitarazi dizkigute, besteak beste. Imanol Kantuz ekitaldiaren arrakasta ere azpimarratu dute. Eta, oroz gainetik, Erramun Martikorena. Gure lurretik azken diskoak denbora ganditzen baitu: “Gure lurretik tituluak berak dena erraten du. Euskal Herrikoa dela, lurrari atxikia, xumeki. Kantu herrikoiak dira, gure bertsoak kantatzen ditu, garai bateko laborantzaren eta harat-honat ibilitako euskaldunen istorioak... bere xokotik”.
Euskal Kantu Txapelketa (EKT) Euskal Herri osoko ekimena da. Lehen ekitaldiak 1970eko hamarkadan izan ziren. Erramun Martikorena orduan “plazaratu” zen, Larzabalen (Baxenabarren). Benito Lertxundik berak ere parte hartu zuen. Eñaut Larralde (zendu berria), Daniel Landart edota Maite Idirin ditugu kudeatzaile izandako batzuk; Niko Etxart eta Anje Duhalde epaimahaikideak izan dira, besteak beste. Jojo Bordagarai, Maddi Oihenart eta Maialen Errotabehere txapelketako “emariak” ditugu halaber.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak Euskal Herri osoko kantazaleak biltzen ditu egun. Marie-Agnès Gorostiague eta Jone Barneix txapelketaren arduradun nagusiak dira Iparraldean: “Bi saioak bereiziak dira: haurren txapelketa bi urtetarik behin egiten da, helduena, berriz, lau urtetarik behin. Aurten, Txapelketa Nagusia ekainaren 16an izanen da, Donostian. Bi sailetan banatuta: kantu tradizionala –edo herrikoia– eta sorkuntza”. Adibiderako: haurren txapelketan 600 haur inguru ari izaten dira.
1985ean Irigoien anaiak, Jojo Bordagarai, Patxi Saiz, Magali Zubillaga edota Maddi Oihenart ezagutarazi ziren. Gorabeherak izan dira bere historian. 1987an Eihelarren izan zen finala. Irigoien anaiek irabazi zuten kanta berri batekin: ”Gorka Knörr epaileak gure kantua ezin sailkatua zela erran zigun. Batista Sobiet ene kantu laguna oso haserre atera zen, eta ni ere” diosku Oihenartek. “Eta horregatik arauak aldatu ziren, beti kantu tradizionala gelditzen zen galtzaile, kantu berriari ematen zioten lehentasuna, gitarrak lagundurik” dio Etxartek. Lehiak polemika sortzen du. Irigoien anaien kantuak laborarien ingurukoak ziren, aldarrikatzaileak, politikoak. Oihenart eta Sobietenak, aldiz, XIII. mendekoak. Kanta zaharra eta modernoa batera epaitzea ez zen bidezkoa, eta aldatu da: “Alta, oraindik ere kantu berritzaileari ematen zaio garrantzi handiagoa” gehitu du Oihenartek.
Errotabeherek hauxe dio: “Ni saritua izanik, astebeteko ikastaldia egin nuen Izuran. Berrogei bat musikari inguru ginen, kantuaren teknika eta musika idazten ikasteko, tauletan trebatzeko. Bururatzean emanaldi bat egin genuen. Horrek interesa eta nahia sortzen dizkizu, artista eta sortzaile izaera garatzeko grina”.
Duhaldek honela ezagutu zuen EKT: “Akelarre taldean aritu ondoren, Larraldek deitu zidan. Txapelketa gauza bitxia iruditu zitzaidan, ez nuen ikusten zer ondorio ekar zezakeen. Noski, euskaldunok jokoa eta lehia maite ditugu, txapelketak. Epaile gisa segitu izan nituen pauso guztiak, kantariak nola prestatzen ziren... Zirrara izugarria sentitu nuen. A capella abesten zen nagusiki, laguntza gutxirekin. Oso gauza akustikoak ziren, pianoa ere tarteko batzuetan. Txapelketak guraso eta senideen artean ilusio izugarria sortzen zuela ikusi nuen. Hegoaldera zabaldu zen gero. Maialen bera hortik atera da. Lehen urrats bat da, gero musika munduan bide egiteko”.
Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]
Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]
Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]
Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.
Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]
95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.