argia.eus
INPRIMATU
Kalea okupatu

Juan Mari Arregi 2012ko maiatzaren 22a
Bilbon murrizketen aurka eginiko manifestazioa.
Bilbon murrizketen aurka eginiko manifestazioa.

Bere kudeatzaile politikoen –txandakako gobernu autonomiko eta zentralak– eta bozeramaile mediatikoen bidez hitz egiten duen kapitalismoak, beldur die mobilizazio herrikoiei, grebei, manifestazioei, kontzentrazioei, kanpaldiei eta herri-batzarrei. Horregatik, herri sektoreek eta langileek kalea okupatzea nola eragotzi eta galarazi aurkitu nahian ari dira. Debekatzen ez dituztenean, manifestazioa, batzarra edo kanpaldia egiteko denbora-muga legalak murrizten dituzte eta bertan parte hartzen ari direnak atxilotu. Kalea, kapitalismoarentzat eta honen kudeatzaileentzat, eurena da, eta euren baldintza eta irizpideak inposatu nahi dituzte. Egoera horren aurrean, herri sektoreek eta langileek kalea modu iraunkorrean okupatu beharko lukete, kapitalismoaren basakeria eta bere kudeatzaileen (gobernuak) kolaborazio politikoa salatzeko, baita elkartasunean oinarrituriko beste alternatibak diseinatzeko ere.

Ongi etorria egin behar diegu Euskal Herriko gizarte kolektiboek martxan jarri dituzten mobilizazioei, kapitalismo finantzarioak berak sorturiko krisiak eragin duen murrizketa sozialen kontra ari baitira. Bada dirua bankuak kiebratik, gestio txarretik, lukurreria espekulatibotik salbatzeko, baina ez osasungintzarako, hezkuntzarako, menpekotasunari aurre egiteko, edo enplegu duina sortzeko. Joan den asteburuan eta datorrenean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak milaka lagunek okupatu dituzte –eta okupatuko dituzte–, 50 talde sozialek eta sindikatu abertzaleek deituta. Gizarte zerbitzuetan, lan arloan eta soldatetan egin diren murrizketak salatzea dute helburu. Murrizketa horiek epaitegietara eramango dituztela zinikoki dioten administrazio publikoen kontra ere mobilizatuko dira. Administrazio hauek, gutxienez, “foru-baimena” erabili beharko lukete eta murrizketak ez aplikatu. Zinismoz eta hipokrisiaz aritzen diren bitartean, kalea okupatzea eskubidea eta betebeharra izango da