argia.eus
INPRIMATU
Hik Hasik Hazi Hezi
Joxe Mari Auzmendi 2012ko maiatzaren 23a

Sortu da Hazi Hezi, etxekoentzako heziketa aldizkaria. Etxea era zabalean ulertuta, komunitate osoa hartzen duela: gurasoak, aitona-amonak, izebak, osabak, zaintzaileak...

Duela hamazazpi urte, haurraren eta gaztearen heziketan lagun zezakeen tresna bat sortu zuen irakasle talde batek: Hik Hasi aldizkaria. Baina, irakasleen premia hori asetzen hastean, agerian gelditu ziren etxeko heziketaren premiak: etxeko heziketak eskolakoarekin batera joan behar zuela, eskolako heziketak etxekoa osatu behar zuela, biek norabide berean joan behar zutela... Horretarako, etxerako beste tresna bat sortu behar zela ikusi zen.

Urte horietan guztietan, hemengo eta kanpoko hainbat ikerketek eta errealitateek zera erakutsi digute: etxea eta eskola elkarrekin ari direnean emaitzak askoz ere hobeak direla, arlo guztietan. Izan ere, eskola eta familia helburu bera duten bi instituzio dira. Haurraren edo gaztearen garapen integrala da bien helburua: garapen fisikoa, kognitiboa, psikikoa, emozionala, soziala… Azken finean, haurra eta gaztea ongi sentitzea, bai beren buruarekin eta bai jendartean, hau da, zoriontsu izatea.

Aldaketa handiak izan ditugu denbora gutxian, arlo guztietan, bizitzeko abiadan batez ere. Horrek, aldaketa handiak ekarri dizkiete jendartea eta familia ulertzeko moduari, harremanei, irakasteko erari... Horregatik, eredu berriak behar dira, eta jende sortzailea eta aldaketaren aurrean irizpideak, iritzi propioak izango dituena, kontzientziaren arabera jokatuko duen... Jada, ez da nahikoa jendea ikasketetan prestatua eta zintzoa izatea, pertsona arduratsuak behar dira. Eta hori, etxetik hasten da.

Haurraren garapenaz eta heziketaz gero eta gehiago arduratzen dira gurasoak. Gero eta galdera gehiago dituzte haurraren heziketaz. Baina, Interneten, liburuetan, komunikabideetan eta kalean inoiz baino informazio gehiago dagoen honetan, premiazko ikusten da iturri fidagarri eta kalitatezkoak zein diren identifikatzen laguntzea. Izan ere, oinarrizkoak diren jarraibide batzuk azaldu behar dira, hankak ondo finkatzen laguntzeko, norberari segurtasuna emateko eta gauzak ondo egiten ari garela ikusten laguntzeko.

Euskal jendartea hobetu nahi bada, ona litzateke munduko ekarpenei gure betaurrekoekin begiratzea, eta egokia den hura, gurera ekartzea. Baina, oinarrizkoago litzateke gure hausnarketa propioari eta zintzoari kasu egitea.

Euskarazko hedabideen sarea handitzera dator Hazi Hezi aldizkari berria eta elkarlanean arituko da, denon artean euskal komunitatea sendotzeko asmoz. Hasteko, Irrien Lagunak eta guraso.com taldeekin elkarlanean jaio da.