argia.eus
INPRIMATU
Florencio Idoate (1912-2001)
"Erregeordez erregeorde, konfiantza faltak iraun zuen"

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2012ko maiatzaren 29a
Pedro II.a mariskalaren kriptan aurkituriko harmarria, Nafarroako kateak agerian. Mariskala Joanes III.ari leial mantendu zen, eta erbestean kartzelaratua zela hil zuten.
Pedro II.a mariskalaren kriptan aurkituriko harmarria, Nafarroako kateak agerian. Mariskala Joanes III.ari leial mantendu zen, eta erbestean kartzelaratua zela hil zuten.

Florencio Idoate 1966tik 1982ra arte Nafarroako Artxibategi Nagusiko zuzendari izan zen. Datu hori jakitea ezinbestekoa da bere obraren dimentsioa ulertzeko. Paper artean igaro zuen bizitza osoa, orain katalogoak prestatzen, orain tokiko historiari buruzko artikuluak idazten. Berrogeitaka liburu idatzi zituen, Erdi Arotik Aro Garaikiderainoko gaiak landuz, eta bere ideia asko El Pensamiento Navarro egunkari karlistan ezagutarazi zituen.

Konkistari dagokionez hipotesi ofizialarekin bat egiten zuen; baina bere idatzietan ofizialtasun horri ñabardura asko egin zizkion, batez ere datu zehatzen bidez. 1981ean Esfuerzo bélico de Navarra en el siglo XVI liburua idatzi zuen Nafarroako Foru Aldundiaren eskutik, konkistari buruz berak osatutako zabalena. Bertan, konkista ondorengo Espainiako erregeordeek nafarrekiko zuten mesfidantza agerian utzi zuen dokumentuetan aurkituriko informazio mordoarekin. Hau da, nafarrek estatus berria onartu zutenaren teoria ofiziala hankaz gora jarri zuen.

“[Garesko] herritarrak kexu ziren, erregimentuak eta bere buruzagiek tratu bera eskatzen zutelako eta horren erruz karga osoa euren bizkar jartzen zelako etengabe. Askok iseka egiten zieten, esanez ‘petxeroak11 zirela eta barre eginez’. Badirudi hiribilduan ostatu hartzen zutela ‘espainolak’ Nafarroara etorri zirenetik, haietako lekuko batek zioenez. Detaile honek argitzen digu nola espainolak arrotzak izaten segitzen zuten garestarrentzat, baita gainerako nafarrentzat ere. (...)

Nafarrekiko konfiantza falta sistematikoa, kontsultatu ditugun paperen bidez suma daiteke, lur honetan arrotz diren militarrek idatziak. (...)

Mende erdiz gaztelartzen egon eta gero, atzerritarrek Albretarren itzala ikusten zuten oraindik Nafarroan. (...)

Erregeordez erregeorde, ikusten ari gara nola iraun zuen nafarrei ezarritako balizko fideltasun eta konfiantza faltaren zeinuak. (...)
Independentzia beti izango da etsipenez oroitua arrazoi sentimental eta praktikoengatik, baina zenbait kasutan, urteen joanak herrimin legitimo hori ezabatuko du, erreinu independentetik dependenterako igaroaldia ezagutu zuen belaunaldiarena. Dena den, klase noblea, buruzagiak alegia, garai berrira egokitzen saiatzen dira, behin-betikoa izango baita, atzera bueltarik gabekoa, soilik oroitzapena geratuko da”.