argia.eus
INPRIMATU
Eñaut Larralde

Joxemari Ostolaza 2021eko ekainaren 30

Ezagutu nuen bigarrena, Etxamendirekin batera afari batean. Berrogei bat urte joan dira, ez alferrik. Ordura arte Eñaut Bidegorri zen niretzat lehena “eztzian aberatsa eztzian pobrea, bainan haren bihotza zer urrezko kaliza” kantuaz ikasia, gure haurtzaro gazteleratuarentzat aurkikuntza. Gogoan ditudan kantaldi andanatik at, Donostian diskoa grabatzen ari zirelarik izandako harreman estua bereziko nuke, Ariana ene arreba kantua prestatzen ari zireneko hura. Haien antzera ni ere mutikotan elizako koralean hazia, armonian hasi nintzaien uzkur, herabe laguntzen, kantuaren bukaera aldera azkarki beroturik ahotsa askatuz bukatu genuena. “Errak” esan zidan, gurekin ari beharko hukek. Ez zen nire asmoa gure arteko josteta hura edonorekin konpartitzea, bere hartan utzi genuen. Bere herrian, Izuran guk emaniko kantaldiaren ondoren kantatu genuen azkenekoz elkarren ondoan, ostatuan baso bat makulu, taloren bat estakuru. Maite nuen bere metal ahotsa, tripa leize sakona balu bezala atera eta afinazio zuzenez belarriratzen zuena, hartzen zuen plazera begiz adierazita, emari ugarian. Kantuaren militanteak, kantua bilakatu zuen borroka gailu, bere bikotekide Eñaut arsenal.