argia.eus
INPRIMATU
Dantza tradizional garaikidea, edo alderantziz

Unai Brea @unaibrea2 2012ko maiatzaren 22a

Ari du. Oinkari dantza taldea. DVDa. 2011. Iraupena: 77 minutu.

1970eko hamarkadako euskal dantzaren eztandak emandako produktuetako bat da Billabonako Oinkari taldea. Azken hamar urteetan, Edu Muruamendiaraz koreografoaren eskutik, bestelako bideak urratu dituzte, garaikidetasunarekin uztartutako ikuspuntu bat eskaintzearren. Hala diote beraiek, Ari du ikuskizuna jasotzen duen DVDarekin batera argitaratutako liburuxkan.

Hainbat modutan deskribatu liteke Ari du. Kalitate handiko euskal dantza da, batetik. Oinkari ez da Euskal Herrian dauden talde on horietako bat bakarrik. Oinkari elitea da. DVDan ikus daitezkeen hamasei dantzetan zehar, dantzariek agertzen duten prestakuntza tekniko eta fisikoa oso gutxiren esku dago Euskal Herrian. Ordu luzetako lana igartzen da, dohainak ere bai.

Bigarrenik, dantza tradizionalari “beste zerbait” eransteko lan eskergaren beste kapitulu bat da Ari du. Betiko dantzak eta koreografia sortu berriak –Gipuzkoako eta Zuberoako dantzetan oinarrituak– uztartzen ditu Oinkarik, baina ikuskizunaren alderik tradizionalenari ere ekarpenak egiten dizkio, eta denak interesgarriak. Ezohiko musika tresnak, jantziak... Lorpen handiena da horren guztiaren batura naturaltasun osoz ikuslearen begi paretik igarotzen den segida izatea. Belarriak ere badu zer gozatua: Juan Kruz Igerabidek idatzi eta irakurritako poemak, euria dutela ardatz, dantzarien jauzi eta urratsen osagarri bikaina dira. Euskal Herritik kanpoko ekarpena ball de bastons da, Kataluniako eta Aragoiko makil-dantza, gutxienez XII. mendetik ezagun dena. XXI.ean gaudenez, ikuskizunaz gain bestelako edukiak aurkituko dituzue DVDan, making off-a barne. On egin.