argia.eus
INPRIMATU
Álvaro Adot
"Ezin ditut onartu Nafarroa banatuta zegoela dioten teoria faltsuak"

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko uztailaren 16a
Álvaro Adotek defendatzen du Nafarroa Modernitatean sartzen ari zela Joanes III.a eta Katalina I.aren erreinaldian.
Álvaro Adotek defendatzen du Nafarroa Modernitatean sartzen ari zela Joanes III.a eta Katalina I.aren erreinaldian.

Nafarroako Unibertsitatean historian lizentziatu eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktore egin zen. Azkeneko hamabost urteetan hainbat ikerketa eta proiektutan parte hartu du eta produkzio bibliografiko oparoa izan du ibilbide labur horretan. Memoria historikoa landu izan du, baita artxibistikarekin zerikusia duten lanak ere. Artxiboekiko gertutasuna eta lehen eskuko iturriak erabiltzea izan dira bere lanen oinarria, eta jardun horren ondorioz, Foix-Albret dinastiaz espezialista nagusi bilakatu da.

2005ean Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517) lana publikatu zuen Pamielarekin. Bertan azaltzen du albretarrentzat Nafarroako erreinuak izan zuen garrantzia. Álvaro Adoten esanetan, Joanes III.ak eta Katalina I.ak bere beste lurraldeak arriskuan jarri zituzten Nafarroako erreinuaren independentzia mantentzearren. Era berean, errege horien agintaldian Nafarroako egoera soziala normalizatua zegoela defendatzen du, Modernitaterako bidea hasia zuela jadanik. Nafarroa erreinu klabea izan zela demostratzeko, erregeek egindako egonaldiak eta ibilbideak biltzen ditu liburuan.

“Batzuei hala irudituko zaien arren, ez da gauza jakina esatea Joanes III.a eta Katalina I.a Nafarroakoak sekula ez zutela onartu euren erregealdian beren ondareko lurralderik galtzea: ez Nafarroa, ez Biarnoa, ezta Foix-Biarnoa Etxeko gainerako lurralderik ere. (…)

Historialari gisa, derrigortuta nago esatera ez natorrela bat historiografia espainiar tradizionalak mendeetan zehar mantendu dituen teoriekin, zeinetan Joanes III.ak eta Katalina I.ak Foix-Biarnoa Etxeko lurraldeekiko maitasuna izango luketen, eta aldiz, Nafarroarekiko interes eskasa. Ezin ditut onartu, ezta ere, konkista eta ondorengo anexioa justifikatu nahi duten teoria faltsuak, esanez Nafarroako gizartean zegoen banaketa sakonaren ondorio izan zela, erreinua liskar egoera iraunkorrean zegoelako. (…)

Datu ugarik (horietako batzuk ezezagunak liburu hau argitaratu arte) frogatzen dute Nafarroa Joanes Albretekoaren eta Katalina Foixekoaren aktibitate politikoaren erdigune izan zela eta euren lurralde ondarearen defentsarako pieza klabea. (…) Nafar gizartearen barruko balizko banaketa sakon horretaz, esan dezakegu, behintzat 1507tik aurrera18, banaketa hori Gaztela eta Aragoiko koroetan zegoena baino txikiagoa zela”.