argia.eus
INPRIMATU
Zumaia (Gipuzkoa)
Harri azpian begira
  • Zumaiako Algorrin ospea flyshek daukate, gure planetaren historia ageri-agerian uzten duten itsasertzeko harrizko geruzek. Mundu guztiko geologoentzat paradisu dira eta kaletarrontzat bisita gidatuak prestatu dituzte. Guk ordea, geologia kontuak alde batera utzi eta itsasbeheran, ur putzuetan eta harri azpian dauden bizidunei egin diegu bisita.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2012ko maiatzaren 15a
Zaindu zure burua, harkaitzetan irrist egin gabe, eta zaindu bertako bizidunak, bake ederrean zeuden-eta gu iritsi arte.
Zaindu zure burua, harkaitzetan irrist egin gabe, eta zaindu bertako bizidunak, bake ederrean zeuden-eta gu iritsi arte.

Zestoako Katamarrua Natur Taldeak udaberri hasierarako prestatu zuen Zumaiarako txangoa. Antolatzaileek ezusteko goxoa izan zuten; 50 lagunetik gora azaldu ziren eguzki biribileko igande goiz hartan. Hogeitik gora haurrak ziren. Ur putzuetako abentura honetara umeekin joango bazarete kontuan izan oinetakoak eta arropa. Hau da, oinetakoen zolak ez daitezela izan irristakorrak, zuek ikusi uretako oinetako bereziak eramango dituzuen ala busti gabe ibiltzekoak. Arropa aldatzeko eramatea ere komenigarria da, haurrak –baita heldu batzuk ere– emozioaren emozioz blai egiten baitira.

Esan beharrik ez dago halako ekosistema aberatsari, biologiaz dakienak zuku handiagoa aterako diola. Hara hurbildu ziren zestoarren gehiengoak gutxi zekien itsasbeheretako bizitzaz, eta seguru gaude batek baino gehiagok bi burutazio hauek izan zituela ur ertzera iritsitakoan: hemen non daude bizidunak? Eta, goiz osoan ez ote naiz aspertuko?

Egia da Katamarrua taldeak biologo aditu eta arituak zituela udaberriko goiz hartan; hamarnaka animaliatxo erakutsi eta deskribatu zizkiguten. Alabaina, gutxi jakinda ere bada zer begiratu. Metro koadro oso gutxian “aurkikuntza” bikainak egin daitezke. Ur putzuetako bizitza aurkitzeko bidea osoa erraza eta, era berean, oso kontuz egin beharrekoa da. Harriak altxatu eta albo batean utzi behar dira, azpikoz gora. Azkar demonio begiratu agerian geratu den ur putzuan, eta lasaiago, orain arte azpialdea zen harriaren aldeari. Urez betetako kuboa eskura baduzu hantxe jaso aurkikuntzak eta liburu-gidaren (Flora y fauna de las costas de España y de Europa, Omega argitaletxea) laguntzaz banaka-banaka errepasatu. Hantxe izango dituzu karramarroak –hamarrak, Zumaiako euskaran–, izkirak, itsas tomateak, anemonak, ostarrenak... Akordatu azpikoz gora utzitako harriak lehenean lagatzea, ez dezatela gal etxeko bakea betiko.

Horrelako txangoren bat egin nahi baduzu gidarekin, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Debatik abiatuta antolatzen ditu: http://www.geoparkea.com/