argia.eus
INPRIMATU
Gure M-15
Kattalin Miner @MKattalin 2012ko maiatzaren 15

Maiatzaren 15a iragan berri da. Gurean horrek, esango nuke ez duela beste munduko esanahirik, ez dugula behintzat hain gure bizitzen. Baina egia da gurean haserre bizitzen ikasi dugula, ez ginela orain urte bete haserretu, ez esnatu, ez altxa. Gurea diodanean, ez pentsa Euskal Herriaz soilik ari naizenik, gurea diot, mugimendu sozial deitzen dugun hori aipatzearren, gurea diot, herria mobilizatzeko gaitasuna adierazten duen hori aipatzearren, gurea diot sistema kapitalista heteropatriarkal horri hortzak erakusten dizkiogunok aipatzearren.

Hemen badakigu egun bizi dugun ustezko bakerako paraje demokratiko honek, gutxi duela baketsu eta demokratikotik. Indar polizialak ez duela bakerik ulertzen, ez sekula ulertuko, indar eta neurri politiko eskuindar eta bortitzek ezer gutxi dutela baketsutik, matxismoak osasun egoera paregabea bizi duela, eta mila kontu gehiago.

Horren guztiaren aurrean esan behar diogu gure buruari, egunero bizi dugula M-15 batzuok. Gure bizitzak haserreak eta etsipenak jan ez ditzan, asko gara kaleak etengabean hartzen ditugunak, eraso matxista, lesbofobo, autoritario eta errepresiboen aurrean makurtzen ez garenak, milaka kilometro astebururo egiten ditugunak, borroka molde eta eszenatoki berrietara moldatzen saiatzen garenak, pedagogia lanen hondar alearen balioa ikusten saiatzen garenak... eta indignatu edo suminduak ez bagara ere, horixe bera garela: egin egiten dugunak eta saiatu saiatzen garenak.

Zeren indignazio hitzak beti izan du niretzat resignazio kutsu bat, eta duintasuna terminoak ere askotan alarmak piztuarazi izan dizkit. Baina, ukaezina dena da, hori dena ere existitzen dela. Espainiako Estatuan mugimenduen berpizte bat sortzerainoko modukoa den muturreko egoera bizi dugula, eta horregatik bakarrik bada ere, poztuko naizela, aurten M-12an tokatuko den egunagatik.

Nik neuk goizero errepikatu behar izaten diot nire buruari eskubidea dudala bizitza hau bizigarriagoa egiteko, eskubidea dudala uste dudan horren alde edo aurka borrokatzeko, ez etsitzeko, agian eta gutxi bada ere, Europako panoraman Frantzia gorriz margotuko duen emaitza horrek barrenak poztu diezazkidan uzteko, teleberria ez ikusteko, nireak alboan ditudala aurrera jarraitzeko, egun batean paperak galtzeko, maitasunez batean eta hurrengoan gorrotoz borrokatzeko... Azken batean bai, azken batean, hori baita gure M-15. Besterik ez.