argia.eus
INPRIMATU
Gehiegizko

Joxemari Ostolaza 2012ko maiatzaren 15a

Maitasuna, hilgarria izan liteke. Ez da kasualitatezkoa “nirea zelako akabatu nuen” mexikar kantaren arrakasta, azken bi tragoekin edonor kantari ematen zuena. “Ez nazazu hainbeste maite, utz nazazu ni izaten” izan liteke patologia horren sendatzeko kanta baten errepika egokia. Burutazio hau erakarri dit atez ate Gipuzkoako etxe barruetara zabor ideologikoa zabaltzen duen El Diario Vasco erdaldunak. Kirol orrialdeetan zekarren Unai Emery hondarribiarrarekin egin elkarrizketan, Realera ekarri nahi eta ezin adierazten zuen, Montanier kanporatzea xede. Gogoan dut Ormaetxea kanporatzeko ahaleginetan jardun zuen garaia, Luis de Andia aterkipean ezkutatzen zen Acosta izeneko batek zuzendu kanpainak lortu zuena, John britaniarra ekarri arte lasaitu ez zena, ondoren bere burua honen menpe ezarri zuena morroi bilakaturik. Hastapenetik berripaper tanke honek Montanier izan du diana, bere jomuga Reala berea delakoan eta ez beste inorena, politika eta gizarte sailetan Bildukoak dituen bezalaxe Gipuzkoa maitasun. “Ez gaitzazu hainbeste maite, utz gaitzazu bakean guk izaten euskara maitasun”. Eta kanta aurkeztu nola, eguneroko errauskailu ideologikoa martxan eman zuen.