argia.eus
INPRIMATU
Botiken boterea
Jakoba Errekondo 2012ko maiatzaren 15a

Cinchona generoko kino zuhaitzen azaletik sortutako kinina helgaitza edo malaria tratatzeko ona zela zabaldu zenean, Europan izen ugari eman zitzaion azal horri. XVII. mendearen erdian Peru eta Bolivia aldean erregeorde “lanetan” zenaren emaztea zen eta ustez kininaren berri zabaldu zuen Chinchongo kondesaren omenez “kondesaren azala”, ustez benetan jakintza hori topatu eta jaso zuten gerlarien omenez “jesuiten azala” eta topatu zen tokiaren goraintzian “Peruko azala”. Jakinduria hori ikertu eta bere altzoan jaso zuen kulturaren omenez “kitxuen azala” jartzea ez zitzaion inori bururatu Europan.

Jesuita batek Erromara bidali eta padura eta istingadi ugariz inguratutako hirian helgaitza sendatze bidean jarri zuenean, laster zabaldu zen kininaren dohain eta ahalmenen albistea. Denek nahi zuten etorkizun handiko botika horren irabazpide onuragarriaren puskaren bati heldu. Ameriketatik Espainiara etengabe iristen ziren lurralde haietan topatutako genero horretako espezie berrien berriak. Ingelesak eta herbeheretarrak ez ziren makal ibili, eta Ameriketatik esportatzea galarazia egonagatik, non edo handik lortzen zituzten haziak, estraperloan urrearen goiti ordainduta, ziur aski.

Kininari esker lasai sartu ziren europarrak Afrika beltzean, sekula igaro gabeko zingira eta ur-ustel beldurgarrietan barrena. Munduaren gerri aldeko tropikoetan burutzen ziren gerretan estrategiko bihurtu zen kinina: Indian eta Asia hegoalde osoan eta Afrikan batez ere. Herbeheretarrak ekoizpenean eta merkaturatzean tematu ziren. Cinchona calisaya espeziea luze-zabal landatu zuten Javan eta 1930eko hamarkadan hamaika milioi kilo kinina ekoizten zuten urtero, munduko kinina ekoizpenaren %97. 1944an kinina sintetikoa sortu zuten laborategian, baina ikaragarri garestia zen. Bigarren Mundu Gerran alemanek Herbehereak eta japoniarrek Filipinak eta Indonesia okupatu zituzten eta helburu zuten kininaren mundua bereganatu. AEB konturatu zen, baita Filipinetatik lau milioi hazi ezkutuan ateratzea lortu eta Costa Rican landatu ere, baina berandutxo!

Cinchona calisaya espezieko kino arbola Boliviako Calisaya mendian aurkitua zuten. Berari buruzko lehen aipamena 1792ko urriaren 27an idatzitako eskutitz batean dago. Chinchongoarenak ez, oraingoan beste konde baten idazkariak idatzitakoa, Beireko Ezpeletako kondearenak, Kuban gobernadore eta Hego Amerikan erregeurde izan zenarenak, Jose Manuel Ignacio Timoteo de Ezpeleta y Galdeano (1739-1823).