Aspaldi irakurritako artikulu batekin nabil bueltaka egun hauetan. Hain zuzen, Nazioen aberastasun mentala (The mental wealth of nations, Beddington, 2008) izenekoa. Bertan, Erresuma Batuan egindako ikerketa baten berri ematen du, hortik sorturiko ildo nagusiak aurkeztuz.
Hala nola, ikasteak duen garrantzia pertsonen bizitza ziklo osoan zehar zein neurozientzien ahalmena, hainbat gaixotasun edo eskola-zailtasun garaiz detektatzeko. Ondorio orokor gisa honakoa azpimarratzen du: herrien garapenerako ezinbestekoa da herritarren baliabide kognitiboak kapitalizatzea, aurrerapen soziala eta ekonomikoa lortzeko.
Horrez gain, kapital mentalaren kontzeptuaz mintzo da. Artikuluak dioenez, errekurtso kognitibo, emozional, estresarekiko erresistentzia, trebetasun sozial, eta abarrek osatzen dute kapital hori eta ongizate mentalarekin estuki lotua dago. Izan ere, elementu horien bitartez gai gara gizartean parte hartzeko, ekarpenak egiteko eta bizi-kalitate maila handia esperimentatzeko.
Geurera etorrita, Diego Graciak –mediku eta filosofo madrildarrak– berriki Donostian emandako hitzaldian, Krisian balioak eta Balioen krisia, zera zioen: Batzuentzat, ekonomikoa da krisia; ikuspuntu horretatik, ekonomia ministroek eta gobernuek atera behar gaituzte hortik. Besteentzat, ordea, hori baino zerbait sakonagoa da, eta eredu ekonomikotik harago, egiturazko aldaketa eskatzen du; funtsean, balioak daude oinarrian. Eta ekonomia berez balio bat da, baina ekonomiak ez lituzke mendean hartu behar beste balio batzuk, esaterako, justizia, askatasuna edo elkartasuna, ia desagerrarazteraino.
Graciak aipatzen dituen bi jarrera horiek adierazten dute, nire ustez, zein den mutur bakoitzean dagoen subjektu mota. Esango nuke gizartean dagoen herritar pasiboaren eta aktiboaren arteko aldea nabarmen agertzen dela; nik kapital mentalaren erabilpenarekin lotzen dut, eta balioekin. Azken finean, kapital hori beste balio bat da, aktibatzeko ahalmena du eta etsipenari aurre egiteko tresna da.
Iruditzen zait, bada, kapital hori identifikatzea eta sustatzea ezinbestekoa dela. Uste dut haren erabilpena giltzarri izan daitekeela krisiaren kudeaketan, herrien ongizaterako, gizarteen kohesiorako eta bazterketa soziala saihesteko funtsezkoa delako. Eta ziur aski, herrien garapena neurtzeko adierazle gisa erabiliko bagenu, biharko mundua beste era batera eraikitzeko aukerak sortuko genituzke.