"Erditzea da bizitzan merezi duen min bakarra"

  • Aleman emagina da eta erditze fisiologikoaren alde egiten du, haurrak mundura ekartzeko modurik onena naturaren erritmoak errespetatzea dela sinesten duelako. Asaldatu egiten da ikustean gaur egun erditzearen une magikoa ahalik eta azkarren bete beharreko tramite huts ari dela bilakatzen, alde emozionala baztertuta. Erditze minaz, plazentaz, haurrez eta orobat Amaiurko gaztelu zaharraz edo auzolanaz hitz egin dugu presarik gabe, belai berdeei so.

Ixabel Aleman
Ixabel AlemanDani Blanco

Zergatik emagin?

Prozesu bat izan zen. Erditzea zer zen banekien, erizaina naizenetik, baina ez ninduen bereziki erakartzen. Ideia gero heldu zitzaidan, Salvadorrera joan nintzenean. Hango gerra akitu zenean sei hilabeterako Askapenarekin joatea erabaki nuen. Hantxe erditze gehiago ikusteko aukera izan nuen, ni nengoen herrixkako klinikan izaten baitziren anitz. Egun batean gertatu zena grabatua dut buruan: klinikako arropa garbitu berria hedatzera joan nintzen eta horretan ari nintzela, etorri zen emakume bat uzkurtuta haurra izatera eta nik arropa hedatzetik akitzera orduko, emakumea bazihoan bere haurrarekin etxera. Harrituta gelditu nintzen, nik neukan irudia oso bertzelakoa baitzen: ohatze berezi hori, emakumea etzanda, hankak gora, sueroz eta kablez beteta... eta “zer da hau?” pentsatu nuen. Hasi nintzen erditzetan egoten eta orduan ikusi nuen zer garrantzia duen prozesu fisiologikoa errespetatzeak. Horrela piztu zitzaidan grina eta hona bueltan, Elizondoko Emakumearen Arreta zentro berrian lanean hasteko aukera izan nuen. Zazpi urte geroago espezialitatea egitea erabaki nuen, jakinda nik erditzeetan laguntzen ikasi nahi nuela baina modu berezian. Bartzelonara joan eta espezialitateko bi urte horietan ez nuen deus ere ikasi horretaz. Sufritu nuen, ederki gainera, baina argi ikusi nuen zer ez nuen nahi.

Eta zu zeu ama izan zinen orduan, lehen aldiz.

Bai, haurdun nengoen eta erditze fisiologikoan sinesten banuen, nik ere horrela saiatu behar nuela serio planteatu nion neure buruari. Erabaki horren inguruan zalantza asko izan ditut. Profesionalen formakuntza hain medikalizatua eta horren interbentzionista izanda, banekien nik lan egiten nuen ospitalean zaila izanen zela nahi nuena lortzea, ez hainbertze lankideek nahiko ez zutelako, ez zekitelako baizik. Horregatik erabaki nuen erdibideko soluzioa: etxean erditzea, ospitaletik gertu, emagin baten laguntzarekin eta aurrera egin ahala, unean uneko erabakiak hartzea. Ikusten nuen hamar emakumetarik bederatzik eskatzen zutela anestesia epidurala, adibidez, eta ez nekien neronek nola jokatu behar nuen une horietan.

Gehiago ezin nuela uste nuen momentu bat iritsi zen, baina orduantxe sortu zen Maddi. Hori niretzat, pertsona eta emakume bezala, itzela izan zen. Esperientzia hori pasatu izana baliogarria izan zait gero, bertze batzuei lagundu ahal izateko. Mina ez da batere arrazionala. Momentu horietan animaliak gara eta arront primarioak gainera. Minak beldurra ekartzen du eta sentimendu anitz azaltzen dira erditze momentuan. Horregatik pentsatzen dut, horrelako egoeran dagoen emakumeari laguntza emateko aski garrantzitsua dela zuk izan duzun esperientzia: zeu hortik pasatu eta gainditu izana. Indarra eta segurtasuna ematen dizu berari transmititzeko. Zortzi urte pasatu dira eta oraino ez dut atzendu, nola limitera iritsi eta ikusita ez nintzela hil, ez nintzela erdikatu, zer indar eman zidan horrek. Ikaragarria.

Hurrengo haurrak modu berean heldu dira?

Lezioak ere izan ditut. Bigarrenarekin hemen nintzen, etxean, lasaiago, baina psikologikoki oso gogorra eta luzea izan zen. Umiltasun lezio bat. Erabaki nuen hemen etxean erditzea, jakinda Iruñeraino bidea ez dela motza, ordubete inguru, eta hori ez da zuhurrena. Kezka anitz presente nuen erditze momentuan. Hondoratzen ari nintzen une batean pentsatu nuen ospitalera joatea erabakitzen banuen ezin izanen niela bertze emakumeei etxean erditzen lagundu. Eta ez banintzen joan ez zen niregatik izan, ondoan nituen bi emaginengatik baizik. Haiek izugarrizko indarra, behar nuen indar hori, eman zidaten. Hirugarren eta laugarrenarekin dena errazagoa izan zen.

Erditze momentua arras garrantzitsua izanik ere, hura apaltzen saiatzen gara.

Ez dugu ohartu ere egin nahi: zertarako mina pasatu? Baina eztabaida ez dago eremu horretan, gaixotasun batekin konparatzen ari direlako, eta ez da gaixotasuna. Prozesu fisiologikoa da, arrunta gure gorputzean, baina gaur egun hori medikalizatu egin da eta min horri arront ikuspuntu negatiboa eman diogu. Min horrek alertan jartzen zaitu eta konektatu egiten zaitu barruan duzunarekin. Hor komunikazioa sortzen da. Gorputzari kasu emanez gero, ikusten da min horrek arnasbide modu berezia eskatzen duela. Inork ez dizu esan behar nola hartu arnasa. Gorputzak erakusten dizu. Fisiologikoki arnasa sakonki hartzen dugunean odola oxigenoz betetzen dugu. Odol aberastu hori umeari bidaltzen diogu eta horrek indarra ematen dio kontrakzioaren momentuan. Badago komunikazio fisiko eta emozionala. Emozioek eragina dute hormonetan eta hauek dira prozesu fisiologikoak abiarazten dituztenak. Ospitalera iritsita emakume askori gertatzen zaie hango giro hotzak, egoerak berak eragiten diela, eta prozesu fisiologikoa trabatu egiten zaie. Erditze hori zaildu egiten da eta bizipena ere gogorragoa gertatzen da. Bertze adibide bat: batzuek uste dute ez dela oihu egin behar. Hobeki daramala oihurik egiten ez duena. Gezurra. Barnetik ateratzen den oihu horrek irekitzen du perineoa, ahoa eta bagina konektatuta daudelako.
Nola sortzen garen berebiziko garrantzia du. Erditze bakoitzak badu bere erritmoa eta hori errespetatu behar da. Mendian bezala gertatzen da: zure erritmoan bazoaz, ongi zoaz, baina norbait ari bazaizu ipurditik ziztaka, eta fiteago hasten bazara, leher eginda iritsiko zara goiti. Ordu bat lehenago, baina leher eginda. Hemen berdin. Ume anitz leher eginda iristen dira eta amak ere modu berean.
Bertzalde ez dugu inor kulpabilizatu behar. Nik aukera izan nuen nahi nuen bezala erditzeko baina beti ez da posible. Mugak alde guztietatik ditugu eta hori jakitea eta onartzea garrantzitsua da. Afera honetan ere, lehia eta moda puntu bat dago batzuetan, eta hori ez da kontua. Ez dakigu nola erreakzionatu behar dugun, gauza anitzek eragiten dutelako. Apal-apal onartu behar dugu hori, baina gai garela ere jakin eta sinetsi behar dugu.

Denak etxean erditzetik, ia denak ospitalean erditzera pasa gara urte gutxitan.

Lehen etxean erditzen ziren bai ala bai, mediorik gabe. Heriotza onartuagoa zuten orduan. Handik pasa gara erabateko medikalizaziora, hau da, ospitaleetan erditzera protokolo baten barnean eta prozesu fisiologikoa errespetatu gabe. Azken 40 edo 50 urte hauetan emakumeak oso gaizki tratatuak izan dira: ohatzeari sueroarekin lotuta, senarrik gabe, informaziorik gabe, epiduralik gabe… Baldintza horietan erditzea oso gogorra zen. Nola ez zuten, ba, epidurala eskatuko? Arrazoi guztiarekin.

Zer izanen zen onena?

Onena izanen zen tarteko bide bat, emaginek kudeatutako etxe bat, ospitaletik gertu, non giro berezia eta erritmo desberdinak errespetatuko ziren. Tarteko bide hori aldarrikatzen ari gara eta bitartean batzuok erabakitzen dugu etxean erditzea, baina baldintza batzuk beteta: formakuntza berezia duen emagin eta profesionalekin, haurdunaldi kontrolatua eta normala izatea, arazorik ez aurreikustea, ospitalera erraz mugitu ahal izatea behar izanez gero, eta abar.

Eta erditze plangintza?

Orain idatz daiteke zer nolako erditzea nahi duzun, baina ez dakit zer puntutaraino balio duen, profesional batzuek ez dutelako onartzen inork erratea zer egin behar duten. Zorionez gauzak ari dira zertxobait hobetzen.

Zilbor-hertzea donatzera animatzen gaituzte.

Onena da zilbor-hertzea taupadak gelditzen direnean moztea. Segundo bakar batzuk edo minutu batzuetako kontua izan daiteke. Modu honetara hor dagoen odola haurrari pasatzen zaio eta neonatologoek diotenez, batzuek behintzat, hori arras baliogarria da lehenbiziko sei hilabeteetan anemiari edo bertze gaixotasunei aurre egiteko. Baina orain bertze afera bat sortu da: zilbor-hertzearen donazioa egin nahi izanez gero, lehenbailehen moztu behar da zelula horiek hartzeko. Ume jaioberriari ez zaio berea den odol hori aprobetxatzen uzten, baina horretaz ez da informatzen. Nik euskaratu nuen amei ematen zaien baimena eskatzeko agiria eta haserretu nintzen egia osoa ez duelako erraten. Eztabaida hori jarri nahi nuke mahai gainean. Informazio osoa eman behar da eta gero jendeak erabaki dezala. Zer interes daude donazioekin? Halere, ez nago donazioaren kontra, baina bai informazio osoa ematearen alde. Nire lanean eztabaida etikoak egunero sortzen zaizkit. Interes anitz daude eta batzuetan talka egiten dute etikarekin.

Amatasuna zer da zuretzat?

Erditzeaz gain, kontraerran pila. Ni barne eztabaidan nago duela zortzi urtetik honat, egunero. Heziketa dela, osasuna dela… Bat-batean ikusten duzu zeure burua bertze pertsona bati eragiten dioten erabakiak hartzen. Horrek batzuetan erru sentimendua dakar, gainera emakumeak horretan espezialistak gara. Baina horrek geure muga pertsonalekin zerikusia daukan ikasbidea ere badakar: eginen dut ahal dudana. Beti ari zara ikasten, ume zaharrenarekin, batez ere. Gaindituta sentitzen zara batzuetan eta nekatuta, baina alde onak oso ederrak dira: niretako haurtzaroarekin berriro konektatzea izan da, nire gurasoekin izan dudan harremana eta atzenduak dituzun gauzak berriz azaleraztea. Lau ume horiek haien artean nola moldatzen diren eta nola guri ere, tarteka, haien txikitasun mundu horretan sartzen uzten diguten ikustea aski gauza ederra da.

Denboraldi batez etxean gelditzea erabaki zenuen. Kontziliazioa zaila ikusten duzu?

Txikia eskolan hasi arte, ni etxean gelditzea erabaki genuen. Errazago eginen zitzaidan, agian, lanean egotea, alor profesional hori menperatzen duzulako, arrazionalagoa delako eta sorpresarik ez duzulako izaten. Haurrekin, aldiz, ezin duzu inoiz jakin zer gertatuko den gero. Agian haiekin dantzan ari zara eta handik gutxira haserre. Gogorra da ni ez naizelako etxeko emakumea eta onartzen dut horregatik niretzako tarte bat bilatu behar izan dudala, herriko gauzetan, bereziki kulturarekin zerikusia duten ekimenetan inplikatuz. Profesionalki uste dut lan urte pila izanen dudala eta aukerak izanen ditudala horretan aurrera egiteko. Uste dut itzultzen naizenean ere gustura ibiliko naizela.

Zuretzako denboraren zati bat auzolanean ematen duzu. Zertan?

Amaiurko gazteluan bisita gidatuak egiten, adibidez. Lau herritarrek erabaki genuen pixka bat formatzea, hemengo historia eta Aranzadi Elkartea bere indusketekin egiten ari den lana jendeari erakusteko. Bertze aldetik, aurten Mauleko herriarekin ari gara ikuskizun bat prestatzen Pier Paul Berzaitzen zuzendaritzapean. Ez da pastorala, baina horiek bezala antzerkia, dantza, musika eta bertsoak bilduko ditu. Arras ederra da. Uztailaren 21ean, Baztandarren Biltzarraren bezperan, eginen dugu hemen, eta Maulen abuztuan, bertze bi egunez.

Udazkenean estreinatuko den Baztan pelikulan ere agertzen zara.

Hiru sekuentziatan agertzen naiz. Lehena erditze bat izan zen, gaur egungo garaian kokatua eta ni nire lana egiten ageri naiz; bigarrena Santa Anan, Urtsuako jauregiko ermitan; eta hirugarrena Lur diskotekan, paper arras txiki batekin. Oso gustura aritu nintzen.

Azkar, eskuoihalak eta ur beroa! Zineman eta telebistan ikusten diren bezala dira erditzeak?

Ahaztu. Normalean ez dute zerikusirik errealitatearekin. Hor ikusten diren emakumeak paper bat ari dira interpretatzen eta ez dute ongi egiten, gainera. Arras puntu arrazionaletik hartzen dute. Egiatik ez dute deus. Telebista bidez ematen dituzten egiazko erditzeek ere, soilik gauza bat transmititzen dute: mina. Amaren aurpegiaren plano hurbil-hurbila, kableak, haurraren burua ateratzen, hurbilegitik ere, eta oihuak: bultza, bultza… Terriblea! Laztanak, begiradak… ez dira ageri. Bizian egiazko erditzeek ez dute horrenbertze inpresionatzen zentzu horretan, maitasuna eta momentuko emozio guztiak sumatzen dituzulako. Mina parte bat da, bertzerik ez.

Nortasun agiria

Ixabel Aleman (Amaiur, 1968ko azaroaren 12a) erizaina da. Bi urtez emagintza espezialitatea egin zuen Bartzelonan. Erditze fisiologikoaren alde egiten du lan. Etxeetan erditzen laguntzen aritu da duela gutxira arte. Maddi, Eneko, Gartxot eta Eunateren ama da. Jaimeneko Borda, XVIII. mendeko baserri ederra, haien etxea da eta haren atal bat landetxe bihurtu dute. Baratzea eta oiloak dituzte, zerria hiltzen dute eta lurretik gertuko bizimodu horrekin eroso sentitzen dira. Egun eszedentzia hartua du lanean, haurrak koskortu arte. Bitartean, auzolanean aritzen da herrian: Amaiurko gazteluan bisita gidatuak egiten, Maule herriarekin antolatzen ari diren ikuskizuna prestatzen, informatika ezagupenak bertze emakumeekin partekatzen…

Azken Hitza
Gizartea eta medikuntza

“Gizartearen eta medikuntzaren artean dagoen harremana arras eria da. Eta hor erru handia sanitarioak geronek izan dugu, oso paternalistak garelako. Gizarteak ez du erabakirik hartu nahi eta dena delegatzen du medikuengan. Bertzalde, aitzineko arrazoi horregatik, haiek behartuta ikusten dute beren burua hamaika erabaki hartzera eta batzuetan, beldurragatik, behar baino prekauzio gehiago hartzen dute. Gehiegizko arretak ekartzen ahal ditu ondorio kaltegarriak. Horri iatrogenia deitzen zaio.

Honen aurrean nik uste dut profesionalok gizartearen mailara jautsi behar dugula, inor ez baita inor baino gehiago, eta behar den informazio guztia eman behar diogula jendeari, haiek erabakiak har ditzaten edo, behinik behin, bi aldeen artean erabaki dezaten. Informazioak erabakitzeko ahalmena ematen du”.


Azkenak
2024-12-19 | Leire Ibar
Frantziak hizkuntza gutxituen aurka darabilen “linguizidioa” salatu dute

Hizkuntza gutxituei begira Frantziaren jarrera salatzeko prentsaurreko bat egin dute Parisen hainbat diputatuk. Frantziako hizkuntza gutxituen kontrako azken erasoek protestak eragin dituzte Korsikan, Katalunian eta Martinikan. Régions et Peuples Solidaires mugimenduak... [+]


2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Gabonetan sortzen den kutsaduraren %57 oparien ondorioz da

Ikerketa baten arabera, Frantziako Estatuan 6,3 milioi tona CO² isuriko dituzte herritarrek Gabonetan, eta opariak dira horren erantzule nagusiak: %57. Oparien artean, gehien kutsatzen dutenak aparatu elektronikoak eta bitxiak dira, metal eta mineralen erauzketaren... [+]


Ernaik dio bere kontrako operazioa egon izana frogatzen dutela Jaurlaritzaren aurka aurkeztutako helegiteen lehen ebazpenek

Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta... [+]


2024-12-19 | Leire Ibar
Garraio publikoa garestitzearen aurka mobilizatu dira Bilbon

Garraio publikoaren prezioa handitzea eta deskontuak kentzea “onartezina” dela kritikatu dute dozenaka pertsonak, Jauzi Ekosozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearentzako “zama gehigarri bat” izango litzatekeela eta... [+]


Idazkaritzak eta kontuhartzailetzak: joko arauak partidaren amaieran aldatzeaz

Joan den abenduaren 5ean, PPk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako toki entitateetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza lanpostuetan funtzionarizazioa lortzeko prozesuak bereizteko. Hori gertatuko balitz, 30 pertsona inguruk merezitako... [+]


Torturaren biktimak existitzen dira. Eta egileak?

Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.

Nazioarteko... [+]


Ainubean

Bazen behin kulturaren gordailu bilakatu zen herria. Denboraren poderioz, munduko agintariek kultura adierazpide ororen aurka hartutako neurri murriztaileen erruz, herrien garra, sormena eta irudimena amatatuz joan ziren, emeki-emeki kandela bat bailitzan. Hala ere, herrialde... [+]


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Mazango auzia
20 urteko kartzela zigorra Dominique Pelicot senar ohiari eta fiskalak eskaturikoa baino zigor apalagoak beste 50 bortxatzaileei

Bortxaketen kasuentzako bideratu daitekeen kartzela zigorrik gorena jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti; eta beste 50 bortxatzaileei dagokionez, guztiak dituzte erruduntzat jo, baina fiskalak galdetzen zuena baino apalagoak dira zigorrak. Hiru hilabetez iraun du Mazango... [+]


2024-12-19 | iametza
Iametzak programatzailea behar du

ARGIAren taldeko kide den Iametza teknologia berriak erabiltzen dituen komunikazio enpresa da.


Hezkuntzako ratioak jaisteko eskaera Nafarroako Legebiltzarrera eramango dute gurasoen plataformek

Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.


Gasteizko SDA Factoryk ere lantegia itxi eta 55 lagun kaleratuko ditu

B&B Trends lantegiaren jabeak iragarri du hartzekodunen konkurtsoan jarri duela lantegia, "ondare desegonkortasuna" argudiatuta.


2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Eguneraketa berriak daude