Bozemaileen %81,60k bozkatu du. %51,50k Hollanderen alde (PS), %48,50k Sarkozyren alde (UMP). 46 milioietatik 36k eman du boza. François Hollande da Frantziako Errepublikako VII. presidentea, 1.100.000 bozen aldean. Ozta-ozta, baina amaitu da Nicolas Sarkozyren aroa.
Bozen estimazioek doi-doi ematen zioten garaipena Hollanderi arratseko 20:00etan: bi puntu eskasen aldea. Ezkerreko militanteek Parisko Bastilla plaza hartua zuten ordurako. Hedabideek presidente berria ziurtzat jo zuten. “Behartsuen” esperantzak eta teknologia berriak aro berria bermatzen zuten antza.
Artean, lehen orduan, PSko Ségolènè Royal eta Manuel Vallsek, Hollanderen kontseilari bereziak, honelako hitzak zerabiltzan: Errepublika adiskidetuaren agerbideak izan dira hauteskundeok. Frantziaren kontzepzio berriaren lekuko. Europaren norabiderako aldaketaren lehen urratsa... Sarkozyren eta UMPren porrotaren neurria hartzen zuten haren ondokoek. Jean-Pierre Raffarin Lehen Ministro ohiak, UDFko zentrista, hauteskundeetan UMPren baitako aniztasuna eskastzat jo zuen. Sarkozyren lana gutxietsi gabe ere, zeharka goraipatuz nolabait, haren nagusitasuna “nagusikeria” ez ote zen bilakatu ulertu genuen zenbaitek. UMPko idazkari nagusia Jean-François Copék berriz, Sarkozyren porrotaren tamaina apaltzeaz batera, krisi ekonomikoaren testuinguruan egindako bere lana goraipatu zuen. Hollandek duela hiru hilabete ateratzen zion bozen aldea gogoratu zuen, baita Sarkozyk agertu indarra goretsi ere. Alta, batez ere, eskuineko kideek ekainean izanen diren Legebiltzarrerako hauteskundeak (Asanblea Nazionalaren osaketa) hartu zuten hizpide, diputatu eta senatari berrien hautaketa. Eskuineko ordezkariek hirugarren itzuliko hauteskundetzat jo zuten ekainekoa. Euren aburuz, aniztasunaren beharrez eta oreka ezarri aldera, egokia litzateke eskuinaren garaipena. Horra premisa edo “abisua”.
Presidente ohiaren lehen diskurtsoa heldu zen segidan. Parisko La Mutualité egoitzan mintzatu zen Sarkozy. Arro agertu zen, eta are arroagoak bere jarraitzaileak. Harrezkero ez zuen beldurra sorrarazten ordea, ohorea eta “aberria” hitzak gailendu ziren bere diskurtsoan. La Grandeur de la France, besteak beste. Ez zuen guztiz argitu alabaina, politikagintza utziko duen edo ez.
Askoz beranduago iritsi zen François Hollande presidente berriaren diskurtsoa. Corrézeko Departamenduko Tulle hiriburutik, bertako kontseilari nagusia baita, baita Tulleko auzapeza izana ere. Jarduneko presidente Sarkozy Parisen zegoen, presidente ohia jada, eta presidente berria bere hurbilekoen artean.
Hollandek Frantziaren kontzepzio berrian frantses hiritarren aniztasuna sartu zuen, errepublikako balore galduen berreskuratzea. “Aberria” hitza saihestu zuen “herritartasuna” hitzaren aldean. Errepublikarren artean, ezkerreko indarrak, ekologistak, baita “humanistak” gogoratu zituen, gogoratu ez ezik, eskertu ere. François Bayrou zentristarekiko keinu gisa ulertu genuen. Hollandek, besteak beste, laizismoa aipatu zuen. Eskola pubikoaren baloreak irakaskuntzan. Frantzian galdutako ezaugarri gisa ulertu genuen. Konfiantza eskatu zien frantziar guztiei. Estatu laikoa gogoan genuela, Marine Le Pen agertu zen eszenatokian. Sarkozyren porrota azpimarratu zuen, baita Europarena ere. Frantziako baloreak eta nortasun ezaugarriak bestelakoak dira haren ahotan. Frontières delakoak toki hartu zuen bere diskurtsoan. Horiek horrela, guztiarekin ere, une batez esperantzak beldurra garaitu ote zuen antzeman genuen.
Hollande VII. presidentea
Charles de Gaullen aroarekin zabaldu zen Frantziako V. Errepublika, Hollande zazpigarren presidentea izaki. François Mitterranden ostean, ezkerreko bigarrena. Europako eta munduko krisi ekonomikoak erraztu bide du presidentearen kargurako bidea. Industriaren berrantolaketa, zergen politika berria, energia iturri berrien aldeko apostua... Hamaika dira ezkerraren ikuspuntutik –baita nahikaria eta beharretatik– landu eta eraldatu beharko dituen arloak eta gaiak. Ekonomia izan da hauteskundeetan hautagaien ahotan entzundako hitz nagusia. Hasia da presidente berria bidaiatzen. Lehen geltokia Berlinen dauka, Merkozy epitetoa hausteko asmoz. Merhollande bihurtuko ez balitz, gaitzerdi. Handik AEBetara joanen da. Artean, G8 delakoaren batzarrean kontuak azalduko beharko ditu. Badu zereginik. Dagoeneko munduko burtsen dardarizoa areagotzen hasi(ko) dira. “Austeritatea ez da fatalitatea” aldarrikatu du presidente berriak. Ikasgai ederra. Kontsumoa oinarri duen sistema ekonomikoan ederregia, naski.
Euskal Herria aiduru betiere
Hollande hasi da munduan barrena bidaiatzen, ordea, Ipar Euskal Herrira ez da arribatu, ezta kanpainan ere. Sarkozyk euskal presoen hurbilketa desiragarria zela esan zuen Baionan. Hollandek ez du gutxiago nahiko, naski, desiratzea gauza bat da, gauzatzea besterik alta. Presidente berriak oso promesa gutxi egin du Euskal Heriaren auziari buruz. Baliteke Mitterrandek agindu bai, baina sekula bete ez zituenekin gogoratu izana. Akaso gogoratzen da, baina promes egin baino, nahiago du betetzea. Agian. Hots, denbora berebiziko aldagaia da politikan, politikan ere. Hollandek bost urteko agintaldia dauka aurrean. Bi urte iragan orduko, Frantzia berria ez ezik, Europa diferentea antzeman ezean, malo. Edo bestela azalduta, esperantzari lehio bat ireki eta beldurrari aitzi egin aldera, Euskal Herriaren auziak bi urteko joan-etorrian neurtuko du ere aldaketaren tamaina, hots, Le changement delakoa.
Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazoa da. Giza eskubidea izan behar lukeena, gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren, ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa... [+]
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.
"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Urtarrilaren 20an utziko du AEBko presidente kargua Joe Bidenek, lekukoa Donald Trumpi emanda –zeinak AEBen norabide aldaketa marka dezakeen Ukrainako gerran–. Agintaldia amaitu aurretik, baina, irakurri dugu Ukrainari baimena eman diola Errusiako Kursk eskualdean... [+]
Nekeaz idaztera nindoan zutabe bat, baina erridikulua iruditu zait 19 urterekin lur jotaren planta egitea: amore emanda, nekatuta, etsituta, mundu honek ukatu banindu bezala. Are erridikuluagoa iruditu zait gelditzen zaizkigun ogi apur txikiekin erantzukizun ezaz amestea, azken... [+]
Gasteizko Mercedeseko langileek bederatzi orduko bi txandetan egingo dute lan aste bitartean, eta larunbat goizetan zortzi orduz, 2025eko martxotik aurrera. Hori da enpresako patronalak iragarri duena iragan astean, gehiengo sindikala aurka azaldu bada ere. Osasunerako eta... [+]
Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Bestalde, Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek auzotik irten eta Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan... [+]
Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.
Guretzat, ekofeminismoa ez da teorikoek eta idazleek garatutako teoria. Kolektibo sozial batean parte hartuta eta beste kolektibo eta erakunde batzuekin harremanetan jarrita eraiki dugun ezagutza da. Eta eraikuntza kolektiboak ikusezin bihurtzeak kezkatzen gaituelako, Desazkunde... [+]
Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian ikusten omen zituzten, olatu tontorretan jauzika.