argia.eus
INPRIMATU
Herri ekimeneko euskarazko hedabideen sektorea
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 07a

Euskal Herriko 100dik gora komunikabide biltzen ditu sektoreak, idatzizkoak, irratiak, telebistak eta Internet kontuan hartuta. 620 langile baino gehiago ari dira eta 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute. 7 milioi euro inguru sortu eta ordaintzen dituzte zuzenean gizarte segurantza eta zergen bidez. CIESek 2007an zioen 450.000 pertsonek kontsumitzen zituztela noizbait euskarazko hedabideak, euskaldunen %57ak.

Hedabideen bitartez –Alberto Barandiaranek elkarrizketan dioen moduan– hiztun komunitateak bere errealitatearen berri zabaldu nahi du, eta era berean, munduaren berri jakin nahi du. Horretarako euskaldunak euskarazko hedabideak nahi eta behar ditu, elkar komunikatzeko eta, horren ondorioz, hiztun komunitatea trinkotzeko. Premiazkoak dira, estrategikoak. Hala aitortzen dute erakunde publiko eta alderdi politikoek, beste kontu bat da iritzia benetako sostengu bihurtzen duten.

Herritarrek herri ekimeneko euskarazko hedabideak kontsumitzen dituzte eta balorazio positiboa egiten dute, baina administrazioaren sostengu ekonomikoa ez da proportzio berekoa. 2011n 7.500.000 euroko diru-laguntza jaso zuten herri ekimeneko euskarazko hedabideek eta EITBri berari bakarrik 134,1 milioi euroko diru-laguntza eman zion Kultura Sailak. Adibide bat baino ez da. Sektoreak dituen beharretatik oso behera egon dira beti laguntzak. Krisi garaian laguntzak are gehiago murriztu dira. Diru-laguntzak emateko orduan sektore estrategikoen artean ez zerrendatzeaz gain, hedabideok kritikatzen dute erakundeek ez dutela publizitate instituzional nahikorik egiten hedabide horietan –haien kalkuluen arabera, publizitate instituzionalaren %7 baino ez doa euskarazkoetara. Azken urteotan gainbehera ekonomikoak gogor jo du eta mundu mailan ere hedabideak aldaketa garaian dira. Nazioartean komunikabide sendoek behea jo dute eta hemen bertan ere batek baino gehiagok itxi ditu ateak.

Hedabideek aspaldi eskatu diete instituzioei hausnarketa partekatua gauzatzeko gune bat, baina orain arte ez da posible izan halakorik eratzea. Oso posible da, azkenean, Jaurlaritza eta hedabideen arteko mahaia uda aurretik eratzea. Beste instituzio nagusiekin ere mahaia eratzea nahiko luke sektoreak.

Sostengu premia agerikoa da. Sektoreaz hausnartzeko 2010eko azaroan hasi ziren biltzen herri ekimeneko hedabideak. Orduz geroztik hainbat aldarri-agerraldi egin ditu sektoreak. Orain, elkartea sortzeko bidean da. Elkartearen helburu nagusiak honakoak lirateke: administrazioaren aurrean eskaerak egiteko ahots bakarraz aritzea; sektoreari buruzko ikerketa eta hausnarketa sustatzea eta hedabideen arteko elkarlana bultzatzea