argia.eus
INPRIMATU
Erronka

Edu Zelaieta Anta 2012ko maiatzaren 02a

“Ez nago batere ados hona etortzen direnekin, gizarte laguntzak eskatzen dituztelako eta ez dutelako interesik jartzen lana bilatzeko. Honek ez du esan nahi arrazista naizenik, baizik eta alferrak direnak gorrotatzen ditudala”.

Halaxe irakurri dut irakasle ikasketak egiten ari den neska baten azterketa batean, eta odol-tantaka hasi zaizkit begiak. Txanda honetara komentario bakar hau ekarriagatik ere, perla “ez-arrazista” gehiagorik irakurri dut ene begi zaurituekin. Dena den, ados egon ala ez, halabeharrez goaz jendarte kulturaniztun baterantz eta, beraz, testuinguru horretantxe jardungo dute biharko maisu-maistrek. Testuinguru horretarakoxe prestatu behar ditugu hezitzaileak.

Hortaz, bi jarrera nagusi daude funtsean: hezkuntzaren hondamendia onartu ala erronkari eutsi. Izenburuan irakurria duzunez, irakurle, badakizu zeinen alde dagidan apustu: latza, ederra edota ezinbestekoa. Izan ere, Nerea eta bere ikaskideak lehen mailan daude oraindik, irakasle bilakatzeko prozesuaren hastapenetan. Lortuko al dugu bestela pentsatzea titulua eskuratu aurretik? Lortuko ahal dugu!