argia.eus
INPRIMATU
Bermuta
Jakoba Errekondo 2012ko maiatzaren 02a
Ipurua, bermutgintzan erabiltzen den landareetako bat.
Ipurua, bermutgintzan erabiltzen den landareetako bat.

Egia da, alemanen wermut hitzetik dator bermut. Bermut ardoa, edo dena delakoa... Dena delakoa diot, ardo azukre alkohol eta landareekin egindako edabeari ez baitakit nola deitu. Edabe, horixe!

Landareekin osatutako ardoak hartzea ez da oraingoxeko ohitura. Dakigula behintzat, grekoek dagoenerako 2.000 urtetik gora daramate ardo horiekin osatzen. Mahats-ardo guztiak bezala Mediterraneo osoan zabaldu ziren horiek ere. Egun bermut ezagunenak Italian, Frantzian eta Katalunia aldean egiten dira.

Ardoa, berez osasungarria, osatu nahi den gaitzaren araberako landareekin osatuta erabiltzen da. Horretarako, batik bat, erdipurdiko ardo zuriak darabiltzate. Ardo horiek gogortu egin behar dira, alkohola gehituta gogortu, alegia. Errazago edan ahal izateko gozagarriren bat ere eransten zaio, jeneralean azukre soila, gordinik edo erreta. Horren arabera bermuta zuria ala gorria izango da.

Sendabelarrak? Denetik! Iltzea (Syzygium aromatium), kina zuhaitza (Cinchona sp.), jengibrea (Zingiber officinale), oreganoa (Origanum majorana), isipu-belarra (Hyssopus officinalis), ipurua (Juniperus communis), kardamomoa (Elettaria cardamomun), larranbiloa (Matricaria chamomila), martorria (Coriandrum sativum), asentsio-belarra (Artemisia absinthium), kanela (Cinnamomum verum), garrazkien azalak eta abarrek osatzen du bermutgintzan erabilitako landareen zerrenda. Asko kanpotik ekarritako espezia edo landare bitxi, exotiko eta arrotzak dira, edariari ospea eta egin-zailaren itxura emango diotenak. Denak, ia denak, mikatzak dira edo eta, gustukoa edo ez, urrina dute. Bermutgile bakoitzak bere trikimailuak ditu, baina ezkutuko belar nahasketa da kakoa.

Asko hedatzen ari da bermuta eta tankerako edabeak edateko ohitura. Jendearen gustua asmatzen ez da zaila: gozoa eta mikatza nahasi, landareen urrin naturalekin dotoretu eta osasungarria dela zabaltzea. Antzeko edari ugari dago: Katalunian ratafia harrigarriak dituzte, Galizian duten uxuala aukera ikusgarria da eta urrutira gabe geurean patxarana.