argia.eus
INPRIMATU
Sautrela hil da,

Joxemari Ostolaza 2012ko apirilaren 24a

Gora Sautrela! Horiek izan ziren Hasier Etxeberriak agurtzat bota zituen hondar hitzak, Ramon Saizarbitoria parez pare zuela elkarrizketa mamitsu bezain atsegina burutu ondoren. Plazer bat adimenerako. Sautrela ez da hil, akabatu dute. Ez pelotazoka, ez dituzte behar izan lehergailua soberan duten fusilak desagertarazteko, aski izan dute zuen elikadura eskasa kentzea letren erresuma eraisteko, gosez hiltzen uzteko. Ez zuten Sautrela beharrezkoa erdaldun agintari arrotzek, ezagutzen ez gaituzten horientzat gutxi batzuen apeta besterik ez zen Sautrela, ondorio deserosorik ekarriko ez liekeen erabakia hartzeko ez dute inongo lotsarik izan. Bazekiten jakin, ez zutela aurkako manifarik jasan beharko, ez zutela beren informatiboetan aldarri pankartaren atzeko mundu errabiatuaren desfilerik filmatu beharko, euskaldungoa jendetasunaren izenean guztia irensteko sortua dela. Ez diogu Sorozabalen musikaz minutuko isilunerik eskainiko, ezta ondorengo txalo zaparradarik joko. Euskara ez da UEFA, bere literatura ez da futbola, Alberto Surio ez da Rodolfo Ares, ETB ez da Ertzaintza, euskal idazleak ez dira Athletica.