argia.eus
INPRIMATU
Laura Garrido
“Ez dago parekatzerik ETA eta Francoren diktadura”
  • Aro berrian omen gaudenez...

Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30
Laura Garrido
Laura GarridoAlex Larretxi

Irentsi duzu Legebiltzarreko lehendakaritzarako zure partez Arantza Quiroga izendatu izana?

Aukera aniztasuna sanoa izateaz gain, arraroa litzateke maila horretako postu baterako izen bakarra egotea mahai gainean.

Zure alderdiak euskarari zegokiona eman balio zurea zatekeen postua.

Euskara garrantzitsua da PPrentzat. Ez dugu ahaztu behar, ordea, erkidego elebidun batean gaudela eta bakoitzaren askatasuna errespetatu behar dela. Bai gaztelania bai euskara hizkuntza ofizialak dira.

Barkatu, askatasuna bi hizkuntzak jakin eta bakarra hitz egiteko hautua da, ez bakarra jakin eta huraxe erabiltzea.

Euskarak batzen gaituena izan behar du. Horretarako, euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatu behar da, baina horrek ez du esan nahi funtzionario guztiek euskaldunak behar dutenik. Gainera, ez da soilik PPren kontua. EAJn ere badaude euskaraz ez dakitenak: Anasagasti, Xabier Aguirre...

Baina horiek ez dira sekula Lizartzako zinegotzi izan, zu bai.

Egoera berezia izan arren legearen barruan gobernatu genuen, lizartzarren ongizatea helburu. Ez gaitezen engaina, Euskadiko edozein herritan PPko zerrenda bat aurkeztu ahal dugunean lortuko dugu elkarbizitza sanoa.

Legeari eta euskal gizartearen nahiari hainbeste erreparatzen diozunez, hamar euskal herritarretatik zazpi presoen hurbiltzearen alde dagoela dio Eustatek.

PPk ez du zalantzan jartzen birgizarteratze politika legearen barruan dagoenik, baina denok dakigu horretarako presoek baldintza batzuk bete behar dituztela. Orain ere ETA da presoak kontrolatuz politika horiek aplikatzeko zailtasunak jartzen dituena.

Kondenak gora eta kondenak behera, zuek noiz kondenatu duzue oraintsu arte zuen ohorezko presidente Manuel Fragak zerikusi zuzena izan zuen frankismoa?

Alderdi Popularrak ez du arazorik Francoren diktadura kondenatzeko. Ez zaizkit erregimen totalitarioak gustatzen. Horrexegatik ez zait gustatzen ETAk proiektu totalitario bat armen bidez inposatu nahi izatea. Ez dago parekatzerik ETA eta Francoren diktadura.

Laura, Madril zure zain dago!

Ez pentsa halakorik daukadanik buruan. Momentua bizi dut eta euskal politikagintzak bizi nau. Nire ibilbidea hemen egitea gustatuko litzaidake.