argia.eus
INPRIMATU
Etxerako lanak eskolan
Ohitura lagungarria ala alferrikako gainkarga?
  • Planto egin dute Ipar Euskal Herriko gurasoek: hamabost egunez, eskolan seme-alabei etxerako agintzen dieten lanik ez egitera deitu du apirilean Frantziako Estatuko guraso federazio handienak (FCPE). Ez da eztabaida berria, Nafarroako Arartekoak gaia mahairatu zuen iazko ikasturtean, gurasoen kexek bultzatuta.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2012ko apirilaren 24a
Cayusa/CC

Antzekoak dira guraso batzuen eta besteen argudioak: ez dago frogatuta etxerako lanek onurarik dakartzatenik haurren ikasketa prozesuan; praktikan –seme-alaba txikiekin batez ere–, gurasoek beren gain hartzen dituzte lan horiek eta ez dira ikasleen aurrerapenen isla, gurasoen emaitza baizik, “laguntzen” duten gurasoen eta ez dutenen umeen artean ezberdintasunak sortuz; eguna ikastetxean eman ostean nekatuta iristen dira haurrak eta beraien garapenerako garrantzitsuak diren bestelako ekintzetarako, aisialdirako eta senideekin egoteko duten denbora jaten dute. Nafarroako Hezkuntza Batzordeak Arartekoaren eskariz iaz kaleratutako Eskolako lanak txostenaren arabera, 11-12 urterekin egunero batez beste ordubete eta 36 minutu eskaintzen diete ikasleek etxerako lanei, eta 14-15 urterekin, kasik bi ordu.
Eskolako lanen bolumena kritika nagusietakoa izaten baita sarri: ariketa gehiegi agintzen zaizkiela ikasleei, denbora asko eskatzen dutenak. Baina kopurutik harago, eredua bera jartzen du zalantzan hainbatek, oroimena eta memoria lantzeko errepikapenean oinarritutako ariketa zerrenda luzea baino ez direlakoan. Horregatik, lan moldea aldatu egin dute ikastetxe batzuetan: astebeterako ikasleek egin beharrekoak adosten dira, eta lan horiek eskola-orduetan gauzatu ditzaten egiten da plangintza –bukatzerik ez duenak, etxean amaitu behar ditu egitekoak, baina ahal dela ikastorduen barruan burutzea da abiapuntua–. Ez al dira, bada, nahikoa ikasleek eskolan sartzen dituzten orduak, bertako eginbeharrak bertan burutzeko?

Ezezkoa da irakasle ugariren erantzuna: curriculumaren eduki guztiak jorratzeko –azalpenak eman eta testu-liburuetako ariketak bete–, ordu gutxiegi dituztela kexu dira. Beharraz gain, etxerako lanak onuragarri direla defendatzen dute batzuek: ikasitakoa sendotzeko laguntza gehigarria da, eskolan jasotakoa landu eta barneratzeko modua; lanak planifikatzen eta antolatzen ikasteko baliagarria da; autonomia, independentzia, ardura, autodiziplina eta ikasketa ohiturak bultzatzen dituzte. Areago, hainbatek dio gurasoek ez dutela benetan inplikatu nahi seme-alaben hezkuntzan, eta hortik datorrela eskolako lanen kontrako iritzia. Baina eskolako lanek izan behar al dute gurasoak seme-alaben hezkuntzan inplikatzeko modua?

Kontua da zein neurritan egiten dituzten haurrek etxerako lanak eta zein neurritan haien gurasoek, eta zenbat eta zein ereduren araberakoak diren ariketak. Gainera, diziplina eta autonomia bezalako baloreak bestelako jardueren bidez ere barneratu daitezke, baina komeniko litzateke neurtzea zenbat denbora bideratzen den balore horiek indartzera eta zenbat eskaintzen zaien haurraren garapen integralean garrantzitsuak diren bestelako baloreei. “Guk haur osoak nahi ditugu, sozialki, fisikoki eta artistikoki garatuko direnak, eta erlaxatzeko eta ume izateko ere denbora izango dutenak”, dio Alfie Kohn irakasle estatubatuarrak. 7 eta 11 urteko bi umeren aitak The homework myth (Eskolako lanen mitoa, 2007) liburuan dio eskolako lanak onurarik gabeko ahalegin huts bilakatu direla eta ariketa horiek umeengan sortzen duten interes faltak eskolarekiko eta orokorrean ikastearekiko jarrera ezkorra eragin dezakeela: “Etxerako lanak dira haurraren jakin-mina amatatzeko arrazoi nagusia”. Bere ustez, azken muturrean norbera baino ez da gai norbere burua motibatzeko: “Gauzak ulertzeko umeak berez duen nahia loratzeko, sare curricular eta giro aproposa sortzea da egin dezakeguna, eskolan eta familian”.