"Inperialismoari eman zion aukera Malvinetako gerrak"

  • Ernesto Alonso Malvina Uharteetako gudari ohia da, 19 urte zituela Argentinako armadak hara behartuta. Gerra hartatik 30 urte bete direnean, diktadurak hartu zuen erabakiaren gaineko berrirakurketa egin du CECIM (Centro de ExCombatientes de las Islas Malvinas) erakundeko kideak: zergatik deitu zen gerra, nortzuk diren “Malvinetako heroiak”, eta bertan gertatu ziren tortura eta hilketak. Uharteen subiranotasuna aldarrikatzeko bide diplomatiko guztiak ikusten ditu egoki eta itxaropentsua iruditzen zaio Latinoamerikak jarrera bateratu izana.

Ernesto Alonso
Ernesto AlonsoCECIM

Nortzuk osatzen duzue CECIM erakundea?

Gerraren esperientzia bizi ondoren, elkartzeko beharra sentitu genuen askok. Gu mutikoak ginen, 19-20 urte genituen eta Malvinetan geundela etxekoak genituen gogoan, itzuleran ikusiko genituenak, jango genuena… Baina okerrena iristeko zegoen. Azkeneko egunak aurrez aurreko borrokaldiak izan ziren. Nolabait, gerraren bidez sartu gara gure herriaren bizitza politikora. Demokraziaren hasierarekin, antolatzeko eta parte hartzeko piztu zen irrikarekin sortu genuen guk ere gure taldea. Horrela finkatu genituen gure aldarrikapenak: gudari ohien berreskuratze fisiko eta psikikoa, Malvinetan gertatutakoaren egia azaleratzea eta inperialismoak kendu dizkigun lurraldeen jabe egitea.

Gudari ohien berreskuratze fisiko-psikikoa eta egia azaleratzea, zein neurritan bete dira?

Lan handia ari gara egiten. Dela gudari ohien birgizarteratzean edo diru-laguntzak lortzen, pentsioak adibidez. Lehenengo hamar urteak oso gogorrak izan ziren zentzu horretan. Inolako estatu politika eta laguntzarik gabe egon gara. Orain osasun zerbitzua eskuratzea lortu dugu eta lan arloan ere aurrerapauso handiak eman ditugu. Baina, egoera hori duela hamar urte izan behar genuen eta tamalez bidean lagun asko gelditu dira. Behin hori lortuta, Malvinetan gertatu zenaren egia azaleratzeko saiakeran jarri ditugu indarrak. Guk bi etsai izan genituen: ingelesak eta gure nagusiak. Militarrek eurek eragiten zituzten hildakoak gure taldeetan. Malvinetako gerrari buruz zuten ikusmoldea antolatu gabea zen, arduragabea, irabazteko aukerarik gabekoa… Hori da orain Gobernuak argitara eman duen txosten sekretu batek dioena. Rattenbach txostena, militarrek gerra ostean idatzitakoa.

Gerran gertatu zirenak argitara ari dira ateratzen orain?

Pixkanaka bide horretan ari gara aurrera. Egun prozesu judizialean gaude murgilduta. 2007an aurkeztu genuen Malvinetan jasan genituen torturen kontrako salaketa. Orain Auzitegi Gorenak erabaki behar du han jazotakoak gizateriaren kontrako krimenak diren ala ez. Hala izendatuko balitu, erantzuleek epaiketa bati egin beharko liokete aurre, diktadurako gainontzeko krimenekin gertatzen ari den moduan. Estatuko fiskala ere gure eskarira batu da.

Malvinetako gerra bi hariko korapiloa da. Argentinarren aldarrikapen historikoa batetik eta estatu terrorista batek bultzatutako guda bestetik. Zein da zuen irakurketa?

Guk ez dugu gerra aldarrikatzen, ez dugu diktaduraren erabakia babesten. Erabaki horrek Malvinetatik urrundu gintuen eta inperialismoari eman zion aukera Atlantikoko hegoaldean finkatzeko. 1982an 45 RoyalMarine besterik ez zeuden, gaur NATOK base militarra du 2.500 militarrekin. 85ean eraiki zuten, gerra amaitu eta gutxira. Gainera, diktadurak ez zuen inolako sinesgarritasunik, ez baitzuten gure herrialdeko subiranotasuna errespetatu. Errepresio sistema krudela garatu zuen, genozidioa burutu zuen Argentinaren aurka. Herrialdeko ekoizpen baliabideak suntsitu zituen, mugaz kanpoko enpresa handien pagotxarako! Malvinetara joateko aitzakia erabili zuten gure gizartearen muina ukitu eta boterean luzeago iraun ahal izateko. Noski, guretzako oso gai garrantzitsua da Malvina Uharteena. Orduan 150 urte generamatzan lurralde hori aldarrikatzen eta gizartearen zati bat militarren alde jarri zen.

Nolako tratuak salatu dituzue zuen gaineko ardurak zituztenen kontra?

Kontuan izan behar da Malvinetara joan ziren indar armatuak diktadurako berberak direla. Zerrenda errepasatuz gero, gizateriaren aurkako krimenen erantzule gisa prozesatuak eta epaituak izaten ari diren izen asko aurkituko dituzu. Pernía, Astiz, “Tigre” Acosta, Rolon, Carrizo Salvadores, heriotza hegaldietako pilotuak, eta abar. Horiek guztiak izan ziren Malvinetan eta haiek torturatu gintuzten. Gu gazteak ginen! Gazteak eta zibilak! Derrigorrezko zerbitzu militarrera sartu gintuzten berriz heziak izateko, doktrinatuak, alineatuak. Gizarte ordenatu bat izateko. Txukuna eta esanekoa. Soldadu batek aginduren bati uko egiten bazion edo koldarkeriagatik zigorren bat baldin bazegokion, horretarako arauak zeuden baina ez ziren erabili. Zigor zuzenak ezartzen ziren. Batez ere, gosearekin lotutako kasuak izaten ziren. Goserik ez izatea agindua zen! Eta hotza sentitzen bazenuen psikologikoa zen. Beraz, ihes egin behar izaten genuen deposituetatik zerbait lapurtzera edo ardiren bat akabatzera.

Torturak era guztietakoak ziren. Irudikatu ditzakezun guztiak. “Estakeoak” askotan. “Estakeoa” zera da, gorputz-adarretatik lau makiletara erdi biluzik lotzen zintuzten, buruz gora, batzuetan bonbak jaurtitzen ari zitzaizkigun bitartean, beste batzuetan harria ari zuela ere bai. Kanpainako telefonoekin egindako deskarga elektrikoak, bortizkeria sexuala… Gosez hiltzen utzi zituztenak ere bai. Soldadu jakin bati janaririk ez emateko agintzen zuten. Soldaduetako asko eltze kopuru eskasarekin abiatu ziren haien etxeetatik Malvinetara eta gero han oso egoera ahulean zeuden. Ur izoztu putzuetan sartzen zintuzten, hainbatek anputazioak izan zituzten horren ondorioz, fusilamendu simulazioak, tortura psikologikoa… Denetik. Ondoren, errepresiogile asko gerrako heroi gisa izan zen hartua.

Leopoldo Galtieri diktadurako presidenteak famatu egin diren hitzak bota zituen Maiatzeko Plazan: “Etorri nahi badute, etor daitezela. Borroka egingo dugu!”. Nola izan ziren ondorengo orduak?

Argentina hegoaldera eramango gintuztela esan ziguten, hegoaldeko soldaduak ordezkatzera. Izan ere, klima hotzera hobeto egokituak zeudenez uharteetara haiek joango zirela esan ziguten hasiera batean. Patagoniara iritsi arte ez ziguten jakinarazi Malvinetara gu joango ginela. Militarren hasierako asmoa uharteak zapaldu eta denbora gutxira ospa egitea zen baina korapilatu egin ziren. Ez zuten uste britainiarrak gerrara joango zirenik. Margaret Thatcherri ezin hobeto etorri zitzaion, ordea, gerraren aitzakia; herrialdean zuen krisia estali eta berraukeratua izan zen. Eta begira orain! Antzeko krisi batean daude Erresuma Batuan, baina Argentinan ez dago Galtieri bat.

Zuek Malvinetara iritsi eta egun batzuk pasa ziren britainiarrak iritsi arte.

Gu apirilaren 12 eta 13 artean iritsi ginen eta gure kasuan Puerto Argentinotik hurbil destinatu gintuzten, herria defendatzeko. Niri London mendian egotea egokitu zitzaidan. Han egon ginen ekainaren 11ra arte. Egun horretan eraso ziguten parakaidista britainiarrek. Aurretik, ordea, aireko eta itsasoko erasoak ere jaso genituen. Increscendo izan zen. Gure errejimentuak izan zituen Malvinetan hildako gehien, 36 hildako: 35 soldadu eta ofizial bat.

Gerra amaitu ostean Campo de Mayoko zentro militarrera eraman zintuzteten.

Campo de Mayora gizentzeko eraman gintuzten. Zazpi edo zortzi aldiz eman ziguten jaten egunero. Bainatu gintuzten, arropa garbia eman eta inkesta segida bat antolatu zuten. Orduan hasi zitzaizkigun ohartarazten ez genuela gertatutakoari buruz hitz egin behar. Isiltasunera behartzen saiatu ziren. Orduan haiek ziren gure bizitzaren jaun eta jabe. Egoera horretan hasi ginen gudari ohien artean elkartzen eta hitz egiten. Hori egiterik ezin izan zuenak gaizki pasa zuen gero. Soldadu ohi askok egin du bere buruaz beste. Guk gure kontakizuna eta gure egia eraiki genuen.

Nola gogoratzen duzu Campo de Mayotik irten eta etxera egin zenuten itzulera?

Ezkutuan ekarri gintuzten, gure kasuan, La Platara. Autobusetan, gauez, leihoak tapatuta. Campo de Mayon egun gehiagoz gelditzea nahi zuten baina egoera jasangaitza zen. Ezkutuan ekarri gintuzten eta izugarria izan zen. Ez zuten hildakoen berri emateko ardurarik hartu. Familiek guri galdetzen ziguten haien senideak non zeuden, zer pasa zitzaien, ikusi al genituen. Militarrek ez zuten inolako erantzunik eskaini eta guk esan genien genekiena, genekien neurrian.

Biztanle zibilez gain militarrak ere badira Malvinetan.

Oso kezkagarria da hori. 3.000 eta 4.000 soldadu artean har ditzakeen basea dago. Uharteak azken teknologia militarren probarako lurralde bihurtu dituzte. Erresuma Batuak zabalik dituen gerra eszenatokietara joan aurretik soldadu asko pasatzen da Malvina Uharteetatik. Arma nuklearrak daude eta ohikoa da urpe-ontzi nuklearren presentzia. Malvinetako enfrentamendua Gerra Hotzaren garaian izan zen, armamentu nuklearra eraman zen bertara eta gero dispositibo hura ez zen desaktibatu. Horrek guztiak kezka piztu du Latinoamerikako gainontzeko herrialdeetan ere eta ulertzen hasiak dira ez dela Argentinari dagokion kausa bakarrik, eskualde osoari eragiten diona baizik. Latinoamerikako base militarren mapa ikusten baduzu, baliabide naturalen maparekin dator bat.

Erresuma Batuek negoziatuko dutela uste duzu?

Erresuma Batuaren jarrera eutsi ezina da. Eremu kolonial hori mantendu nahi du eta entzungor egin die Nazio Batuen 40 ebazpeni. Correak esan zuen: “Irudikatu ezazue Nazio Batuen ebazpen bat soilik beteko ez lukeen hainbat herrialderi zer gertatuko litzaiekeen”. Nik uste dut diplomaziaren eta nazioarteko zuzenbidearen aldetik jarraitu behar dugula.

Atentzioa eman dit: zuetako asko itzuli zarete noizbait Malvinetara.

Denok ez dugu horretarako gogoa izaten, oso kontu pertsonala da. Baina bai, askok bidaiatu dugu berriz uharteetara. Nik bi aldiz egin dut jada. Niretzat ez da zerbait ixteko bidaia, alderantziz baizik. Uste dut erne jarraitu behar dugula gaia. Joaten naizenean zein aldaketa egon diren ikustera noa, base militarra non kokatu zuten ikustera, nolako mugimendua dagoen... Bidaia politikoa da.


Azkenak
2025-02-19 | Ahotsa.info
Yala Nafarroak manifestazioa deitu du otsailaren 22rako

Yala Nafarroak bat egiten du Israelek nazioarteko zuzenbidea sistematikoki urratzen duela salatzeko mundu osoan zehar egiten ari diren mobilizazioekin, eta iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela Mendebaldeko gobernuek Israelgo erregimenarekin duten konplizitatearekin amaitu... [+]


2025-02-19 | Irutxuloko Hitza
Irutxuloko Hitzaren hogeigarren urteurreneko ekitaldia, iruditan

Donostiako San Telmo museoko aretoa jendez bete da Irutxuloko Hitzaren hogeigarren urteurreneko ekitaldian.


Galeperra ez da galzorian deklaratuko eta bere ehiza baimenduta egoten jarraituko du

2022an galeperra galzorian izendatzea proposatu zuen Espainiako Zientzialarien Batzordeak, bere ehiza debekatzea ekarriko lukeena. Espainiako Gobernuak orain erabaki du ez ematea babes hori espezieari, eta ehiztarien lobbyak eskainitako informazioa erabili du horretarako.


“Euskarazko murgiltzea erasotzen ari dira PAI ereduaren zabalkundearekin”

Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.


Onkologia Osakidetzan integratuko dute ekainaren 30erako

Alberto Martínez Jaurlaritzarne osasun aholkulariak jakinarazi du erabakia, Gasteizeko Legebiltzarrean. Langile guztiak subrogatuko dituztela ere esan du. 


Langile bat hil da AP-15 autobidean Nafarroan, kamioi batek harrapatuta

Eguerdian gertatu da istripua, 25. kilometroan, Nafarroako Martzilla herriaren inguruan. 2025ean hil den zazpigarren lagilea da.


EITBren Bilboko egoitza aurrean kontzentrazioa egingo dute, zuzendaritza postuak euskalduntzea exijitzeko

"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.


Lizarrako UPNk eskoletako bertsolaritza programa eten du

Lizarraldean euskara sustatzeko lana egiten duen Bagara elkarteak egin du salaketa: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".


EAEko gazteen %88aren ustez buru osasuneko tratamenduak Osakidetzaren gain egon beharko lirateke

Future Game proiektuak EAEko gazteen osasun mentalaren inguruko ikerketa egin du. 18-35 urteko gazteen %87,7ak osasun mentaleko tratamenduak osasun publikoak bere gain hartu beharko lituzkeela pentsatzen du; %64,5ak osasun mentalaz hitz egitean haien iritzia kontuan hartzen ez... [+]


AEBak eta Errusia batzartu dira Saudi Arabian, Europak albotik behatzen duen bitartean

Ukrainako gerra hasi zenetik, bi potentziak ez dira mahai beraren bueltan eseri. Negoziatu egingo dute nola amaitu gatazka belikoa. Ukrainako presidenteak, ordea, esan du ez duela mahai horretan adosten den ezer onartuko, bera ez baitute gonbidatu.


Guggenheim Urdaibai: nork nori entzun eta zertarako?

2021ean hasi ginen Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko lehen oihartzunak entzuten…Bai ala bai egingo zela esan zigun orduko Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bere esanak indartzeko, 40 milioi euro utzi zituen “blindatuta” museoak eraikitzen zirenerako... [+]


Lau urteko espetxe zigorra ezarri diote Irungo irakasle bati, Txingudi Ikastolan ikasle bati sexu abusua egiteagatik

Lau urteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta hiru urtez 12 urteko biktimarengandik urruntzeko agindua eman du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Neskari 6.000 euro ere ordaindu beharko dizkio erasotzaileak kalte-ordainetan.


Kripto-txanponekin eginiko iruzur batek krisi betean murgildu du Milei

$LIBRA izeneko kripto-txanponean inbertitzeko deia egin zuen Argentinako presidenteak sare sozialetan. Une batean 4.500 milioi euroko balioa izatera iritsi zen arren, ordu gutxiren ostean behea jo zuen kripto-txanponak eta galera asko eragin zizkien bezeroei. 100 salaketa baino... [+]


2025-02-18 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia

Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin estrategikoetako 210 mila tona merkaturatzeko agindua eman du,... [+]


Martxoak 3a “askatasunez” oroitzeko aldarria egin dute

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea... [+]


Eguneraketa berriak daude