"Egia da berradiskidetzarako bidea"

  • Izenburuko esaldia hautatu zuten Hegoafrikako Egiaren eta Berradiskidetzearen Batzordearen lelo, honek 1995ean ibilbidea hasi zuenean. Gerora, komisio hau bakegintzan aditu direnek lehen mailako erreferentzia hartu dute. Ez zen hau izan halere munduan antolatutako halako komisio bakarra, ezta lehena ere, guztira hogeita hamar bat egin baitira orain arte nolabaiteko giza eskubideen bortxaketa sistematiko bat bizi izan duten herrialde batzuetan. Azkena Brasilen, joan den urriaren 29an Senatuak Egiaren Batzordea eratzea onartu baitu 1964 eta 1985 bitarteko diktaduran egindako gehiegikeriak ikertzeko.

    Funtzio eta helburu ezberdinak ezarri izan zaizkie: batzuk aurrez aurre jarritako komunitateen berradiskidetasunean zentratu dira, beste batzuek iraganean gertatutakoa ikerketzen eta argitara ekartzen jarri dituzte indarrak, eta beste batzuek, urraketen arduradunak identifikatu eta zigortzea lehenetsi dute. Lorpenei begiratuta ere barietate handia dago. Larrun honetan munduan izan diren halako batzordeei begira jarriko gara, irakurleari hainbat kasu nabarmenduz eta bakoitzaren indargune eta ahulguneak aztertuz.

    Amaitzeko, Euskal Herrian halako komisio bat nola eta zer helbururekin eratu behar genukeen planteatu nahi izan dugu. Jon Mirena Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohia elkarrizketatu dugu eta Lau Haizetara Gogoan elkarteak 2009an argitaratu zuen “Euskal Herriko Egiaren Batzordea” liburuko informazioa baliatu dugu.

Jon Mirena Landaren ustez, Estatuak eragindako biktimak bigarren mailako tratua jaso dute, askotan erantzuleak identifikatu eta zigortu ere egin gabe. 1978an Iruñean hil zuten German Rodriguezen kasua horietako bat da.
Jon Mirena Landaren ustez, Estatuak eragindako biktimak bigarren mailako tratua jaso dute, askotan erantzuleak identifikatu eta zigortu ere egin gabe. 1978an Iruñean hil zuten German Rodriguezen kasua horietako bat da.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
zer gertatu da hemen?

Ezer baino lehen, komeni da argi uztea Euskal Herrian ez dela aldarrikapen berria Egiaren Batzordearena. Agenda politikora orain gutxi ezker abertzaleak ekarri du berriz joan den otsailean Donostiako Kursaalean Konponbide haizea dabil agiria aurkeztu zuenean. Bertan ETAren biktimekin izandako jarreraz autokritika egiten zuen aipatu alderdiak eta adierazi zuen onartzen duela “alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazioa falta izan zaiola beste aldeko biktimekiko”.

Aurkeztu zuten dokumentuan, aurrera egiteko pauso gisa, “Trantsiziozko justizia” eskatzen zuten, eta honen barnean, Egiaren Batzorde bat osatzea Euskal Herrian. Komisio honek iraganean gertatutakoa ikertzeko, independentea eta nazioartekoa izan behar lukeela proposatu zuen. “Politikoki inpartziala izan beharko luke, parte-hartze irekiarekin eta baztertzerik gabekoa”.

Batzorde honek gatazkaren arrazoiak eta ondorioak aztertu beharko lituzke ezker abertzalearen ustez, baita gatazkan gertatutako gehiegikeria guztiak ere. EAJk eta PSE-EEk baina, berehala erantzun zioten ez dutela halako ikerketa batzordeen beharrik ikusten.

EAJk adierazi zuen “gizarteak oso garbi” duela zer gertatu den Euskadin eta ez duela Egiaren Batzorderik eratu beharrik ikusten. “ETAk orain artekoan izan duen erantzukizuna zein den denok dakigu”, esan zuen Iñigo Urkulluk. PSE-EEren izenean Patxi Lopez Lehendakariak eta Idoia Mendia gobernuko bozeramaileak erantzun zioten ezker abertzaleari. Sozialisten iritziz ez da egiaren batzorderik behar, “egia bertan izan baita, ETAk jendea hiltzen zuenean, terrorismoak enpresariei txantaia egiten zienean, biktimak marginatu eta iraintzen zirenean, egia bertan zegoen eta nahikoa zen begiak ez ixtea, hau ikusteko”. PPk ez zuen gaia aipatu ere egin hurrengo adierazpenetan, eta ETAren disoluzioa eskatu arte ezin dela aurrera egin adierazi zuen.

Euskal Herrian garai berriak bizi ditugun honetan, atzera seriotasunez eta biktimekiko errespetuz begira jartzea ezinbestekoa da ordea. Azken 50 urteotan Euskal Herrian izandako biktima guztien zerrenda ofizial bat egitea eta aurrera begira antzeko ezer berriz gerta ez dadin neurriak hartzea Euskal Herriko herritarren arteko berradiskidetasuna bultzatzeko ezinbestekoa da, beste zenbait herrialdetan ikusi denez. Zenbat pertsona hil ditu ETAk? Zenbat pertsona hil dituzte Espainiako eta Frantziako estatuek edo hauen ordezkariek? Zenbat zauritu ditu ETAk? Zenbat zauritu dituzte estatuek? Galdera horietako batzuek dokumentatuta daude azken urteotan zenbait taldek erakunde ofizialen babesarekin egindako lanari esker. Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, ETAk 1968tik 829 pertsona hil ditu, nahiz eta zenbaki horren gainean ere adostasun totalik ez egon. Baina nor eta zenbat dira estatuek hildakoak? Torturatu eta zaurituak zenbat dira? Noiztik hasiko gara kontatzen narratiba adostu bat ezartze aldera? 36ko gerraren ondoren Estatuaren izenean egindako gehiegikerien biktimek zer diote honi guztiari buruz?

Galdera ugari dago erantzuteke, eta horiek seriotasunez eta inpartzialtasun osoz jorratzeko, Egiaren Batzordearen aukera ezin da hain azkar eta berehalakoan saihestu “egia hor egon da” bezalako argudioekin. Dena den, baliteke eztabaida politikoaren berotasunak eta proposamena ezker abertzaleak egin izanak eragitea ezezko erantzunak.

Zer dira Egiaren Batzordeak baina?

Esperientziak erakutsi digu egia ezkutatzean edo justizia egiteko neurri eraginkorrak aplikatu ezean, zauri irekiak geratzen direla gizarteetako zenbait sektoretan. Hala, batzuk gainditutzat jo izan dituzten gatazkak berpiztu egiten dira. Nazioarteko esperientziek erakusten digute atzera begira egin beharreko lan delikatu honetarako tresnarik interesgarrienetakoak Egiaren Batzordeak direla.

Historiaren pasarte mingarriak gainditzeko eta giza eskubideen urraketa masiboak aztertzeko, gizarteek jarrera kritiko bat hartu behar dutela defendatzen dute nazioarteko hainbat erakundek. Beste askoren artean, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetako Goi Batzordeak edo Amnesty Internationalek (AI) munduan Egiaren Batzordeen eraketaren aldeko jarrera aktiboa dute. Beste modu batean esanda, bortxazko egoera batetik bakera egin beharreko trantsizioak hiru oinarri behar ditu erakundeon arabera: egia, justizia eta erreparazioa.

Batzorde hauek azken finean, ikerketa sakonak egin ostean, iragana azaltzea izaten dute abiapuntu. Ikerketa judizialak irekitzeko ekarpenak ere egin izan dituzte zenbait lekutan, eta hala, justizia egiteko bidea ireki izan dute. Azkenik, komisio hauek administrazioei zuzendutako gomendio multzo bat egiten dute biktimen errekonozimentuari eta hauen erreparazioari dagokionez, zauriak ixten laguntze aldera.

1974tik 2012ra gutxienez 33 komisio eratu dira 29 herrialdetan. Erdiak baino gehiago azken hamarkadan, eta oraindik batzuk martxan daude, Ekuador, Kanada eta Brasilen adibidez. Emaitzak ere askotarikoak izan dira urte hauek guztietan. Ez dira gutxi izan ikerketa abiatu eta hainbat kausa medio sortu bezain pronto desagertu direnak (Filipinak kasu) edo ikerketaren helburuak bete ez dituztenak (Haiti kasu). Komisio horiek porrot egin dute eta herrialde horietako urraketen biktimentzat sufrimendu erantsiaren azken kapitulua dira.

Hala ere, beste zenbait herrialdek, amaierara arte heltzea lortu dute. Lan egiteko modu ezberdinek erakutsi dute hainbat alorretan eragiteko aukera dutela. Hegoafrikako Egiaren eta Berradiskidetasunaren Batzordea nabarmendu zen herrialde osoan 2.000 audientzia publikotik gora egin eta telebista eta irrati bidez testigantza gogorren zabalkunde masiboa emateagatik. Honek biktimen duintasuna berreskuratzeko eta egia ezagutarazteko duen balioa frogatu zuen. El Salvadorkoak 12 urteko guda zibileko giza eskubideen urratzaileen arduradunak identifikatu zituen. Ugandakoa Afrikan sortutako lehena izan zen eta beronen aurrean aurkeztu behar izan zuten, baita Gobernuko ordezkari izandakoek ere, ekintza basatiak egin izana leporatuta. Guatemalakoak argitara atera zituen komunitate maiaren aurka egindako sarraskiak. Txileko batzordearen argitalpenaren ondoren, biktimen aldeko neurri ugari hartu ziren, eta Gobernuak lehen aldiz Estatuaren izenean barkamena eskatu zien biktimei. Ondoren izango dugu hauek sakonago jorratzeko aukera.

“Genozidioetako biktima guztiek, gizateriaren aurkako krimenak, gudak, torturak, bide extrajudizialak eta desagerpenak pairatu dituzten biktima guztiek, egia jakiteko eskubidea dute”, Amnesty Internationalen arabera. Gobernuz Kanpoko Erakunde honek defendatzen du krimenei buruz egia jakitea oinarrizkoa dela, biktimek gertatu zena jakin dezaten, desagertuta badaude ea non dauden, eta publikoki aitor dadin beren sufrimendua. Azkenik, AIren arabera garrantzitsua da gizarte mailan jakitea zeintzuk izan ziren arrazoiak halako eskubide urraketak gertatzeko, eta ziurtatzeko ez dela antzeko jokabiderik etorkizunean errepikatuko.

Estatu terrorismoaren eta bestelako krimenen aurka ikerketa-tresna baliagarri dira, eta etorkizunean errebisionismo historikorik gerta ez dadin berme gisa aurkez daitezke. Hala ere, Egiaren Batzordeak zenbaitetan kritikatuak izan dira zenbait herrialdetan krimenak zigortu gabe uzteagatik eta giza eskubideen urraketa larriak egin zituztenen zigorgabetasuna areagotzeagatik. Egia jakiteko eskubidea, dena den, Estatuaren agenteek eragindako minaren erreparazioaren parte bat da, eta erreparazio horrek ondorengo neurriak izan behar ditu gai hauetan aditu direnen ustez: neurri ekonomikoak, sozialak, medikuak eta juridikoak.

Hurbil dezagun lupa zenbait herrialdetara

Esan bezala, Egiaren Batzordeak ez dira berdinak izan munduko leku guztietan. Toki batean eta bestean, giza eskubideen urraketek forma ezberdinak izan dituzte, eta horren ondorioz, sortutako komisioek ere funtzio ezberdinak hartu dituzte.

Ondoren, zenbait herrialdetan talde hauek egindako lanaren pintzelada batzuk jasoko ditugu. Informazioaren parte handi bat Wikipediatik eta Nazio Batuen Garapenerako Programak argitaratutako Minetik egira eta berradiskidetasunera txostenetik aterea da. Gaian sakondu nahi duenarentzat, 56 orriko lan hau benetan gomendagarria da eta hemen aipatuko ditugunak baino kasu gehiago aurkituko ditu. Hainbat herrialdetako Batzordeen lana aztertzen du horietan lanean ibilitako jendeak.

Segidan aztertuko ditugun komisioak ezagun egin dira hainbat arrazoiengatik: egia bilatzeko agindu zuzena izan dutelako, edo berradiskidetasuna eta erreparazioa bilatzeko izan duten helburuagatik; metodologiagatik; eraketagatik; independentzia mailagatik; eraginagatik eta baita arrazoi etiko eta legalengatik ere. Ondoren, Guatemala, Uganda, El Salvador, Txile eta Hegoafrikako kasuetan sakonduko dugu.

Guatemala, hitz egiteko beharrez

1999ko otsailean Guatemalako Argitze Historikorako Batzordeak (CEH gaztelaniazko sigletan) azken txostena aurkeztu zuen, biktimen sufrimenduan oinarritutakoa. Christian Tomuschat batzorde honetako presidentea izan zen, eta bere hitzetan gaur egun gatazka armatuak iraganeko zerbait dirudi. Orain hamar urte amaitu zen enfrentamendu armatua.

Osloko Akordioa Guatemalan 1994ko ekainaren 23an sinatu zuten Guatemalako Gobernuak eta Guatemalako Batasun Iraultzaile Nazionalak (URNG), eta honen arabera eratu zen CEH Batzordea. Bere lana “giza eskubideen urraketak eta sufrimendua eragin zuten bortizkeria ekintzak era inpartzial eta objektibo batean argitzea” izan zen. Komisioko kide batzuk nazioartekoak ziren (NBEren ordezkariak) eta beste batzuk bertakoak.

Tomuschaten arabera, hasiera batean, 1960an gatazka bi talde hauen artean gordindu bazen ere, gatazkatik at zegoen poblazio maia geroz eta nahastuagoa egon zen. Bi talde hauek presio egiten zieten maiei etengabe jende gehiago lortu nahi zutelako. Azkenean, oposizioko bi alderdien artean geratu ziren harrapatuta, inongo babesik gabe, nola edo hala indigenak hil behar zirela pentsatzen zuen Estatuaren aurrean. 1996an amaitu zen guda eta guztira 250.000 pertsona hil zituzten, gehienak esan bezala, herritar maiak izaki, nekazari txiroak ia denak. Horietatik 45.000 oraindik desagertuta daude eta Egiaren Batzordearen ondorioen arabera, paramilitarrek heriotzen %80 eragin zuten.

CEHk biktimen elkarrizketetan jarri zuen abiapuntua eta hauen testigantzak biltzea ez zela hain zaila izan dio Tomuschat Batzordeko presidente ohiak. Biktimak azken hamarkadetan eta mendeetan sufritu zuten guztiaz hitz egiteko beharrez topatu zituztela dio. Biktima askorentzat gertatu zitzaiena kontatzeko lehen aukera izan zen.

Hegoafrikako Batzordeak ez bezala, honek ez zeukan inongo autoritaterik amnistiak emateko, eta beraz, ez zuten inongo onura legalik ematen egindakoa aitortzeagatik. Biktimarioek (biktimak eragin dituena izendatzeko erabiltzen den hitz teknikoa) ez zutela batzordera hurbiltzeko interesik erakutsi, dio Tomuschatek.

Biktimen testigantzak jaso zituen taldeak, eta gobernuari erreparaziorako gomendio batzuk egin zizkioten arren, honek nekez bete zituen. Giza eskubideen urratzaile nagusiak libre geratu ziren.

Uganda, presidente ohiak komisioaren aurrean

Ugandako Giza Eskubideen Urraketen Ikerketarako Batzordea 1986 eta 1994 artean aritu zen lanean Ugandan eta bere helburua zen ikertzea giza eskubideen zer urraketa egin ziren aurreko 18 urteetan. Urteetan egindako sarraskiak argitara atera zituen azken txostenean. John Baptist Kawanga batzordeko kide izan zen, eta berak azaltzen du Argentinan eratu zen batzordearen antzekoa izan zela hau. Hala ere, komisioak biktimen alde gutxi egin zuela aitortzen du komisionatu ohi honek. Aurre egin behar izan zioten arazo nagusia zen giza eskubideak erregimen ezberdinetan zehar urratu zirela, eta biktimario asko ondoren biktima bihurtu zirela aldi berean.

Biktima errealek era zuzenean pairatutako gehiegikeria eta giza eskubideen bortxaketak jaso zituzten. Eskubide hauek urratu zituztenengan ere jarri zuen arreta, eta Komisioaren aurrera eraman zituzten arduradunak historiaren beren bertsioa kontatzera. Kasu askotan biktimek aurrez aurre egin zuten topo beren torturatzaileekin. Kasu guztietan biolentzia Estatuak bultzatua izan zela dio Kawangak, unean uneko gobernuak poblazio zibilaren aurka eraginda. Komisioak bi presidente ohiren eta goi postuetako segurtasun ofizialen testigantzak ere jaso zituen. Frogatu zenez, hauek ardura zuzenak izan zituzten urraketetan.

Komisioak frogatu zuenez, 1962an hasi zen poblazio zibilaren aurkako bortxakeria, Uganda Erresuma Batutik independizatu zen urtean. Hiru diktadura garai bereizten dira herrialdean 1962 eta 1986 artean. Egun 28 milioi herritarrek osatzen dute herrialdea.

Hiru erregimenek gutxiengo etnikoen eta disidentziaren aurkako errepresio odoltsuak eraman zituzten aurrera. Milton Obote izan zen independentziaren ondoren lehenengo lehen ministroa eta 1966an konstituzioa indarrik gabe utzi zuena. 1967an bere hurbilekoa zen Idin Aminek hartu zuen boterea estatu kolpe batekin. Hasieran herritarren gehiengoak botere aldaketa eskertu bazuen ere, garaiko diktadorerik krudelenetako bat bezala deskribatzen dute hainbat ikerlarik egun. Miliziak acholi eta langi komunitateetako kideak marginatu, desplazatu eta hil zituen. Obotek berriz boterea kendu zion ordea, eta ondoren kakwa eta lugbara komunitateek ere indarkeria krudela pairatu zuten urteetan. Idin Aminen bizitzan oinarrituako The Last King of Scotland filmak mendebaleko herritarroi Ugandan urte hauetan gertatutako zabaltzen nabarmen lagundu zuen.

Batzordeko kideek egoera hau kudeatu behar izan zuten eta herritarrei zer nolako konpentsazioa espero zuten galdetzen zieten. Egoerak askotan oso zailak izaten zirela dio John Baptist Kawangak. Bi erregimen hauek derrokatuak izanak ziren, eta liderrak atzerrian bizi ziren eroso. Nola eskaini erreparazioa bi garai hauetan senideak hil zizkieten jendeari? Norekin berradiskidetu behar zuten?

Komisioko burua Justiziako Gorte Goreneko epaile bat zen, eta ikerketak erabateko izaera judiziala zeukan. Bertan, publikoki milaka testigantza entzun ziren eta profil altuko kideek emandako testigantza ia guztiak telebista bidez bota zituzten. Hedabideek jarraipen berezia egin zioten Batzordearen lanari orokorrean, eta aditu honek dioenez, ugandarrak liluratu egiten ziren zenbait pertsona, behin boteretsuak izanak, beren ekintzak azaltzera deituak zirela ikusten zutenean. Lehen aldiz historian, azalpenak eman behar izan zituzten. Alde hori nabarmentzen du Ugandako Egiaren Batzordeak lortutako gauzen artean: egia jakin zela lehen aldiz.

Jende askorentzat ez zegoen ezer egiterik ordea, familian hildakoak zituzten horiek. Aditu honek dioenez, hauetako askok espero zuten Batzordeak zerbait gehiago egingo zuela hauek laguntzeko eta gobernuak erreskatatu egingo zituela azkenean. Dena den, egun oraindik beren tragediekin bizi dira, beste zenbait arrazoiren artean, gobernuak ez daukalako halako zerbait egiteko moduko fondorik Kawangaren arabera.

El Salvador, erokeriatik esperantzara

Nazio Batuen Egiaren Batzordea Gobernuaren eta FMLN gerrillaren arteko Bake Akordioen ondorioz sortu zen El Salvador-en eta 1992 eta 1993 urteen artean aritu zen lanean. Zenbait faktoregatik nabarmendu zen komisio hau: bere nazioarteko izaeragatik, herrialdeak bizi zuen polarizazioagatik, bere lana egiteko zortzi hilabete bakarrik izan zituelako eta giza eskubideak urratu zituzten arduradunen izenak argitara atera zituelako. 12 urteko gudan 75.000 herritarrek galdu zutela bizitza kalkulatzen dute. Douglas Cassel Informe Final izeneko azken txosteneko editoreetako bat izan zen eta berak dioenez, guda honen bereizgarrietako bat izan zen zibilen aurkako bortxakeria neurrigabea eta arduradunen zigorgabetasun absolutua. Ez zen audientzia publikorik egin Hego Amerikako herrialde honetan, zegoen beldur giroagatik eta arrisku errealagatik. Casselen ustez, komisioak esfortzu handia egin arren gomendioak praktikara eraman zitezen, gutxi aurreratu da gero.

Hiru kidez eratua zegoen, eta beste 25 bat profesionalen laguntza izan zuten hauek: den denak nazioartekoak. Txostenaren egileak dioenez, Batzordeko kideak herrialdera joan zirenean, bi komunitateak oraindik erabat polarizatuta zeuden eta gobernuaren aldekoen eta gerrillaren aldekoen arteko deskofiantza ia gaindiezina zen. Gutxi ziren alde batekin edo bestearekin identifikatzen ez ziren herritarrak. Ondorioen beldur, lekuko garrantzitsuek hitz egiteari uko egin zioten.

Casselen arabera, zailtasun ugariri egin behar izan zioten aurre. Batetik, biktima zuzenen %85 hilda edo desagerrarazita zeuden, eta beraz, apenas jasotzen zuten testigantza zuzenik. Lekukotzak ia beti inguruko familiarrek ematen zituzten. Hasieran sei hilabeteko epea zutenez, 75.000 salaketa jasotzea ezinezkoa zela bazekiten, eta azkenean hamarretik bat jaso zituzten, nahiz eta aurretik beste erakunde batzuk egindako lanei esker, beste 15.000 ere erregistratu eta aztertu zituzten. Biktima gehienak sindikalistak, ikasleak, lider erlijiosoak, giza eskubideetako taldeetako kideak, biktimen familiarren taldeetako kideak eta FMLNa babesteaz akusatutako nekazariak izan ziren. Azkenik, lana New Yorkeko Nazio Batuen egoitzan amaitu zuten, mehatxuak jaso baitzituzten kideek –Casselek bere idatzian ez du esaten zeinen partetik– eta herrialdea utzi zuten.

Komisioak arduradunen izenak eman zituen, horien artean herrialdeko goi-karguko militarrak. Batzordeak bere azken txostenean gomendatu zuen sistema judizialaren erreforma eta Justiziako Gorte Goreneko epaile guztien kargugabetzea. Horrez gain, argudiatu zuen ez zela justua kartzelan mantentzea “maila baxuko” urraketak egin zituzten batzuk, goi arduradunak kalean ziren bitartean, eta beraz, kartzelan zeudenentzat indultua ere proposatu zuen. Baita biktimentzako erreparazio material eta morala ere. Biktimentzako egun bat izendatzeko eta biktima guztien izenekin monumentu nazional bat egiteko ere proposatu zuen, beste neurri askoren artean.

Kartzelan zeuden militarren indultuaz eta erreforma judizialaz gain, ez zen inongo gomediorik bete. Gobernuan oraindik aurreko bortxaketa gehienen arduradun zen alderdia zegoen eta Casselek uste du horrek asko baldintzatu zuela egoera. Batzordea erabat nazioartekoa izanik, lana amaitzean herrialdetik joan ziren kideak eta ez zen inolako jarraipen seriorik egin. Hala ere, lorpenen artean sartzen du Informe Final-en editoreetako bat izan zen honek indar armatuetako goi karguak hilabete gutxira jubilatu izana eta historian gertatutako egiaren bertsio autorizatu eta publikoa idatzi izana.

Txile, misio moral eta historikoa

Txilen 1973tik 1990 bitartean Pinocheten erregimen militarrak egindako giza eskubideen urraketen atzean zegoena argitara zedin lagundu zuen Egiaren eta Berradiskidetasunaren Komisio Nazionalak herrialde honetan.

Pinochetek 1990ean boterea utzi zuenean, 17 urteko erregimen diktatorialaren ostean, Patricio Aylwinek hartu zuen presidentetza eta bere aginduz sortu zen Batzordea. Ideologia anitzeko zortzi pertsonak osatu zuten batzordea, batzuk erregimenaren aurka jarrera aktiboa izan zutenak, eta beste batzuk alde egon zirenak, baina autoritateek egindako giza eskubideen urraketekin kritiko zirenak. Hauek beste 60 profesionalen laguntza jaso zuten eta bederatzi hilabetez aritu ziren lanean herrialdean. 1991ko otsailean presidenteari txostena eman zion batzordeak non hil egin zituzten, desagerrarazi edo torturatu zituzten 2.279 kasuren berri zehatz jasotzen zen. Handik aste gutxira presidenteak herrialdeari txostenaren berri eman zion eta Txile erabat hunkitu zuen momentua izan zela hau gogoratzen du Batzordean ibili zen Zalaquettek. Pinochetek eta Indar Armatuetako beste lider batzuek publikoki gutxietsi zuten txostena.

Batzordeak “misio morala eta historikoa” zuela ulertu zutela dio Zalaquettek, ez baitzeukaten inor epaitzeko eta zigortzeko eskumenik. Hala ere, urraketei buruz jaso zuten informazioa epaitegietara bidali zuten eta denborarekin bide honetatik izenak publiko egin ziren. Komisioaren iritziz, biktimen familiek arreta berezia merezi zutela pentsatu zuten. Diktadura garaian testigantzak biltzen lanean ibilitako erakundeek informazio guztia batzordearen esku jarri zuten. Milaka pertsonak eman zuten beren testigantzen berri izaera ofizialeko lekuetan. Jende askok estatuaren egoitza hauei beldurra kentzeko balio izan zuen eta estatuak berekiko zuen jarrera aldaketaren erakusle bat izan zela gogoratzen du Zalaquettek. Komisio honek ezin zuen partikularrik behartu testigantza ematera eta beraz, arduradunak ez ziren bertatik pasa azalpenak ematera. Hala ere, biktima askok beren mina kanporatuta duintasuna berreskuratze hasteko balio izan zuela dio.

Behin txostena amaituta, asko zabaldu zen herritarren artean. Txostenaren egileetako honek dio pozik dagoela oinarrizkoa zelako nazio osoak onartuko zuen narratiba bat ezartzea, aurreko ukapen eta zatiketa egoera gainditzen lagundu zuela. Gomedioak idazteko orduan gauzak berriz gerta ez zitezen neurriak proposatu zituzten, eta ordutik zenbait gobernuk hauek proposatutako neurriak hartu dituzte, adibidez, desagertu eta hildakoen familiarrei pentsioa edo seme-alabei ikasketa bekak ezartzea. Horrez gain, neurri sinboliko asko hartu direla ere badio txostengileak. Estatuak barkamen ofiziala eskatu zien biktimei eta bere ardura onartu zuen, “Izenen Murua” eraiki zuten biktima guztien izen-deiturekin, Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoa ireki zuten eta “Bakearen Parkea” eraiki zuten tortura gune handiena izan zen lekuan, Villa Grimaldin. Amnistia legea onartu zuen Pinochetek boterea utzi aurretik, eta horrek salbatu ez zituen arduradunak zigortu zituzten, guztira 50 bat militar ohi.

Hegoafrika, testigantza publikoak

Hegoafrikako Bakearen eta Berradiskidetasunaren Batzordea 1995ean eratu zen, Afrikan osatzen zen hirugarren komisioa izan zen eta helburua berradiskidetasuna zela ezarri zuen lehena. Bere berrikuntzen artean kokatzen da parte-hartze publiko handia sustatu zuela bai bere agintea erabakitzeko orduan eta baita bere kideak hautatzeko prozesuan ere, eta horrela sinesgarritasun handia irabazi zuen herritarren artean. Aurkeztu ziren 300 kandidatutik goratik, herritarrek 25 pertsona aukeratu zituzten, eta hortik, Nelson Mandela presidenteak 17 hautatu zituen lan hau egiteko. Hauek osatu zuten taldearen nukleoa, baina 300 pertsonatik gora aritu ziren Batzordearentzat lanean. Honez gain, lehenengoa izan zen hainbat bulego ireki eta milioitik gora dolarreko aurrekontua izan zuena.

TRC bere ingelesezko sigletan, ehunka audientzia publiko antolatzera iritsi zen: biktimentzat, urraketak egin zituztenentzat eta erakunde publikoentzat. Horrez gain, Komisioari ikerketarako, konfiskaziorako eta atxiloketak agintzeko eskumenak eman zizkioten. Bere azken txostenean izen propioak aipatzeko aukera ere bazuen. TRC izan da, horrez gain, amnistia indibidualak emateko eskumena izan duen Egiaren Batzorde bakarra. Bere krimenak audientzia publikoetan xehetasun osoz kontatzeko eta ikerketak laguntzeko prest zeudenei eskaini zitzaien, nahiz eta hau eskatu zuten gehienek ezezkoa jaso zuten. 7.112 amnistia eskaeratik 849 eman zituen eta 5.392 atzera bota.

Batzordeak 22.000 biktimaren testigantzak entzun zituen eta horietatik 2.000k audientzia publikoetan parte hartu zuten herrialde osoan zehar. Irekiak ziren hauek eta horri esker telebista, irrati eta prentsan asko zabaldu ziren, populazio osoarengana helduz. Interneteko TRCren webgunean testigantza publikoen transkripzioak jarri zituzten eta gure gunean hauetara lotura zuzena topatuko du nahi duenak. Desmond Tutu Bakearen Nobel sariduna izan zen Komisioko presidentea. Egunero, saioa amaitzen zenean, taldeko kideak arduratzen ziren ziurtatzeaz lekukotza eman zutenak etxera salbu iristen zirela.

Hiru azpi-batzordetan banatuta egin zuen lan mundu mailan eredugarri hartzen den Batzorde honek. Batetik, Giza Eskubideen Urraketei buruzko Batzordea. Helburua biktimak identifikatzea eta testigantzak biltzea zen. Bestetik, Amnistiari buruzko Batzordea. Honen lana amnistiak banaka ikertzea eta hauek eman ala ez erabakitzea zen. Baldintza bakarra egindako dena aitortzea eta ikerketak laguntzeko informazioa ematea zen. Eta azkenik, Erreparaziorako eta Birgaitzerako (edo Errehabilitaziorako) Komitea. Honen lana presidenteari biktimen giza duintasuna berrezartzeko gomendioak egitea zen.

Azken txostena 1998ko urriaren 29an eman zitzaion presidenteari. Apartheidaren aurka borrokatu zutenek ez zuten begi onez ikusten ordea, beren krimenak eta sistemak egindakoak maila berean jartzea, eta gai hau aurreko hilabeteetan eztabaida nazionalaren erdigunean kokatu zen. Batzordeak azkenean, txostenean jaso zuen Apartheida gizateriaren aurkako krimena izan zela eta honen aurkako borroka armatua “guda justua” izan zela. Hala ere, argitu zuen honen aurka egindako zenbait ekintza ez zirela ez legalak, ez moralak ezta onargarriak ere.

Nahiz eta Batzordea eta amnistia prozesua arraza zuriko jendearen ekarpenak bilatzen saiatu, azken txostenaren arabera, “komunitate zuriak ia beti axolagabe, aurkako jarrera izan zuen Komisioarekiko“. Salbuespen puntual batzuk kenduta, aurreko gobernuaren erantzuna, –bere lider, erakunde eta gizarte zibileko organoena– periodo honetan gertatutakoa sahiestu, estali edo nahastea izan zen.

Biktimei galdetu zitzaien zer erreparazio espero zuten, eta Gobernuari gomendioak helarazi zitzaizkion, bai monetarioak eta baita sinbolikoak ere. Halere, Alexander Boraine TRCko presidenteorde ohiak adierazten du, gobernua asko atzeratu zela hauek ematerako orduan. Euskal Herrian ezagun zaigu Brian Currin abokatua TRCn lantaldean aritu zen hasieratik, eta Argiari orain bi urte emandako elkarrizketan herrialdearen ibilbide demokratikoan TRCk balio handia izan zuela zioen, batez ere berradiskidetasunaren gaian. “Hegoafrikar zuriei aukera eman zien ikusteko beren gobernuak zer egin zuen eta bide batez, ulertzeko beltzek zergatik borrokatu zuten”.

Euskal Herrian egin ez den justizia

Azken hiru hamarkadetan, nahiz eta izen eta helburu ezberdinak izan dituzten, Egiaren Batzordeak jarri dira martxan iraganeko zauriak itxi nahi izan dituzten hamaika herrialdetan. Euskal Herrian ere badira zenbait talde eta norbanako Egiaren Batzordearen defentsan lanean ari direnak. Jon Mirena Landa horietako bat da. 44 urteko portugaletetar hau Zigor Zuzenbideko irakaslea da EHUn eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako zuzendari ohia da. Argituz taldeko kide ere bada, honen sorreratik. Gizartean gai honi buruzko eztabaida sakonik egin ez izanaren seinale da sarean eta hemeroteketan aurkako jarrera duten euskal herritarren iritzi argumentaturik ez dagoela.

Landa izan zen aurreko legegintzaldiaren amaieran, Euskal Herriko Egiaren Batzordeari buruzko ez legezko proposamena landu eta Eusko Legebiltzarrean aurkezteaz arduratu zena. Euskal Herriko memoria taldeekin bildu eta denen artean landu zuten proposamena. Halere, proposamena gobernu aldaketaren aurretik egin zen, azken orduan, eta ondoren, Lopezen gobernuak ez du bide honetan sakontzeko pausorik eman. Landarekin mintzatu gara, gaia nola planteatzen duen jakin asmoz.

Bere hitzetan estatuek normalean delituak egin eta estali egiten dituzte, eta boterea dutenez, zaila izaten da justizia egitea. Horregatik iruditzen zaio bide interesgarria Batzordearena, mekanismo extra-judiziala delako, egia bilatzeko helburuarekin sortua. Ikuspegi eraikitzaile eta irmoa behar du. “Egiaren Batzordeak duen funtzio nagusia da egin ez den justizia egitea”, dio.

Espainiako guda zibiletik aurrera zenbat jende hil eta zauritu da Euskal Herrian? Zenbat Francoren errepresioaren ondorioz? Zenbat trantsizioan? Zenbat ondoren ere? Landaren ustez, bada nondik hasi. ETAk egindako urraketak, ia bere osotasunean, ikertuta eta zigortuta daudela dio zigor zuzenbideko irakasleak, baina estatuak egindakoak?

Lau Haizetara Gogoan elkarteak argitaratutako Euskal Herriko Egiaren Batzordea liburua ere erreferentziazko lana da gai zabal honen euskal erpinari begiratu nahi dioenarentzat. Bertatik aterea da hurrengo pasartea: “Egun, oraindik ez da existitzen fusilatuen, desagertuen, frentean hildakoen, goseak eta gaixotasunek hildakoen zerrenda ofizialik, ez da presoen zerrenda ofizialik egin, ez erbesteratuena, ez errepresaliatuena, ez da zerrendarik egin herritarrei egindako konfiskapenena. Urteak dira errealitate honek ikertua eta erregistro zibil eta judizialetan bildua behar zuela. Zenbait historialarik egindako kalkuluen arabera 7.500 fusilatu eta desagertutik goraz hizketan ari gara, 65.000 errepresaliatu (presoak, lan behartuak...) eta 150.000 erbesteratu eta deportatu, 35.000 hau ebakuatu, ehunka mila desplazatu... Genozidio hutsa”.

Jon Mirena Landa ziur da edozein pertsonak badakiela gutxi gora-behera zenbat jende hil duen ETAk. 800dik gora omen da erantzun komunena. “Eta zenbat jende hil da Espainiako estatuaren eskuetan trantsiziotik hona? Askok agian bat bera ere ez dela hil esango lukete. Zulo handia dago. Lan handia egin dute gehiegikeriak, hilketak eta era askotako urraketak estaltzen”. Azken urteotan, Euskal Memoria bezalako erakundeak Estatuak eragindako errepresioaren testigantzak biltzen, datuak dokumentatzen eta informazioa argitaratzen ahalegintzen ari dira. Bertan, ondorioztatzen dute 10.000 pertsona inguru izan direla tortura pairatu duten euskal herritarrak azken 50 urteetan. Euskal Herrian bizitakoaren tamaina ikusteko, Txilen Pinocheten garaian mila biztanletik 2,5 atxilotu zituztela nabarmendu dute; Euskal Herrian, milatik 20.

Landaren ustez, “egia behar dugulako bultzatu behar dugu batzordea”. Bere iritziz, giza eskubideen errespetuan kontzientzia minimo bat baldin badugu, egia eta aitorpena lehentasun lituzkeen Komisioa bultzatu behar luke euskal gizarteak. “Hortik has gaitezke”. Justizian zein mailataraino heldu nahi den ere erabaki behar litzateke, baina Giza Eskubideetako Eusko Jaurlaritzako zuzendari ohiak dioenez, minimoa erantzukizunak argitzea da. “Nork egin duen zer, pertsonen izen abizenak. Oinarri sendo bat behar dugu aurrera egiteko”.

Gaia agendan jarri behar dela, eta hortik aurrera, ahalik eta kontsentsu zabalena lortuko lukeen lantaldea eratu behar dela defendatzen du. Bere ustez egokiena inongo alderdi politikotakoa ez den eta familia politiko ezberdinen autoritatea duen jendea da Batzordea osatu behar duena. Inongo gobernutakoa ez den jendea izan arren, bere ustez Eusko Jaurlaritzaren babes osoa izan behar luke. “Gizarteak errespetatzen duen jendea jarri behar da. Ondoren hasi beharko da erabakitzen ea zer urraketa ikertu nahi diren, ze garaitatik aurrera, noiz arte eta abar luze bat“. Bere ustez, lana egiteko lauzpabost urteko epea izango duen Batzordea eratzea da egokiena, azken epea jarriz, gaia finkatuago geratzen baita, beste zenbait esperientziak erakusten duenez. “Bilatu behar dugu asetuko gaituen zerbait, herri bezala demokratikoki aurrera egiten lagunduko diguna, eta talde gehienen onespenaz gain, biktimekin justizia egingo duena”.

Landaren ustez, oso egingarria da Egiaren Batzordea egun. Bere ustez, biderik errealistena lege bat sortzea litzateke, eta bertan jasotzea bultzatu nahi diren neurri guztiak. “Hori Euskadin egin dezakegu eta nik Egiaren Batzordea deituko nioke gainera, indar sinboliko handia duelako, zauriak ixteko maila kolektiboan sinboloak behar baitira”. Halere, bere aburuz, izena eztabaida iturri bada, hobe da beste izen batekin aurrera egiten hastea bertan blokeatzea baino. “Imagina ezazu batzorde honek leihatilak irekitzen dituela Euskal Herrian giza eskubideen urraketak pairatu dituztenen testigantzak biltzen hasteko. Jendeari bertara joan eta sufritu duena kontatzeko aukera serio bat ematen zaiola. Informazio pila hori jaso, ikertu eta gero gizarteari informazio hori itzuliz gero, konturatzen al zara zenbaterainoko indarra hartuko lukeen kontuak?”, galdetzen du ilusionatuta.

Bere iritziz, “epe historiko honetan hau eta hau gertatu zen hemen, datu guzti hauekin”, esateko modua jarri behar luke Egiaren Batzordeak Euskal Herrian, Giza Eskubideen estandarrei begira eginda. ETAk egindako kaltea nahiko ikertua dago, baina estatuak berak egindako krimenak estalitako errealitatea direla ulertzen du. Alderdi politikoek, mahai baten inguruan gaia serio planteatuta, inork ez lukeela egiaren beldurrik izan behar argudiatzen du, eta ikuspegi politikotik harago, “estalita dagoen guztia argitara ateratzea izango litzateke”, eta hortik aurrera, kontsentsuak bilatzea eman nahi diren pausoei dagokionez.

Egia eta justizia ezin dira negoziatu

Argitu ez diren urraketen biktimek, hauen lagun eta familiako kideek, aurrez aipatu ditugun giza eskubideen talde ugarik, eta euskal herritar askok egiaren ezagutza eskatzen dute, justizia egitearekin batera. Ziurrenik hau gertatu bitartean ezingo da berradiskidetasun osorik egin Euskal Herrian.

Giza eskubideen biktimen taldeen ordezkari zenbaiten ustez, egia eta justizia ezin dira negoziatu. Uko egin ezinezko eskubideak dira. Beharrezkoa da delitu horiek egin zituztenak zigortzea. Gainera, berradiskidetasunaren aurreko pauso gisa, beren duintasuna onartzea eta gizarte zibilean eskubide guztien jabe berrintegratzea ezinbesteko jotzen dituzte.

“Egia, justizia eta erreparazioak –ez errepikatzeko bermeak barne– osatzen duten arazoa bere konplexutasun eta sakontasun guztiarekin jorratzen ez den bitartean, Espainiako estatuaren Gobernuak eta Euskal Herriko gobernu autonomoek frankismoaren oinordekoek irekitako arrasto iraingarriaren atzetik jarraituko dute. Errealitate hori ezingo dute ezkutatu unean uneko lehendakari buru dutela makina bat omenaldi eta inaugurazio burutu arren. Aipatu ekitaldi horiek soilik izango dira onargarriak, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren osagarri direnean; kontzeptu horiek bazterrean uzteko erabiltzen direnean, orduan irain mingarriak bilakatzen dira”.

Jon Mirena Landak aurkeztutako proposamenean biltzen denez, Nazio Batuetako Giza Eskubideetako Goi Batzordeak batzorde hau noiz osa daitekeen ikusteko, hiru baldintza betetzeko eskatzen du. Lehenik, borondate politikoa behar luke iraganeko urraketen ikerketa bultzatu eta babesteko. Bigarrenik, gatazka armatuak, gudak edo praktika errepresiboek amaituak egon behar dute. Eta hirugarrenik, biktima eta lekukoek horrelako ikerketa prozesu bat sor dadin nahi izan behar lukete, eta honekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu.

“Ez genioke beldurrik izan behar egiaren mekanismo bati. Konbentzituta bagaude ez dagoela ezer ezkutatzeko, jar ditzagun baldintzak mekanismo horrek lan ona egin dezan. Konfiantzazko jendea jarri, eta eman bide eta bitartekoak ikerketa egin dezaten. Ea zein den emaitza”.

Maila indibidualean, biktimekin zor hori dugula uste du Landak, eta batez ere, oraindik ukatuak diren biktima horiekin. “Hiru milioi gara, ez al gara gai izango biktima horiek asetzeko?”. Abantaila besterik ez du ikusten, eta ziur da Nazio Batuen Erakundearen babesa lor lezakeela Euskal Herriko Egiaren Batzordearen planteamendu serio batek.

Beste herrialde askotan ere gatazka armatuak amaitu eta urteek igaro behar izan dute azkenean sektore batek Egiaren Batzordea eratzeko balorea eta indarra bildu arte. Batzuetan estatuetako gobernuak izan dira, eta beste zenbaitetan, herritarrak eurak, modu ezberdinetan antolatuta. Hala ere, El Uruguay Impune y la memoria social liburuan 1990an Luis Perez Aguirre idazleak idatzi zuena erreskatatuz amaituko dugu, Euskal Herrian bertan idatzita egon litezkeela lasai asko pentsatuz.

“Esan digute iraganeko halako gertaeretan muturra sartzea iraganeko zauriak berriz irekitzea dela. Guk geure buruari galdetzen diogu ordea, ea nork eta noiz itxi zituen zauriok. Hauek irekita daude eta ixteko bide bakarra egiazko berradiskidetasun nazionala lortzea izango da, oinarrian egia eta justizia dituela. Berradiskidetasunak baldintza minimo eta oinarrizko horiek ditu".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brian Currin
2018-10-09 | ARGIA
Brian Currinen harremanetarako taldea desegin da, Euskal Herrian egin beharreko lana amaitutzat emanda

Brian Currinek gidatutako Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT) iragarri du bere lana bukatu duela, agindu zitzaion lanaren parte handi bat bete dela ulertuta. Naiz-ek aurreratu duenez, hurrengo astean baloratuko dute Euskal Herriko gatazka armatuaren amaiera lortzeko... [+]


2015-03-10 | Igor Agirre
“Ez da armagabetzerik izango Espainiako Gobernuaren konpromisorik gabe”

Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko kidea elkarrizketatu du Diagonal hamabostekariak. Lokarriren agur ekitaldian izan da Currin eta azaldu du Espainiako Gobernuak presoen gaia ez eztabaidatzeak "bake prozesua luzatzea" dakarrela.


Bake prozesuari sastrakak kendu nahi dizkio Currinek Euskal Herrira egingo duen bisitan

Harremanetarako Nazioarteko Taldea (HNT) urri bukaeran edo azaro hasieran iritsiko da alderdi eta eragile sozialekin hitz egiteko. Hauteskundeen ostean bakerako oztoporik ez egotea nahi dute.


2014-03-03 | Mikel Asurmendi
Brian Currin Baionako Bakerako Foroan: “Prozesua bide onean doa”

Brian Currin mintzo: “Prozesua bide onean doa. EPPK-k eta iheslariek marko legala onartu dute. Politikoak engaiatu dira, gehienak, ez denak. EAJ eta Urkullu lehendakaria, lehen aldiz. Estatuak ez, orainokoan. NHTko ordezkariak poliziak galdekatuak izan ginen atzo... [+]


2013-05-20 | Jon Torner Zabala
Currin: “ETA ez da indarkeriara itzuliko, baina zatiketak izan litezke”

Brian Currin abokatu eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko (HNT) kidea elkarrizketatu du Público egunkariak. ETAren barruan gerta litekeen zatiketari dagokionez, argi utzi du berak ez duela halakorik aurreikustera eraman gaitzakeen inolako informaziorik. "Beste... [+]


2013-03-19 | Jon Torner Zabala
Basagoiti: “Currini ez zaio interesatzen ETA desagertzea, kobratzen jarraitzeko”

"Brian Currin abokatu hegoafrikarra da ETA ez desagertzeko interes handiena duena, bere lanagatik kobratzen jarraitu ahal izateko", esan zuen atzo Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak, Europa Press agentziari eskainitako elkarrizketan. "Euskal Herrian galdera... [+]


Ezker abertzaleak kezka adierazi du ETAren Osloko kontaktuen filtrazioagatik

Josu Urrutikoetxea, David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko kideak Ram Manikkalingam eta Jonathan Powellekin harremanetan izan dira Oslon, Norvegiako gobernuaren baimenarekin,  Efe agentziak argitaratu duenez. Nazioarteko Egiaztatze Batzordea (NEB) Euskal Herrian ere... [+]


2012-12-14 | Josu Urtubia
Paul Rios: “Gizartearen adostasunek erakutsi dezakete bakerako bidea”

Elkarrizketa eta bizikidetza izeneko nazioarteko mintegia egingo da Donostiako Kursaalen gaur; eta bihar Baionan berriz, Bake Foroa. Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak Berriari adierazi dionez, ekitaldiarekin bake prozesuan herritarren parte hartzea eta elkarbizitzari... [+]


2012-11-14
Aieteko Adierazpena herritarrekin partekatzeko Baionako Bake Foroa izango da abenduaren 15ean

Lokarrik, Bake Bideak eta Baionako Unibertsitateak antolatu dute Baionako Bake Foroa. Aieteko bake konferentziako Adierazpena izango dute oinarri eta antolatzaileek adierazi dutenez, euskal gatazkaren konponbidea Ipar Euskal Herrian ere gizarteratzea da helburua. Herritarrek... [+]


2012-05-02
Nazioarteko Egiaztatze Batzordea aste honetan dator Euskal Herrira

Noticias taldeko egunkariek zabaldu dutenez, ETAren su-etenaren Nazioarteko Egiaztatze Batzordea aste honen amaieran Euskal Herrira dator. Alderdi politikoekin bilera erronda egingo dute, PPrekin izan ezik. Basagoitiren alderdiak ez du NEBrekin harreman zuzenik izan eta... [+]


2012-04-23
ETAri desagertzeko eskatzea “zentzugabea eta arriskutsua” dela dio Currinek

Presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatu behar direla esan du Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko kideak, Gazta zati bat dokumentalaren estreinaldian. Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak baieztatu du ETAK ez duela armategirik eta, beraz, Currinen... [+]


2012-02-03
“Currinen taldeak ez du deus esateko”

EAEko PPko presidenteak, Antonio Basagoitik, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gidatzen duen Harremanetarako Nazioarteko Taldeaz adierazpen berriak egin ditu: "Ez du deus esateko eta soilik alde baten alde egin dezake lan".


2011-12-15
Gatazkaren konponbiderako batzordea sortuko du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT) batzorde bat sortuko du, pasa den urriaren 17an egindako Aieteko Adierazpenean adostutako gomendioen jarraipena egiteko helburuarekin.


Brian Currin
"Ziur nago PPk jarrera eraikitzailea izango duela gobernura heltzean"

ETAk jarduera armatua amaitu izana era berezian bizitu zuen Brian Currinek. Prozesu guztian protagonismo handia izaten ari da abokatu hegoafrikarra. Datozen pausoak Aieteko adierazpenak markatutako ordenean egingo direla aurreratu du.


Eguneraketa berriak daude