argia.eus
INPRIMATU
Bobbyak ala zipaioak

Xabier Mendiguren Elizegi @xme64 2012ko apirilaren 24a

Oraindik ere Iñigo Cabacasen hilketaren beroan ari naiz lerrook idazten; zuek irakurtzerako denbora pixka bat igaroko da, gaia apur bat ahaztu ere bai, eta saiatuko naiz ez hoztasunez baina distantzia moduko batez idazten.

Urrunera begiratzen hasita, hogeita hamar urtera egin dezakegu atzera. 1982: orduan hasi ziren ateratzen Ertzaintzako lehen promozioak, Arabako Berrozin PNV bere mutilak entrenatzen lehendik ari zen arren. Ez naiz historialari lanetan hasiko, ez da hau tokia ez ni espezialista, baina beharbada komeni litzateke hura ezagutu ez zuten gazteei esatea herrian ilusioz bizi izan zela garai hura: batetik, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak Hego Euskal Herritik alde egitea nahi zen, eta haiek ordezkatuko zituen euskal polizia bat beharko zen horretarako, Komunitate Autonomoan bederen; bestetik, Ertzaintza bestelako polizia bat izango zela esaten zitzaigun behin eta berriz: hurbila, bertakoa, profesionala, jendea errespetuz tratatuko zuena... hau da, frankismoko okupazio indarrak izan ez ziren guzti-guztia. Konparazio bat ere erabili zen hasierako garai hartan, polizia-eredu hori irudikatzeko: Ingalaterrako bobbyen tankerakoak izango omen ziren, jendea zapaltzeko ez baizik laguntzeko egongo zirenak, pistolarik gabe... Irudi horren puntu inuxentea ukatu gabe ere, balio du oroitzeko zer-nolako espektatibekin jaio zen polizia berri hura.

Gero... gero gauza asko, eta ez da erraza denok ados jartzea historiaren bertsio batean. Kontakizun objektiborik ezean, nirea laburbiltzen saiatuko naiz hemen: Ertzaintzak neurri batean ordezkatu zituen guardia zibilak eta polizia nazionalak; ez erabat, ordea, hemen segitu baitute, guztion zoritxarrerako; polizia integralaren zereginak betetzeko gauza zirela erakutsi zuten oro har, arlo horretako profesionaltasuna neurtzen ez badakit ere; aldi berean, baina, sardinzaharren eta gris-marroi-urdinen lekua hartzeaz bat, haien zenbait ohitura eta aztura bereganatu zituztela ere nabaria da; beharbada ezinbestean, poliziak polizia baitira hemen eta nonahi: estatuak daukan bortxaren monopolioaren eskumakila. Kontuak kontu, esango nuke hasieran pizten zuen ilusio hori maxkalduz joan zela pixkanaka, eta zapuztuz geroago.

Zenbaterainoko garrantzia izan du prozesu horretan ETAren kontrako borrokak? Handia, seguru asko. Ertzaintzak “borroka antiterroristan” emandako pausoen arabera joan zen hazten erakundearen bortizkeria ere: lehenengo, Espainiako armadatik zetorren ertzainburua hil zuten, Diaz Arkotxa; gero, lehergailuak indargabetzen hil ziren ertzain batzuk, tiroketetan erori ziren beste zenbait (Garcia de Andoain, Mentxaka...); informazio-ardurak zituztenak bihurtu ziren helburu geroago (Goikoetxea, Doral, Uribe...), eta trafikoa zaintzen zebiltzan ertzain xeheak atentatu-xede izan ziren azkenik. Beste aldetik ere zerrenda beltz askoa dago: Juan Mari Ormazabal eta Ina Zeberioren hilketak, Anuken heriotza iluna, Beroiz eta beste askorekin erakutsitako jokabide zikina, tortura kasuak... Baina ez bakarrik hori: oroitu Calvo gizajoa, komisarian hila, edo Jose Atanes, errepidean tiroa jo ziotena; oroitu Lasa eta Zabalaren hileta tristea, hainbat manifestaziotan emandako egur merkea, sarri erakutsitako harrokeria...

Ez da elkarrekiko irainen inbentarioa egiteko garaia, aurrera begiratzekoa baizik. Zipaioak bobby bihurtzea ameskeria izan liteke, baina polizia berri bat behar dugu, beste estilo bat erakutsiko duena eta herritarren konfiantza irabaziko duena. Horretarako ez litzateke abiapuntu txarra, orain 30 urte ez bezala, hemendik aurrerako ertzain guztiak euskaldunak izango balira.