argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Segurola
“Paisaiak bertan bizi den gizartearen diagnostikoa egiten du”
  • “Baratze bat nahi deizut egin...”.

Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30a
Iñigo SegurolaDani Blanco

Guay izateko izan eko!”, diote postmodernistek.

Pentsa, Pasaiako Superportuari ere Ekoportua deitzen diote! Kapitalismoa gizakiaren berekoikerian oinarritzen da, eta garatu dugun kontzientzia ekologikoa egoera ekonomiko eroso bati lotuta dago. Zer gertatuko da krisiarekin?

Zuk ere berehalako etekinarekin itsutu garela esan behar didazu?

Pentsamendu maskulinoa, falikoa, inposatzailea da hori. Ez duzu sekula entzun munduko zakil guztiak mozteak berehalako aldaketa ekarriko lukeela, baina zakilak dauden bitartean ez dagoela zereginik?

Bai, bai, gu hil ostean ere bizitzak jarraitzen duela eta hori guztia...

Hazkunde geldiezin honetan denontzako tokia egon daiteke, baina baliabideak lortzeko bidean gure inguruko espezieak desagerrarazten ari gara. Gure ostean bizitzak jarraituko badu, gizakiaren esterilizazioa bultzatu behar genuke.

Segi, segi lagunak egiten.

Gure mundu egitura piramidala da baina esferikoa behar luke. Elefante bat ez litzateke birus bat baino indartsuagoa, denak leukake izateko arrazoia, dena legoke orekan. Horregatik, emakumeek eta ekologiak izan behar dute gizartearen ardatzak.

Alarde mistoen aurkako protestetan emakumeak dira sutsuenak.

Zein da gizonezkook diseinatutako mundu honetan nor izateko utzi diegun bide bakarra? Honelako mundu batean emakumeak bere berezko instintuak garatu ote ditzake? Hala, gizonezkoen paperean sartzen den emakumea gizonezkoa baino okerragoa izan daiteke.

Eskerrak paisajista baino ez zinen!

Paisaia, leku zehatz batean, onerako zein txarrerako, gertatzen direnen erakuslea da: bertan bizi den gizartearen diagnostikoa egiten du.

Martxa honetan, AHTaren gizartea izango da gurea.

Paisaia beti dago zintzilik. Orain arte Kantauri isurialdea horrela mantendu bada ardi-gazta ondo saldu delako izan da. AHT? Eragin izugarria izango du eta betiko geratuko den zauri bat izango da.

Alegia, hobe duzula telebistan lore-zainarena egiten jarraitzea.

Kalean, etxeko andreek geranioei eta gazteek marihuanari buruz galdetzen didate. Ez dakit zergatik, munduko marihuana landare onenak hazten ditudala dioen mito urbano bat dago, eta nik ez dut erretzen eta ez daukat landarerik.