argia.eus
INPRIMATU
Gorriak eta moreak

Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2012ko apirilaren 03a

 

I
Nola goi-xamar buka lezakeen
behe antzeko jatorriak,
loreak ere guk bezalaxe
izaten ditu zorriak.
Larroxak jada arantza gutxi
ta ximeltzear orriak,
bakanak nonbait, moreak bere
egin gabeko gorriak
 

IV
Klik! Botoi bati sakatu eta
ze nolako ondorenak.
Pertsona baten patriketara
begira jarriak denak,
zer pentsatua ez al du ematen
horrenbesteko ahalmenak,
zenbat tapatu ote dituen
bat bistaratu duenak
 

II
Ai Meltxor, Meltxor, koinatu ez ezik
Castron errege mago da,
bere urreak zenbat intsentsu
zabaldu duen albora.
Zu Urdangarin ez zara baina,
patu berbera gerora:
handiagoek bota zaituzte
paradisutik kanpora.
 

V
Ordain gabeko besteren ona
Ebanjelioko zitan.
Gaur egunean zeharo gaizki
ez legoke politikan,
ezker eskuak ez beza jakin
eskubiak eginikan,
jakin ez ezik, gehitxotan dabil
eskuinaren inbiditan


 

III
Ezker ibarrak bizi zintuen
nola Haitzuloak Platon
Ta itzaletik Aldaketari
zenbat mesede zenbat on.
Zerori ere tarte gutxian
aldatua zara sakon
lehen bostehuneko billete zinen
ta orain trukeko txanpon
 

VI
Behin kristalezko poltsikoekin
azaltzekotan zen Lopez
Ibarra, Bravo, Madrazo, Meltxor...
izen gehitxo lehen kolpez.
Dopina ere politikara
heldu ote kasu soltez...
ze, eman, gutxik ematen dute
ta hartu, hartu inork ez.

 


Doinua: ESplikatzera nua kontuak


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.