Laritza

Laritz edo alertzea, Pseudolarix kaempferi.
Laritz edo alertzea, 'Pseudolarix kaempferi'.

Fosil soiltzat hartua zen itxaropenaren zuhaitza, Ginkgo biloba, aurkitu, ezagutzera eman eta zabaldu zuena Engelbert Kaempfer (1651-1716) alemana izan zen. Bi mende geroago Armand David ezpeletarrak esploratuko zituen lurretatik igaroz, Eurasia tzarra mendebaldetik ekialdera pasa eta bueltan hark ekarritako informazioa izan da mendetan hango berri iturri nagusia, Japoniakoa batik bat. 1712an argitaratu zuen Amoenitatum Exoticarum liburuan hango medikuntza (akupuntura, moxiaren errekuntza...) eta bertako landarediaren azalpen zabala ematen du. Tartean, besteak beste, tearen landarea eta bere familiako kamelia mordo bat deskribatu, marraztu eta aditzera eman zuen.

Teutoi honen lana ez zen makala izan eta sekula ez galtzeko moduko aldarera igoa da botanikan. Landare mordoxka batek bere izena darama. Batzuk Kaempferia generoan eta gehienek espeziean: Rhus kaempferi, Berberis kaempferi, Aristolochia kaempferi, Ligularia kaempferi, Iris kaempferi, Catalpa kaempferi, Rhododendron kaempferi, Vitis kaempferi eta abar. Berak izendatutako landareen izenek Kaempf. laburdura daramate bukaeran. Ez da ez bere izena berehalakoan ahaztuko...

Pinu zuria edo laritza ekarri dit gogora alemanak, tartekoa baitu Larix kaempferi izen sinonimoa duen benetako Pseudolarix kaempferi. Alertzea ere esaten zaio maiz konifero horri. Geurean gero eta urriagoa, goi mendietako magal hotzenetan topa daiteke oraindik sailen bat. Udaberriak ikusgarri azalduko du laster: bere hosto-berritzearen berde distiratsua zumarraren (Ulmus sp.) loraldiarekin soilik pareka daiteke. Udazkenean, hostoaren agurrean da, baina, politena: hori laranja koloreko. Aspaldi lurreratutako hosto haiek ekarri dizkit gogora oraingoxeko udaberri berri honek, izerdi berriaren bultzadizoak azken hostoak bota baititu. Badira negu osoan hostoei egoskor eusten dieten zuhaitzak, baina datorren hosto berriak zaharra eraisten du. Udaberriko orbela, udazken azkena. Orbelaren lagun mina den haizean sartu naiz eta euria zalaparta arinean birrinbili-barranbalaka dakarrela sumatu dut.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Alertzea
Eguneraketa berriak daude