Alexandria (Egipto) K.a. 30.eko abuztuaren 12a. Kleopatra VII.a Filopator Egiptoko azken faraoia hil zen. Hurrengo 2.000 urteetan emakume seduzitzailearen paradigma izan da, eta bere erakarpen indarraren gakoa, sudurra. Hala, XVII. mendean, Blaise Pascal filosofo frantziarrak zera esan zuen: “Kleopatraren sudurra motzagoa izan balitz, mundua oso bestelakoa litzateke”.
Neba Ptolomeoren aurka borrokan ari zela, Kleopatrak –edo haren sudurrak– Julio Zesar seduzitu zuen, jeneralak gerra zibilean parte hartzea lortu zuen eta, horri esker, Egiptoko tronua berreskuratu zuen. Ondoren, Marko Antonio ere limurtu zuen, eta erresumari eutsi zion. Baina Oktaviori haren sudurra ez zitzaion gustatu, nonbait, eta Egipto erromatar probintzia bihurtu zuen.
Baina nolakoa zen Kleopatraren sudur ahalguztiduna? Hainbat adituk bere denbora baliotsua galdera horri erantzuten erabiltzea erabaki du. Kleopatraren hilobia ez dute aurkitu eta, beraz, haren irudiak baino ezin dituzte aztertu. Egiptoar estiloan egindako irudi idealizatuak ez dira fidagarriak, eta, horregatik, sinesgarritasun handiagoa eman diete estilo greziarrean –Kleopatraren dinastia helenistikoa zen– egindako txanponei eta eskultura txikiei. Irudiko txanponean, esaterako, hazpegi gogorra du erreginak, eta sudur luzea. Ez dirudi zinemak saldu digun erregina ederrarekin bat datorrenik; begira, bestela, Liz Taylor eta Vivien Leigh aktoreen sudurrei. Greziar edo erromatar artelanei erreparatuta, garai hartako edertasun kanonei ere ez die erantzuten. Egia da txanponek ez zutela pertsonaien benetako itxura zertan jaso, eta ohikoa zela arbasoen ezaugarriak biltzen zituzten erretratu sinbolikoak egitea. Zenbait adituren arabera, Kleopatraren erretratuek aitaren aurpegiera jasotzen dute (erreginaren tituluko filopator horrek “aita maite duena” esan nahi du).
Finean, ez dakigu Kleopatraren sudurra nolakoa zen. Eta zer? Azken faraoia hil eta 100 bat urtera Plutarkok luze idatzi zuen Kleopatrari buruz: zazpi hizkuntza zekizkiela jaso zuen, eta literatura, musika, zientzia politikoak, matematika, astronomia eta medikuntza irakatsi zizkiotela. Manera fin eta gozoak omen zituen, eta ahots erakargarria. Hondamen ekonomikoan zegoen erresumak gora egin zuen haren erabakiei esker, eta garaiko diplomazialari bikainenetakoa izan zen, erromatarren konkista atzeratu bai, baina geldiaraztea lortu ez zuen arren. “Haren edertasun paregabea barrukoa zen”, idatzi zuen Plutarkok, “eta eragiten zuen lilura ez zen berehalakoa”. Haren sudurra ez zuen aipatu ere egin historialari greziarrak. Baina mendeen –eta mentalitateen– poderioz, emakume haren adimen bikaina edertasun bihurtu zen, eta edertasuna, sudur. Kleopatraren sudurrak ez zuen historia aldatu. Sudurraren atzean zuenak, agian, bai.
Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]
Kairoko Egiptoar Museoko Kontserbazio Zentroko ikerlariek egiaztatu berri dute Eutrema japonicum edo Cochlearia wasabi izeneko errefaua egokia eta eraginkorra dela papiroak garbitu eta kontserbatzeko. Hau da, nagusiki japoniar sukaldaritzan erabiltzen den wasabia baliatu dute,... [+]
New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.
Antzinako Egipton, momifikazio prozesuan, zenbait organo ontzi kanopotan sartzen zituzten, eta hainbat substantziaz osatutako baltsamoak erabiltzen zituzten horiek kontserbatzeko.
Duela 3.300 urte inguru, Meritaton printzesa, Akhenaton faraoiaren eta Nefertitiren alaba zaharrena, Tell al-Amarnako Iparraldeko jauregian bizi izan zen.
Egiptoar arkeologo talde batek Rosetta harria Egiptora itzultzeko eskaera egin dio British Museumi.
Orain dela 3.400 urte inguru eraikitako hiri baten arrastoak aurkitu ditu arkeologo talde batek Luxorren, Egipton, Nilo ibaiaren ertzetako batean. Amenhotep III faraoiaren garaiko hiria da (k.a. 1390-1352), haren semeak, Akenaton faraoiak hiriburu berri bat sortzeko atzean utzi... [+]
Le Bourget (Île-de-France), 1976ko irailaren 26a. Ramses II.a faraoiaren momia zeraman hegazkin militarrak lur hartu zuen.
Sorbonako Unibertsitateko Adeline Bats ikerlariak arkeologia esperimentaleko proiektu bat gauzatu berri du: ogia antzinako egiptoarrek bezala egitea lortu du, tresna, prozesu eta lehengai berberak erabiliz.
Antzinako Egiptoko hainbat papirotan jasota dagoenez, arazo ginekologikoak arintzeko asmoz, fumigazio baginalak erabiltzen zituzten, baina orain arte, idatzizko erreferentzia horiez gain, ez zen horren froga fisikorik aurkitu.
Nilometroak Nilo ibaiaren ibilgu naturaletik hurbil eraikitzen zituzten era askotako eskalak ziren: eraikin konplexuak ziren batzuk, beste batzuk putzu soilak edo harrian zulatutako eskailerak. Antzinako Egipton, basamortua zeharkatzen duen Nilo ibaia funtsezkoa zen nekazaritzan... [+]
Hiru kontzeptuok aztertu eta antzinako egiptoarren sinesmenekin lotu ditu Brown unibertsitateko (AEB) Victoria Almansa Villatoro egiptologoak (Journal of Egyptian Archaeology).
Egipto, K.a 2162 edo 2191. Nitokris faraoiaren bi urteko erregealdia amaitu zen eta, hala, VI. dinastia amaitu eta Egiptoko lehen tarteko aroa hasi zen.
Nesiamon duela 3.000 urte inguru Karnakeko Amonen tenpluan jardun zuen apaiz egiptoarra izan zen eta haren momia Leedseko (Ingalaterra) museoan egon da 1823az geroztik.
Alexandriatik 75 kilometrora dagoen Tell Abqain aztarnategian, Ramses II.aren garaian (K.a. 1279-1213) eraikitako gotorlekuaren arrastoen artean, zerealak eta beste jaki batzuk kontserbatzeko bi biltegi aurkitu dituzte.