Gerra ez dago gizakion geneetan, 10.000 urte ditu

  • 2009an Nobel saria hartzerakoan, Barack Obamak esan zuen: “Gerra beharrezkoa da batzuetan, eta hein batean gizakiaren sentimentuak adierazten ditu”. Hori gezurtatu nahi du John Horganek The End of War liburuarekin. Alegia, biologiari dagokionez, gizakia badela gerrazale bezain baketsua, gerra saihesten ahal dela.

Ron Avi argazkilariaren irudian soldadu serbiarrak ageri dira Bosniako hiriburu Sarajevoko aldirietan, 1992tik 1995era bitartean izandako gerran. Egia da Balkanetako liskar odoltsuetan ere eragin zutela geopolitikak eta interes ekonomikoek, baina zerk era
Ron Avi argazkilariaren irudian soldadu serbiarrak ageri dira Bosniako hiriburu Sarajevoko aldirietan, 1992tik 1995era bitartean izandako gerran. Egia da Balkanetako liskar odoltsuetan ere eragin zutela geopolitikak eta interes ekonomikoek, baina zerk eraman zituen bortizkeria beldurgarri hartara Europaren bihotzean aski bizimodu erosoa zeukaten herritarrak? John Horganen hitzetan, ez du balio sarraskien errua talde barruko "ardi beltzei" edo "sagar ustelduei" egozteak , hobe da hitz egitea mailatutako saskikada osoaz. "Gerra da saskiko sagar guztiak usteltzea bezala. Piztuz gero, pertsona on, gizatiar eta zintzoak ere sarritan hasten dira jokatzen munstroak bailiran, berek bestela nahita ere. Hori ez da berez dakarten zerbait. Ez daukate geneetan idatzirik. Jokabide hori gerrak berak piztuarazi die".

John Horgan zientzia kazetaria da, Scientific American aldizkari famatuan idazle aspalditik, BBC katearekin kolaboratzen du eta irakasle ere bai New Yerseyko (AEB) Hobokenen dagoen Stevens Teknologia Institutuan. Aurretik zientzia eta espiritualitatearen arteko loturez idatzia du. Otsail honetan plazaratu du The End of War (Gerraren akabera), gaiari buruz antropologiatik eta biologiatik orain arte esandakoak laburbildu eta aztertuz. Alternet webgune aurrerazalerako Brad Jacobsonek elkarrizketatu du.

Horganek desegin nahi ditu gerraz nagusitu diren aurreiritziak: gizakiaren izakeran dagoela, betidanik egon dela jendea gerran, gure geneetan dagoela, gerrarik gabeko gizarterik ez dugula ezagutuko. “Liburua idatzi dut funtsean ikuspegi ezkor hori gaitzesteko”.

Gerraren antropologian arakatuz, Horgan ohartzen da zientzialarien artean nagusi direla iritzi horretakoak. Alegia, gerra gizakia bezain zaharra dela, edo agian zaharragoa, txinpantzeekin daukagun asaba zaharrak ere erabili ahal izan zuela.

Ia denek diote talde bateko txinpantzeek elkar hartu eta beste taldekoak erasotzen dituztela. Hori egiatzat emateko plazaratu den literatura zientifikoan arakatuta, Horgan ohartu da dozena bat kasu baizik ez daudela frogatuta. Txinpantzeen eta gizakion gerra egiteko manerak berdintsuak direla dioen Richard Wranghamek berak argitzen omen du, gainera, oso gutxitan ikusitako jokabidea dela. Goriletan berezitua zen Jane Goodallek iradoki zuen, bestalde, borrokarako jokabidea balitekeela berrikitan sortua izatea, gizakiak primateen bizilekuak asko estutu ondorengoak.

Azken urteotan modan jarri diren beste primateak bonoboak dira, jokabide askoz baketsuagoak famatu egin dituenak. “Peacenik [pazifista] jendeak maite ditu, batik bat gizakiak berez baketsuak eta abegikorrak direla uste duten peacenikek. Nik bonoboen ikerketa aipatzen dut txinpantzeen kontu horri aurre egiteko. Baina iruditzen zait alde batera utzi beharko genituzkeela txinpantze eta bonoboak, haien jokabideak oso berrikitan aldatuta izan daitezkeelako”.

Garrantzia handiagoa ematen dio Horganek arkeologiak dioenari. Eta arkeologoen arabera, gerra duela 10.000 urte azaldu zen gizakien artean, munduan leku ezberdinetan, gero denetara zabaltzeko. Beraz, ez da hain sortu zaharra, aurretik asmatuak dira lanabesak, janak kuzinatzea, erlijioak, artea eta musika. Kultur berrikuntza gaztea da gerra.

Biologiaren ikuspegitik, gehienek diote jende populazio handiegiak sortu duela gerra, ura, ehizakia, lurra eta emakumeak eskuratzeko lehiak. Gaur borrokagai nagusia petrolioa litzateke horren arabera. Baina Horganek uste du ideia honek ere badituela ahulguneak. Batzuetan soziopata karismadun bat gai da herri osoa gudura eramateko.

Txinpantze ala bonobo?

Iturburua baino gehiago, ordea, mekanika interesatzen zaio Horgani. Behin piztu denean, bere burua elikatzen duen dinamika abiarazten baitu. “Gerra ikusi behar dugu meme moduan [antropologian eta soziologian, memea da ideia eta praktika kulturalen oinarrizko unitate bat, pertsonen artean transmititu daitekeena], leku batean sortu denetik bere burua betikotzen duen ideia edo jokabidea iraunkor eta sakon errotua”.

Horrela sortzen dira guduak mendekuagatik, edo berdin etsaiaren erasoari aurre hartzeko eraso prebentibo gisan. Batetik Iranen eta bestetik AEBen eta Israelen artean dabiltzan gerra hotsak gisa horretan esplikatzen ditu Horganek.

Baina gerrak bere burua perpetuatzeko joera duen moduan, jendeek ere esan diezaiokete “aski”. Horganek hiru eredu nabarmendu ditu. Suitzak eta Suediak aspaldi erabaki zuten armada edukitzea bai, baina gehiago gerrarik ez egitea. Are maiteago du Horganek Costa Rica, zeinak 1940ko hamarkadan gerra zibil odoltsua nozitu zuen eta geroztik armada edukitzeari uko egin zion.

Costa Rica dago azken mende erdian munduko eskualderik biolentoena den Erdialdeko Amerikan, Nikaragua, Guatemala, Honduras eta El Salvadorren ondoan, eta bakean bizi da. Horregatik Horganek gaur uste du lehenbizi militarismoari eta gerrari egin behar zaiela uko eta demokrazia, askatasuna eta gainerakoak gero datozela.

Gizakia berez guduzalea dela? Dave Grossman koronelaren On Killing (Bestea hiltzeaz) liburua aipatu du Horganek. Grossmanek nabarmendu du, soldadu amerikarren jokabideak ikertuta, gizaki gehienek ez dutela inor hil nahi. II. Mundu Gerran demostratu zen infanteriako soldadu askok ez ziotela tiro egiten etsaiari, ez zuten hiltzeko gogorik.

Ikerketaren emaitzekin, AEBetako armadak entrenamenduak zorroztu zituen. Koreako gerran eta batik bat Vietnamekoan soldaduek hobeto apuntatzen zioten etsaiari. Ordainetan, etxeratutakoan, traumagatiko estresak asko ugaritu ziren. XXI. mendean lehen baino urrunagotik egiten zaio su etsaiari, artilleriarekin, hegazkinetik bonbaka... eta azken aldian piloturik gabeko droneetatik. Baina horra bitxikeria: Nevadako base batetik bideojokuetan ari bailiran Afganistanen gizakiak kalitzen dituzten militarretako askok ere traumagatiko estresa nozitzen dute.

Gutxi dira lagun hurkoa garbituz gozatzen duten jendeak, baita gerretan ere, Horganek aipatu dituen ikerketen arabera %2. Gainerakoetatik askok sufritu egiten dute tiroka. Baina pertsonak denetara jartzen dira, eta odolera ere bai. The Lucifer Effect idatzi zuen Philip Zimbardok esperimentu bat egin zuen 1970eko hamarkadan Stanford unibertsitatean. Stanford Prison Experiment delakoan, bere ikasleetako batzuk preso izendatu zituen eta beste batzuk zaindari. Bigarren egunerako “zaindariek” sadismoz tratatzen zituzten “presoak”...

Gerra gizonezkoen afera ote da? Alderantziz uste du Horganek, Sarah Blaffer Hardy antropologoari jarraituz, lehendik bakean bizi zen talde bat gerran sartzen denean, guduek aldatzen dituzte bai gizonen eta bai andreen rolak. Machokeriak ondorioa dira.

Gerra eta bakea planteatzerakoan Horgan Gene Sharp soziologoaren jarraitzailea da. Mila bider idatzi da Sharpen ideiek eragin handia izan dutela azkenaldiko matxinada baketsuetan. Horganek ere uste du gerra ez dela soziopaten kontua. “Gizakiaren berezko agresibitateak adina garrantzia dauka gerraren aurrean jendeak amore emateak”.


Azkenak
EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren analisia aurkeztu du Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak

EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]


2025-04-09 | Sustatu
UEUk aurtengo uda ikastaroen zerrenda finkatu du

UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.


ANE LABAKA MAYOZ:
“Ama izatean bizitako zurrunbiloari hitzak jartzen saiatu naiz”

Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ‘Hezur berriak’ (SUSA, 2025) poesia liburua plazaratu berri du. Bertan, amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak bildu ditu.


“Badaude diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak, gutxienez eskatzen dutenak Debako liburutegian ikerketa bat aurrera eramatea”

Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]


Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu

HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.


Israelek eginiko beste sarraski bat atera da argitara: Rafahn hamabost osasun langile hil eta ondoren hobi komun batera bota zituen

Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]


50.000 plakako zentral fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]


Eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa aurkeztu du Pedrosak

“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]


2025-04-08 | ARGIA
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek

Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".


2025-04-08 | Bertsozale.eus
Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


Gaixo dagoen Gotzon Telleria euskal presoa etxeratzeko eskatu dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]


Hiru eguneko greba zikloari ekin diote Bridgestoneko Basauriko langileek, eta arratsaldean mobilizazioa egingo dute

Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.


Eguneraketa berriak daude