Emakumeak alde batetik, eta zientzia, teknologia edo ikerkuntza bestetik. Aparteko bi mundu izan dira duela gutxi arte, eta oraindik ere hala moduan ageri dira, jardun horietako goi postuetan errepasoa eginda.
Kristalezko sabai sonatua zer-nolakoa den, zientziei dagokienez. Zertan den emakumeei goi-karguetara heltzea galarazten dien oztopo ikusezin hori teknologiaz, ikerketaz, berrikuntzaz edota karrera akademiko zientifikoez ari garenean. Horixe da, lerrootara ekarri nahi izan dudan gaia. Eta, zintzoki esanda, kristalezko sabai horrek blindajea makaltzen hasia zuela uste nuen nik, gaiari heldu aurretik. Azken aldion egin zaion pitzadurak –unibertsitateetako geletan, salbu eta ingeniaritzetan eta matematika eta konputazioan, gehiago dira emakumeak gizonezkoak baino– urte gutxitan lehertuko duela; ikasle horiek lan munduaren eta esparru akademikoaren jabe egin ahala. Tamalez, ez dirudi horren sinplea denik.
Helsinki Group-ek Europako Batzordearen enkarguz argitaratzen duen She Figures txostenaren arabera, emakumezkoak %30 dira ikerkuntza zientifikoan, oro har. Unibertsitate mailari dagokionez, batez beste %37 dira emakumezko ikerleak; %39 sektore publikoan eta %19 sektore pribatuan. Nolanahi ere, eta krisiak alderantzira jarri dituenak erabat neurtu gabe dauden arren, orain dela gutxi arte behintzat, berdintasunaren aldeko mugimendu positiboak ageri ziren bietan. Esan liteke, bestalde, sektore guztietan handitu dela emakumezko ikerlarien kopurua, bereziki zientzia medikoetan, baina baita humanitate eta zientzia sozialetan edo teknologietan eta ingeniaritzetan. Azken horietan, dena den, gizonezkoak gehiengoa dira, baita matematika eta konputazio arloetan ere.
Segregazioa, ordea, bertikala da batez ere. Behetik hasi eta esponentzialki handitzen da bazterketa, mailetan gora egin ahala, gizonezkoaren nagusitasuna handitzen doan bezala. Unibertsitateetako ikasleen artean emakumezkoak gehiengoa direla aipatu dugu lehenago. Graduatzen direnen %60 inguru dira, hain zuzen. Baina pertsonal akademikoari erreparatzen bazaio, irakasle titulatuen %36 besterik ez dira, eta katedratikoen artean, berriz, nekez heltzen dira %18-20ra.
Larriagoak dira enpresa pribatuetako datu konparatiboak. Adibide zehatz bat: 1.500 langile inguru biltzen dituen Tecnalia zentro teknologikoak emakume bakarren bat besterik ez du piramidearen muturrean. Zazpi negozio dibisiotan banatuta daude, eta dibisiootako arduradunen artean ere ez da emakumerik ageri. Gizonezkoak dira denak.
Ezin konta ahala oztopok osa dezakete kristalezko sabaia. Gizonezkoen arteko korporatibismoa aipa genezake, edo patroi femenino sendoen beharra, norbere buruarekiko segurtasun eza aginte postuetarako, anbizio falta, helburuak edozein preziotan lortzeko afan horren errefusa, postu bererako gizonezkoek baino gehiago demostratu beharrak sortzen duen estresa... Gako funtsezkoena, ordea, kontziliazioa da. Esan nahi baita, lana eta familia uztartzeko zailtasuna (zenbait kasutan, ezintasuna). Gizonezkoak ere guraso diren arren, arazoa nagusiki amek pairatzen dutelako. Arrazoiak arrazoi, azken hauek direlako batik bat haurren zaintzaz arduratzen direnak. Eta hain zuzen horregatik, gizonari, seme-alabak izateak mesede egin diezaiokeen bezala, emakumezkoari atzerapena eragiten diolako kasurik gehienetan.
Halaber, kopurua ez ezik, adina eta eragina ere ukitzen ditu gizon-emakume arteko desorekak. Nabarmenki, gainera, ikerketa arloan, jardun horrek kontzentrazio handia, lan-egun amaiezinak eta kanpora ateratzeko prestuasuna bere baitan dituela hain barneratuta dagoenean.
Ikerketa eta teknologia munduko lau lagun bildu ditugu artikulu honetan. Generoak batzen ditu lauak, eta zientziak. Desberdinak dira, ordea, ertz askotatik. Besteak beste, hartzen duten lan esparruagatik, lanean betetzen duten postuagatik, ordezkatzen dutenagatik, ardura familiarrengatik, jarduteko moldeagatik.
Kontziliazioaz eman digute iritzia, eta ordu murrizketak ikerlariari eragiten dion etenaz edota atzerapenaz; emakumezkoen ekarpenaz; amatasunari zaintza ez den beste ikuspegi batetik erreparatu beharraz; sailkapen moduak aldatu eta generoaz baino, pertsonez edota estiloez hitz egiteko egokitasunaz; neurriz gaindi dauden ohiturak eta inertziak arrazionalizatzeaz.
Autokritikarik ere entzun da: emakumeak ez die goi postuei heldu nahi, eta ardurarik hartu gabe, nekez irauli daiteke indarrean dagoen moldea. Goitik behera errazago, behetik gora baino.
Itziar Nogueras Berra Elhuyar Fundazioko zuzendaria
Elhuyar Fundazioko zuzendaritza postu gehienak (7tik 5), emakumeen esku daude. Zuen etxean ez da sabairik.
Hemen betidanik bultzatu da emakumea ardurak hartzera, eta aukera ere beste zenbait tokitan baino zabalagoa izan da, emakume asko gaudelako. Ez da ohikoa, egia. Ikerketa alorreko zuzendaritza foroetan, zentro teknologikoen foroetan, Saretek-en, neu izan ohi naiz bakarra. Hori da gure errealitatea.
Niretzat, generoaren ikuspegitik baino, pertsonaren ikuspegitik hitz egitea litzateke idealena; zuzendaritza estiloez hitz egitea, emakume guztiak ere ez baikara berdinak. Baina horretarako iritsi egin behar da postu horietara eta ez da batere erraza. Oro har, hautatzen dutenek beren erara egiten dutelako, beren antzekoaren bila jotzen dutelako. Hori dela medio, edo gaur egun nagusi den eredu maskulino hori dela eta, emakume askok ez du deus jakin nahi. Tira, eta dagoeneko gizon askok ere ez, bizimodua beste era batera ikusten dute. Beharbada gehiegi orokortzea da, baina eredu hori, nik ezagutzen dudan arloan, aldatu egin behar da, agortuta baitago. Emakumeak postuoi heldu behar die egoera aldatu ahal izateko.
Haurrak heltzen direnean ezin omen da berdin jardun.
Ardura postuak dedikazio handia eskatzen du, zalantzarik gabe, ezin da zuzendaritzarik eraman ordu murrizketa denean. Ikerketan ere, mailaren batean ezaugarri zorrotzak izango ditu lanak, dedikazio handia, kanpora atera beharra…. Bikotean zein erabaki hartzen den, hori da gakoa. Seme-alabak izanda, bietako batek ardura handiagoa hartu behar du. Arazoa da gehien-gehienetan emakumeak hartzen duela eta gainera arlo profesionalari uko egiten diola.
Errealistak izan behar dugu, lanpostu batzuetan ez dago ordu murrizketarako aukerarik eta kanpora ateratzeko prest izan behar da. Baina posible da, eta emakumeek animatu egin behar dute. Bizimodu mugitu xamarra da, eta neketsua. Anbizioa behar da.
Sabaia hor dago, konplexua eta zaila da gora iristea, baina guk ere badugu zeregina, beste jarrera bat agertu behar dugu, beste disposizio bat, eta borroka egin behar dugu. Egia da, zenbait tokitan dedikazioak ikaragarri luzeak direla, egunean orduak eta orduak, eta nire ustez ez da beharrezkoa. Arrazionalizatu egin behar da. Bizitzen ikasi behar dugu.
Lan honek asko xurgatu nau, baina nire bizitza pertsonalari, familiari eta lagunei, ez diet uko egin. Dedikazio handia eskatu dit, argi dago, baina ez dut semeen etaparik galdu izanaren sentsaziorik. Nekatu naiz, eta haurren ekitaldiren batera berandu iritsi naiz, baina ez egunero. Nire esku egon den guztia egin dut hori orekatzeko. Zer esan nahi du horrek? Oso neketsua dela.
Kontziliazio ezak, ordea, emakumeari jartzen dio trabarik handiena.
Politikoki zuzena ez den zerbait esatera noa akaso… Bada korronte bat zera dioena, seme-alabei ez dakit norainoko dedikazioa eskaini behar zaiela, bularra ez dakit noiz arte eman… Emakumea arlo profesionaletik kanpo uzteko arriskua dago, edo dezente eteteko, eta ez genuke onartu beharko. Bolada baterako ongi dago, nik izan dut esperientzia hori eta egin dudan gauzarik inportanteena izan da, baina ama bezala diot, kontuz. Formula orekatuagoak bilatu behar dira. Kontzientzia txarrik gabe lortu behar da familia eta lana bateratzea.
Bestalde, seme-alabek lan munduan garapena duen ama edukitzea ere oso inportantea da. Familia izateari ez zaio zaintzaren ikuspegitik bakarrik begiratu behar, eta gauza inportanteenetako bat da, ez dut zalantzarik, baina beste ama eredu bat ere ona da.
Ez dakit gizartean zer interes dauden, baina iruditzen zait kanpo utzi nahi gaituztela berriz. Oso zaila dugu eta gainera seme-alabei nahikoa dedikazio ez eskaintzearen aitzakian errudun sentiarazten bagaituzte…. Naturaltasuna behar dugu.
Nola egin duzu zuk?
Gako garrantzitsuena talde lana da, delegatzea, kezkak eta lanak banatzea. Ezaugarri femeninoagoa dela iruditzen zait. Eta zure akats guztiekin agertzeko arazorik ez izatea. Noski, konfiantzazko tokietan, kanpoan ezin baita horrelakorik egin. Zeren gizonek ere hori egiten dute, segurtasun handiz agertu. Gero, konturatzen zara horiek ere hutsuneak dituztela. Ezaugarri maskulino horretatik ikasi behar dugu guk. Jakina, neurrian.
Bestalde, analizatzeko gaitasuna, planifikatzekoa. Orokortzea gehitxo da beharbada, baina uste dut emakumeok hausnarketarako joera nabarmenagoa dugula, eta erabakiak beste sendotasun batez hartzen dira. Arriskua dugu, ordea, gehiegi luzatzekoa.
Kontua da jendaurrean nola agertzen garen, baina super agintaririk ez dago, ez gizonezkorik, ez emakumezkorik. Erabaki gutxi hartu dut nik bakarka.
Harremanetarako gaitasun hobea ere nabarmendu izan da.
Galdetzeko arazo gutxiago dugu. Badirudi galdetzea ezjakina izatea dela. Zuzendaritza postuetan dagoen tabuetako bat, hain zuzen, hori da, eta hain da lagungarria umeek adina galdetzea, edozein erakundetan. Galderak erreflexioan laguntzen du, norberari ere bai.
Hori gabe oso zaila da elkar ulertzea. Oso autoritarioak diren zuzendariekin topo egiten duzunean, zergatik galdetzea edo zerbait zalantzan jartzea, kritikak entzutea, deserosoa zaie. Orduan sortzen dira matxismokeriak. Orduan azaleratzen dira aurre-iritziak. Gizonek eginez gero ere ez dute ondo hartuko, seguruen, baina errazago egiten dute paso.
Ane Irazustabarrena Murgiondo Nazioarteko proiektuen koordinatzailea Tecnalian
Europar Batzordeari begira dihardu joan den aspaldian. Handik datozen deialdiak aztertzea, ikertzaileekin eztabaidatzea, aukerak identifikatzea eta proiektuak idazten edota negoziatzen laguntzea ditu ardura nagusiak.
Ongi ezagutzen dituzu Europar Batzordearen politikak. Zer diozu emakumearen arloan egiten denaz?
Lan handia egiten ari da. Kontsiderazio handia du gaiak, helburuetan dagoelako. Adibidez, inon ez du jartzen emakumea buru duen proiektua hobetsiko denik, baina zuk badakizu horrela proiektua borobilagoa dela, hobeto hartuko dela, helburuetako bat betetzen ari zarelako. Idatzi gabeko araua da, nolabait. Teknikoki, jakina, ona izan behar du proiektuak eta sortu den kontsortzioak ere konpetentea izan behar du.
Proiektuen ebaluatzaileen kasuan ere beste horrenbeste. Ahaleginak eta bi egiten dira, proiektuak aztertzen dituen taldean emakumeren bat sar dadin.
Emakumeren bat?
Bai, hala da, oso gutxi dira. Haurrak izanda, esaterako, emakumeak oso zaila du karrera zientifikoa aurrera eramatea, ordu murrizketa eskatzeaz batera. Lanean ari bazara ere, ez zaude gizona bezala kontzentratuta. Eta ikerketak kontzentrazio handia eskatzen du.
Ikerlaria egun erdiz ari bada eta lanetik kanpo ardurak baldin baditu, proiektuetatik atera egiten dute azkenean. Ezin du kanpora atera, halako ordutan bilerara etorri… Lan txiki bat ematen zaio proiektuan eta kito. Hortik dator bazterketa.
Gakoa kontziliazioa dela diozu.
Gako esanguratsuena da, bai. Bada besterik ere. Goi mailako bilera horietan, adibidez Bruselan, arrunt zaila da emakumeen ahotsa entzutea. Gehienak gizonak dira eta gehien hitz egiten dutenak ere haiek dira. Haien kluba osatzen dute.
Nola egin duzu zuk aurrera? ‘Gizondu’ beharra dago klub horietan sartzeko?
Nire estiloa ez da gizontzea. Zeure pertsonalitatea garatzen duzu, zeure buruari ziurtasuna emanez, zure inteligentzia mahairatuz.
Nola ikusten dituzu beste herrialdeetako emakumeak, esate baterako, Alemanian?
Egia esan, Alemanian ez dut emakumeekin topo egiten. Orain fundizioko proiektuetan murgilduta nabil. Labe jasangarriagoak, energetikoki efizienteagoak lortzeko ikerketan ari gara. Esparru horretan gizonak dira denak.
Nola hartzen zaituzte?
Nahiko ondo. Oso sektore tradizionala da eta ez daukate ikerketarako azpiegiturarik. Egiten duten apurra beren kabuz egiten dute. Europar komisioaren berri ematera zoazelarik, eta diru-laguntzak ere badirela esaten diezularik, harritu egiten dira eta interesa pizten zaie. Han beste jarrera bat dute, dena den. Hemen gehiago nabaritu dut zera hori, emakume bat fundizio batean sartu eta labeak saldu nahian etorri zaienean.
Proiektua emakumeak zuzendu ala gizonak zuzendu, ba ote dago estilo diferentziarik?
Uste dut baietz, badela. Baina batez ere pertsonak du eragina. Orokortu beharko bagenu, emakumeak beste sentsibilitate bat jartzen du normalki, eta hori nabaritu egiten da. Europan batez ere, proiektuak oso konplexuak dira. Imajinatu, jarri mahai beraren bueltan Tecnalia, Alemaniako labe fabrikatzaile bat, Suediako fundizio bat eta sentsoreak egiten dituen Estoniako enpresa txiki bat, bakoitzak bere hizkuntza duela, bakoitza bere hala moduko ingelesean moldatu beharrean... Bileran gure ezagutzak eta helburuak aipatuko dira, planifikazioa ere egingo da, eta gero, nor bere herrialdera itzuliko da. Hortik sei hilabetera arte ez gara berriz elkartuko. Bitartean, e-postaz edo telefonoz arituko gara, baina konturatuko zarenez, oso zaila da proiektuari jarraipena egitea.
Horrelakoetan oso garrantzitsua da komunikazioa, eta lotura sortzea. Komunikazio onik eta loturarik ez badago, askotan gertatzen dena gertatuko da, bakoitzak bere partea justu-justu egingo duela, eta hiru urteren buruan, emaitza agiri sorta bat besterik ez dela izango.
Beraz, orokortu beharko bagenu, harremanetarako beste sentsibilitate hori jartzen du emakumeak.
Maider García de Cortazar Ingeniariaritzan doktore eta ikerlaria Tecnalian
Zaila da kontziliazioa.
Gaur egungo sistemaren eta antolaketaren arabera, zaila ez, ezinezkoa da. Orain 30-40 urte arte emakume gutxi zegoen enpresa eta zientzia munduan. Hortaz, lan egiteko eta lana kudeatzeko moduak gizonen arabera daude antolatuta.
Pixkanaka, enpresa eta zientzia aldatuz joan dira, mundua bezala, emakumeak gehitzearekin batera, baina aldaketa ez da oraindik antolaketa mailara heldu.
Arazoa ez da familia eta lana uztartzea, biak egungo sistemari uztartzea baizik. Izan ere, etxea eta lana bi proiektu dira, bakoitzak bere helburuak ditu, eta malguak izan behar, biak aurrera ateratzeko. Horiek horrela, goi postuetan gizonezkoak egoten dira, eta ondorioz, beraiek diseinatzen dute lana kudeatzeko modua. Etxean, berriz, alderantziz gertatzen da: maiz emakumeak dira etxeko proiektuaren zuzendari, teknikari, idazkari eta abar, eta beraiek diseinatzen dute proiektu hori nola kudeatu.
Horregatik, kristalezko sabaia baino lehenago, hormak daude, horma trinko eta zurrunak: ordutegiak, nahitaezko presentzia... Zergatik egin behar dira bilerak arratsaldeko zazpietan, eta ez eguerdian, adibidez?
Bi proiektuak batera eraman ezin direnean, emakumeak askotan bat uzten du. Jakina, lana. Uste dut garrantzitsuena helburua lortzea dela, eta antolaketa horretara egokitzea.
Hiru haur txiki dituzu. Nola daramazu kontu hau?
Lan-ordu murrizketa eskatu nuen bigarren haurra jaio zenean. Baina ordu murrizketa eskatuagatik ere, nire gaitasuna edo ardura ez da txikiagoa. Lanean ilusionatuta eta motibatuta bazaude –gaur egungo sistemak ez du asko motibatzen–, ordu murrizketak ez du zertan proiektua aurrera ateratzeko aukera eskastu. Ilusioak eta motibazioak bultzatuko naute beharrezkoa dena bilatzera.
Kontzentrazio handia behar da ikerketan, dedikazioa ere bai. Ordu murrizketak galera dakar. Nola ikusten duzu?
Dedikazioa ordu presentzial kopuruarekin nahastea da akatsa! Ona al da orduak “bete” behar horretan, denbora-pasa egotea? Ona al da bertan kezkatuta egon behar izatea umeak sukarra duenean, lanetik irteteko beldur zarelako?
Bi proiektuak betetzeko aukera ematea da konponbidea. Uste dut proiektu bakoitzak eskatzen duela zer, zenbat, nola eta noiz eman… Biak ere, proiektu luzeak dira, eta urte “kritiko” horiek, berriz, oso gutxi, umeak pixka bat koskortu artekoak, besterik ez. Pena da urte gutxi horiengatik emakumeen talentua, prestakuntza eta esperientzia alferrik galtzea.
Zer du ona emakume eta gainera ama izateak zientziarako?
Zientziarako, emakume izatea ez da gizonezko izatea baino hobea, ez okerragoa ere. Desberdina besterik ez da. Beste ikuspegi bat eduki genezake guk, ikuspegi osagarri bat, alegia. Baina agian ama izatetik eta ama izateak sorrarazten dizkidan ataka eta konpromisoetatik, atera nitzake zientziarako umeekin maiz hain beharrezkoak diren irudimena, enpatia, asmamena, adimen zabaltasuna, inprobisazioa eta abar. Ume bat kasketa batetik ateratzea eta horri buelta ematea, hori bai esperimentua! Baliabide guztiak erabili behar! Esperientzia, prestakuntza, talentua, gaitasuna, ezker eskua, eta baita goi mailako negoziazio ahalmena ere! Horregatik, ikuspegi humanistagoa eman diezaiokegu lanari, gaitasun emozionala baliatuta.
Nola antolatzen duzu eguna?
Ordutegi jakin batzuetara nahitaez egokitu beharragatik, nahiko gaizki, egia esan. Izan ere, erlojuaren mende bizi naiz, helburuen mende bizi beharrean. Horregatik aldarrikatzen dut beste modu bateko antolaketa, helburuei begirako antolaketa.
Naroa Aldanondo Aristizabal Biologian doktore, Saudi Arabiako unibertsitate batean ari da lanean
Zer egiten du Kantauriko antxoa ikertu duen emakumezko doktore batek Saudi Arabian?
Horixe galdetzen diot nire buruari sarritan! Egia esan, behin tesia bukata ez nuen Euskal Herrian ikerketan jarraitzeko lan-aukerarik izan. Horrek kanpora begiratzera bultzatu ninduen. Hemen, Saudi Arabian dagoen unibertsitate batean lan eskaintza interesgarria sortu zitzaidan, eta buruari buelta batzuk eman ondoren, hona etortzea erabaki nuen. Doktoretza ondorengo beka batekin nago, printzipioz urtebeterako. Itsaso Gorrian bizi diren arrainak ikertzen ditut: arrain hauen biologia eta ekologia, otolitoen azterketa, DNA-teknikak erabiliz.
Zer nolakoa da zure bizimodua? Nola antolatzen duzu eguna?
Hemengo bizimodua, campus barrukoa, oso lasaia da. Larunbatetik asteazkenera ia fakultatean pasatzen dut eguna. Lana bukatutakoan, etxera joaten naiz gehienetan. Oraindik denbora gutxi daramat hemen (hilabete eskas) eta etxea antolatzen, erosketak egiten eta abar, badut nahikoa zeregin. Dena den, asteburuetan –hemen ostegunek eta ostiralek osatzen dute asteburua– Jeddah-ra joaten naiz, hemendik ordubetera dagoen hiri batera. Hori bai, behin campusetik aterata abaya jantzi behar dut nahi eta nahi ez. Kanpus barruan bakoitza nahi den bezala jazten da. Jeddah-ra joateko campusetik bertako zentro komentzialetara eramaten gaituen autobusa daukagu. Izan ere, emakumeok campusetik kanpo debekatua dugu gidatzea.
Nolakoa da unibertsitate esparrua? Zure lan taldea?
Lan taldea ez da oso handia. Hamar lagun inguru gara, zazpi gizon eta hiru emakume, denak atzerritarrak. Emakumeak gutxiago gara, egia da, baina kasu honetan arrazoi bereziak ere badira. Saudi Arabiara etortzeko erabakia da zaila emakumezkoarentzat, zer esanik ez bakarrik etorrita. Estatu honek ezartzen dizkigun baldintzengatik da. Baina campusean ez da horrelako arazorik. Unibertsitate esparruan, ikerketan batez ere gizonezkoak daude. Emakume gazteak gutxi gara. Administrazioan, aldiz, bertako jendea da nagusi, eta emakumeen presentzia nabarmena da.
Aztin ere aritu zinen lanean. Orokorrean, ba al da alderik unibertsitatearen eta ekimen pribatuaren artean?
Antzeko egoera ikusten dut, alegia zaila denetan. Lan eskaintzak ez dira ugariak eta sarritan kanpora atera behar da ikerketan jarraitu ahal izateko. Ez zait iruditzen emakumea izatea desabantaila denik zientzia arloan, gaur egun behinik behin ez. Egoera ikerlari guztientzat da traketsa, gizon izan edo emakume izan. Eta kanpora ateratzeko erabakia pertsonaren araberakoa da.
Ez dut alde handirik sumatzen unibertsitatearen eta ekimen pribatuaren artean. Badut halere, halako pertzepzio bat, unibertsitatean emakume gehiago dagoela goi mailako postuetan.
Ba al da diferentziarik, zure alorrean beti ere, emakumezkoek zuzentzen dituzten ikerketen eta gizonezkoenen artean?
Ezagutu ditudan ikerketa arduradun nagusiak gizonak izan dira. Ez dut emakume ikerlaririk ezagutu ardura handiko postuetan. Arrazoiak ez ditut garbi, baina belaunaldi kontua ere izan daitekeelakoan nago. Datozen urteetan alda daitekeen zerbait dela iruditzen zait.
Nola ikusten duzu kontziliazioa zauden tokitik?
Orokorrean, edozein lan-postutan hobetu beharreko zerbait da kontziliazioa, eta zientzia ez da salbuespena, batez ere nire adinean. Argi dago haurdun geldituko banintz ez ninduketela inon kontratatuko, ez ikerketa zentro batean, ez unibertsitate batean ezta taberna batean ere. Hemen, adibidez, gutxienez urtebetez aritu behar duzu lanean, amatasun baja hartu ahal izateko.
Nekeaz idaztera nindoan zutabe bat, baina erridikulua iruditu zait 19 urterekin lur jotaren planta egitea: amore emanda, nekatuta, etsituta, mundu honek ukatu banindu bezala. Are erridikuluagoa iruditu zait gelditzen zaizkigun ogi apur txikiekin erantzukizun ezaz amestea, azken... [+]
Gasteizko Mercedeseko langileek bederatzi orduko bi txandetan egingo dute lan aste bitartean, eta larunbat goizetan zortzi orduz, 2025eko martxotik aurrera. Hori da enpresako patronalak iragarri duena iragan astean, gehiengo sindikala aurka azaldu bada ere. Osasunerako eta... [+]
Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan asteartean, baina aurreko... [+]
Guretzat, ekofeminismoa ez da teorikoek eta idazleek garatutako teoria. Kolektibo sozial batean parte hartuta eta beste kolektibo eta erakunde batzuekin harremanetan jarrita eraiki dugun ezagutza da. Eta eraikuntza kolektiboak ikusezin bihurtzeak kezkatzen gaituelako, Desazkunde... [+]
Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian ikusten omen zituzten, olatu tontorretan jauzika.
192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina are harrigarrigoak dira bertokoak, Ingalaterrako sagarrak direla jakinda.
Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.
Urriaren 24an 40 urte egin du preso Georges Ibrahim Abdallah libanoarrak Frantziako Estatuan. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatua da... [+]
Kexak eta esker onak paretsu mantendu dira, baina erreklamazioetan bada aldea. Esaterako, aurtengo ekaina iazkoarekin alderatuta, ia %30 igo dira erreklamazioak.
UNESCOk Munduko Biosfera Erreserben Sarea zabaldu du hamaika izendapen berrirekin, horien artean da Iratiko Oihana. Astearte honetan jaso dute diploma Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako presidenteek Ariben.