argia.eus
INPRIMATU
EHUko pankartako irakasleak
Amaierarik gabeko tunelean
  • 1980ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran, EHUko ehunka irakasle jardun ziren borrokan kontratu mota berri baten alde. 1992ko martxoaren 30ean, unibertsitateak eskainitako kontratua sinatzeari uko egin zioten horietako bederatzik. Gaur egun, hiruk jarraitzen dute EHUtik kanpo, eta bik, Antton Azkargortak eta Jose Luis Herrerok, Leioako campuseko paisaiaren zati bihurtu den pankartari eusten diote oraindik. Beraiekin hitz egin dugu, aipatutako dataren hogeigarren urteurrena betetzear den honetan.

Unai Brea @unaibrea2 2012ko martxoaren 27a
Argazkiaren erdian ageri da Antton Azkargorta, eta eskuman Jose Luis Herrero.
Argazkiaren erdian ageri da Antton Azkargorta, eta eskuman Jose Luis Herrero. "Arazo honi konponbidea ez ematearen arrazoia, gaur egun, EHUtik kanpo dagoela uste dugu", adierazi digute.

1990ean, EHUko 97 irakaslek epaitegietara jo zuten. Hilabete batzuk lehenago, kontratu administratiboa sinatzeari uko egin zioten; euren argudioa zen kontratu mota hura behin-behinekoa izan arren, unibertsitatearekin zeukaten lan harremana iraunkorra zela. EHUk kalean utzi zituen irakasle haiek, eta hori izan zen demandaren zergatia.

Epaitegiek, hasiera batean, irakasleei eman zieten arrazoia –kanpoan utzi izana bidegabeko kaleratzea zela esanez–, eta irakasleak, behin-behineko egoeran bazen ere, EHUra itzuli ziren. Baina azkenik, 1992an, unibertsitatearen helegitea aintzat hartu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. EHUk urte hartako martxoaren 30era arteko epea eman zien ia ehun irakasle haiei betiko kontratu administratiboa berritzeko, eta hala egin zuten denek, bederatzik izan ezik, Leioako campuseko zortzik eta Ibaetako batek. Urtebete geroago, sei ziren.
Aurrekari horietan oinarrituta, Antton Azkargortak eta Jose Luis Herrerok martxoaren 30a hartzen dute beraien kaleratzearen urteurren datatzat. “Kaleratu” terminoa bera ere eztabaidagai da; 1992tik, EHUk “irakasle ohi” erabili izan du haiei buruz hitz egiteko, eskaini zitzaien kontratuari uko egin ziotela argudiatuta. “Guretzat, berriz, argi dago kaleratzea dela –dio Herrerok– unibertsitateak bazeukalako aukera, garai hartan, administratiboa ez zen kontratu mota bat eskaintzeko; lan-kontratua, gaur ez bezala, legeak debekatzen zuen, baina bi kontratu moten artean bazegoen erdibide bat, handik urtebetera Goiriena errektorearekin egin genuen akordioan frogatu zenez. Gobernu Batzordeak eragotzi zuen akordio hura gauzatzea, horregatik da kaleratzea”.

Gatazka luze baten abiapuntua izan zen hura. Legedian izandako aldaketak medio, 2007an EHUra itzuli ziren Jose Ramon Etxebarria eta Jexuxmari Zalakain. Ez, ordea, Azkargorta, Herrero eta ordurako irakasle kaleratuen kolektibotik aldenduta zegoen Enrike Lopez, 2008an argitaratu genuen erreportajean azaltzen denez (ikus Argia, 2.164. zbkia.). Geroztik, Juan Ignacio Perez Iglesias errektorearen garaian hasitako negoziazioari berriz heltzeko eskatzen dute pankartan dirautenek. Erantzun bakarra Iñaki Goirizelaiaren agintaldiaren hasieran jaso zuten: hiru bilera egin zituzten bitartekari batekin balizko negoziazio bat prestatze aldera, baina EHUk komunikazio ildo hori bat-batean eta esplikaziorik eman gabe eten zuela diote, PSE-EE Lakuara ailegatzearekin batera, 2009an. Gertakari bien arteko lotura frogatzeko modurik ez dute Azkargortak eta Herrerok, baina bai susmoak. “Une honetan, gure aldarrikapenak nahiko normalak iruditzen zaizkio unibertsitate barruko gehiengo zabalari. Arazo honi konponbidea ez ematearen zergatia EHUtik kanpo dagoela uste dugu”. Euren borroka ildoa azkenera arte mantenduko dutela diote, baina une honetan urrun ikusten dute konponbidea.