argia.eus
INPRIMATU
Umetako kontuak
Jakoba Errekondo 2012ko martxoaren 20a

Asiako ekialdeko muturrean ginkgoa (Ginkgo biloba) zuhaitza gurtzagai dute. Ez da harritzekoa: gaztetasunari eusten urgazle da! Gurean ere baditugu landare gurtuak: elorri zuria (Crataegus sp.), hagina (Taxus baccata), lizarra (Fraxinus excelsior)... Gure espiritualtasuna eta gorputza osatu duten landareak dira, gogo eta gose guztiak ase dizkigutenak. Bete gabe? Asebete gabe? Asetzea ere ez da gutxi...

Gure gogoak betetzeak, baina, bestelakoak ere badakartza. Gure espezieak soziala izan behar zuela erabaki zuenetik badugu hurkoari zer zor. Hurkoa izateak betebeharrak sortzen ditu, eta lasaitasuna eta babesa eskaintzen dizkizu trukean. Bake hori jendeak ez ezik sekta batek bermatzen duenean, eta gurean bezala sotanen beltza baino beltzagoa denean zer esanik ez, trukea garestia da. Ustezko anparo horrek onak eta txarrak, adiskideak eta etsaiak bereiztera behartzen gaitu. Batzuk gurtu eta beste batzuk zanpatu. Lagunak bezala landareak.

Gure ume garaietan, ez dakit zein ospakizun aitzakia, sektako herriko nagusi erretorea paliopean kaleetan gora eta behera paseatzera ateratzeko ohitura bazen. Horretarako diktadore haren hankape finetarako galtzadako harriak gogortxo nonbait eta kale guztiak ihiz estaltzen ziren. Moztu berritan zabaldutako ihi berde beltz hark arreta pizten zidan, kaleak inoizko dotoreenak jartzen baitzituen. Gure herriko ihiak zanpatuz palioaren segizioan kanpokoei, palmondoari (Phoenix canariensis) eta erramuari (Laurus nobilis), gorazarre egiten zitzaien.

Ni zanpatuekin bizi naiz. Gure etxeak Imindosberri izena du. Imindos ihi mendi hotzetik dator. Ihiak ura erakusten du. Itsasoko ganduak eta errioko terralak ia etengabekoak eta buztina nagusi den lurra izaki, egutera gozoan egonagatik, ihia (Juncus sp.) bapo bizi den tokia da. Baita gerori ere.