argia.eus
INPRIMATU
Debekatua pozik egotea
Castillo Suárez @casti_suarez 2012ko martxoaren 20a

Badut lagun bat esaten duena gero eta gutxiagotan ausartzen dela jendaurrean esatera kontentu bizi dela, eta lotsa ematen diola egiten dituen erosketak, txikiak badira ere, aitortzeak. Eta badu arrazoi puska bat: alaitasuna gaizki ikusia dago gurean krisian sartu ginenez geroztik, eta askoz okerrago dago ikusia dirua alaitasunez gastatzea. Ematen du lotsa ematen digula oporretara joango garela esatea, galtza berriak erosi ditugula edo afaltzera joan garela lagunekin jatetxe batera. Ez diegula elkartasunik adierazten gu baino okerrago pasatzen ari direnei, ez garela jabetzen egoeraren makurraz. Baina ezinezkoa da eguneko 24 orduak arduratuta pasatzea lanik gabe dugun nebarengatik, koinatuaren enpresa ixteko arriskuaz, amaginarreba zaintzeagatik galdutako diru-laguntzaz eta egoera ekonomiko orokorraz oro har. Beti bada zer ospatu. Beti bada kontentu egoteko arrazoiren bat. Beti badugu nori eskerrak eman. Beti. Izan ere, zaila da krisiaren ondorioak ez pairatu izana, baina horrek ez du esan nahi alaitasunerako arrazoi guztiak desagertu direnik.