argia.eus
INPRIMATU
Glamourra baita etxeko zapatiletan ere
  • Bi doberman beltz.

    The Sparteens.

    Usaina/Gor.


    Iraupena: 9’52’.


    5 euro.
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko martxoaren 20a
Iparraldeko ye-ye taldeko kideei (zakur zaharrak beraiek) nostalgikoak ote diren galdetzen badiezu, musika polita eta entzungarria egiten dutela erantzungo dizute; eta galdetuko dute ea gorra izatea modernoa den. 1960ko hamarkadako klasikoak berpiztu eta Euskal Rock Erradikalaren garaiko (eta ondorengo) kanta oso ezagunak beraien guateke-iragazkitik pasatzeagatik ezagunak egin dira. Kantak egokitzea beste, bideoklip edo film laburrak (scopitoneak omen) egitea gustatzen zaienez, bigarren lan hau prestatzerakoan lehenengo ikus-entzunezkoetan pentsatu eta ondoren kantak birkonposatu eta moldatu dituzte beraien ukitu bereizgarriarekin. Negu Gorriaken Bi Doberman beltzi eta euskal kantagintzarekin lotuago dauden Bagare eta Eustakioren bertso batzuk piezei bi bideo gehitu dizkiete.
Iban Rusiñol: "Plazer ia sexuala bihurtu da niretzat koroak lantzea!"

1960ko hamarkadan bezala, singlea indarrean jarri da berriro.

Hori “hit” kontzeptuari lotuta dago. Hau da, indar guztiak produktu bakar batean kontzentratzea horren inguruan dagokion marketina guztiz zainduz. Guk negozio eta marketin horren estetika imitatzea bilatzen dugu, hau da, garaiko jarrera ekonomiko horrek duen balore estetikoa lantzea.

Zuengatik ez balitz, twist, ye-ye, boogie-boogie eta beste estilo batzuk ahaztuta izango genituzke. Zer dute estilo horiek?

Guretzat txantxa estetiko bat baino ez zen hasieran. Baina estilo honekin konposatzeko era zeharo desberdina ezagutu dugu. Hau da, halako estiloak lantzean ez dituzu soinuaren intentzioak lantzen, baizik eta konponketa aberatsak bilatzen. Kanta baten indarra ez dago bateriaren edo gitarraren soinu potentean, konponketen maisutasunean baizik. Musikalki funtzionatzen du, ez soinu aldetik.

Euskal Rock Erradikalaren garaiko kanten bertsioekin egin zineten ezagun. Zergatik aukeratu zenituzten? Garai oso gris batekoak izanik, ukitu alaiagoa emateko?

Hasieran irudikatu genuen kontzeptua izan zen ahalik eta kanta bortitzenak aurkitu eta ahalik eta bertsio ñoñoenak egitea, sekulako kontrastea lortzeko. Noski, gure adina kontuan hartuta, logikoa izan zen RRVko hainbat kanta aukeratzea. Oharkabean gure nerabetasun eta gaztetasuneko soinu banda bortitzena bilatzen genuen. Bortizkeria hori ez dago beti hitzetan eta musikan, hainbat kasutan irudikatzen duten testuinguru politiko gris eta gogorrean dago.

Txalogarria da ahotsen trataeren alde egiten duzuen lana.

Maribel abeslaria koroen fanatikoa da. Berak abiarazitako proiektu guztietan hamar mila ahotsen pistak gehitu ditu, gehiegi. Baina The Sparteensen kasuan guztiz justifikatuta dago. Eta gaur egun ni neu ere zeharo kontagiatu nau. Dagoeneko plazer ia sexuala da niretzat koroak lantzea!