argia.eus
INPRIMATU
Banca Cívica, Kutxa bank eta euskal kutxa

Juan Mari Arregi 2021eko uztailaren 27a

Hego Euskal Herriko aurrezki kutxen bankarizazio prozesuak abiadura handia hartu du. Gainera, badago mugimendurik gure aberastasuna, baliabideak eta aurrezkiak kanpotik kontrolatzeko. EAEko aurrezki kutxek lehen ere hasita zuten bankarizazio prozesua, Kutxabanken sorrera adibide. Euskal aurrezki kutxetatik sortutako erakunde berri hori Euskal Herritik kudeatzen da oraingoz, operazio berririk baztertu ezin den arren. Horren aurretik Nafarroako Aurrezki Kutxak hasi zuen bankarizazioa, hain ezberdinak diren Caja Sol, Caja Burgos eta Caja Canarias aurrezki kutxekin batera Banca Cívica sortuz. Eta hain zuzen, asteotan Caixabankek Banca Cívica aztertzen dihardu, bere kontrola eskuratzeko, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez. Banca Cívica ere ari da beste aukera bat miatzen: Ibercajarekin fusionatzea. Beraz, badirudi Banca Cívica laster Euskal Herritik kanpoko talde handiago batean sartuko dela. Eta, zer pasako da Kutxabankekin?

Gauzak horrela, herritarren zati handi batek nahiko lukeen euskal aurrezki kutxa bakarrak gero eta ezinezkoagoa dirudi. Martxa honetan, jadanik bankarizaturik dauden gure aurrezki kutxek euren erabakiguneak Euskal Herritik kanpo izan ditzakete eta gure interesak ezin izango dira Euskal Herritik defendatu. Herri honek autodeterminatzea lortzen duenerako, eta independentziaren aukeraren alde egingo balu, gure aberastasunaren zati handi bat herri honetatik kanpoko erakundeek kudeatuko lukete, ondorio lazgarriak ekarriz gure sare industrial, ekonomiko eta sozialarentzako, baita lurralde antolamendurako ere. Tamalez, prozesu honek jada atzeraezina dirudi. Norbaitek geldi dezake?