argia.eus
INPRIMATU
The End

Edorta Arana @EdortaArana 2012ko martxoaren 13a

Umeen jolasetan nahiko modu naturalean agertzen da heriotza. Bizirik egotetik betirako joaten denaren azken uneak, helduek baino errazago irudikatzen dituzte adin txikikoek. Lurrera jausitako eskulturak bailiran besoak zabalik, arnasa hartu barik eta begiak itxita ageri zaizkigu antzeztutako hildako horiek.

Zinean eta telebistan ere, askotan erakusten dizkigute hiltzen ari direnen irudiak. Ikus-entzunezko medioetan gainera, gehienetan errekurtso narratiboa izaten da heriotza eta benetakoarekin antzekotasuna bigarren mailako kontua izan daiteke.

Azken denboraldian, hileta dezentera joan behar izatea suertatu zait eta arretaz entzun ditut adinduek ondo hiltzeari buruz esaten dituztenak. “Sinatuko nuke nik halako bat”, “txoritxo bat bezala hil da” ala “lasai joan da” bezalako esaldiak aurkitu daitezke beraien diskurtsoetan. Jakin badakitelako bestelakoak ere egon badaudela, gura baino gehiagotan. Izan ere, heriotzarako bidea tortura hutsa izan daitekeela erakusten duten kasuak ez dira gutxi izaten, agonia jasanezina bilakatuta. Horietariko kasu bat aipatu zidan duela gutxi aita hil berri zaion lagun batek. Eta bizi izandako esperientziarekin penatuta baino amorratuta eta haserre jarraitzen du.

Itzulerarik ez zeukan gaixotasunak jota aita minetan luzeegi egon baitzen, egunak gaizki eta gauak amaierarik gabeak, aieneka. Minbiziak aurpegirik latzena erakutsia zion gizon hari. Ordurako askotan hitz eginda ziren aita-alaba eta momentua heldutakoan gidoia pentsatuta zeukaten. Beraiek erabaki nahi zuten helmuga non jarri.

Gauzak baina aldrebestu egin ziren. Bidearen azken pausoak ematerakoan erraztasunak baino trabak aurkitu zituzten. Osasun zerbitzu publikoan pertsona eta profesional egokirik ez zuten eskura izan pasabide malkartsu hori eramangarria izan zedin. Azken atea lasai zeharkatzeko modurik ez eta gaixoak eta familiakoek inpotentziaz bizi izan zituzten egun haiek.

Sufrikarioa alferrikakoa izan zen. Agonia hark ez zuen inongo zentzurik ezta justifikaziorik ere. Azkena izango zuen gauean, muxu bat ematera hurbildu zenean “noiz amaituko da pelikula txar hau” bota zion gaixoak, beste inork ez entzuteko moduan, bakarrik zeuden arren. Alabak aitortu zidan telebista aparailua begiratu zuela keinu inkontzientean. Pantaila baina itzalita zegoen.

Egunak aurrera joan ahala gero eta garbiago dauka eskubide kontua dela duintasunez hiltzearena. Pelikuletatik albistegietara eraman beharreko kontuaz ari garela.