argia.eus
INPRIMATU
Beste bi odol talderen erantzuleak diren proteinak identifikatu dituzte

Joxerra Aizpurua Sarasola 2012ko martxoaren 13a

Jende gehienari galdetuko bagenio zenbat odol talde dauden, A, B, 0 eta AB (positibo eta negatibo) erantzuna jasoko genuke. Hori esanda, harritu egingo ginateke “jada identifikaturik dauden 30 odol taldeez gain beste bi antzeman dira berriki: Langereis eta Junior” inon irakurriko bagenu.

Nature Genetics aldizkarian irakurri berri dugu Vermont-eko Unibertsitateko (AEB) ikerlariek argitara eman duten artikulua. Lana AEBetan, Japonian eta Frantzian garatu da, eta horren emaitza ABCB6 eta ABCG2 proteinak, edo Langereis eta Junior, hurrenez hurren, topatzea izan da. Adibide gisa: Japonian 50.000 pertsonak Junior negatibodun odola daukate. Horren eraginez, amaren eta umearen arteko bateraezintasun arrisku handia dago.

Euskal Herrian ia ahaztuta baldin badago ere, joan den mendean oso normala izaten zen odola Rh negatiboa zuen amari ume bat edo gehiago hiltzea. Milaka urtetan arazoa izan den hori, orain txerto sinple batekin konpontzen da normalean, eta horixe espero dute, hain zuzen ere, aipatutako Japoniako populazioarekin gertatzea laster.