Bizitzea genuen amets, ametsa gauzatzeko gaitasuna fede, hautatutako bidea eskola. Tailerretan ikasi genuen goizik ugazabak eta gu ez ginela berdintasunean bizi, haiek ondoko tabernara egiteko ez zutela gure baimenik behar izaten. Garai hartako “todos rojos separatistas” modernizatu eta “todo ETA” bilakarazi zuten, tartean beren zepoan zientoka gizaki harrapatuz. Froga bakarra, sozializatutako sententzia, borroka antiterrorista bezala hedatua. Oro da asesino hemen, ez soldadutzan ez barrakatan, inoiz armarik ukitu gabea ere asesinoa da, kolaboratzaileen teilapeak Euskal Herria estaltzeko adina lekua du. Jon Anza desagertua eduki zuten urtaro andana. Senideek ez zuten bertsio ofiziala sinetsi eta beren iritzia eman zuten, Realak San Mamesen sartutako gola bezain argiki. Zigortu egin dituzte beren ebidentzia adierazteagatik. Berdintasunean bizi bagina, Espainiako presidentearengandik hasi eta politikari zein kazetari tropa bereziki zigortua beharko lukete, “oro da eta” erabiliz sekulako eskandaluak burutu eta burutzen lagundu dutelako. Torturatu, sei bat urtaroz kartzelatu eta absolbitu duten azkena lekuko.