argia.eus
INPRIMATU
Haur-jale onarena
  • Zeraldaren erraldoia.

    Testua eta irudiak: Tomi Ungerer.

    Ikas.

    31 orrialde.

    10 euro.
Xabier Etxaniz Erle 2012ko martxoaren 06a
1970ean argitaratutako liburu hau jarri du gure eskuetan iparraldeko IKAS pedagogi zerbitzuak. Tomi Ungerer idazle eta ilustratzaile ezaguna da haur literaturan, nazioartean izen handia duen egile honek euskaraz ere baditu zenbait lan, Bidelapurrak ezaguna tartean. Oraingo lan hau, hura baino zaharragoa izanik, iazko urte amaieran iritsi zaigu Itxaro Bordak euskaratuta.

Argumentua oso sinplea da eta Bidelapurrak haren antza ere sumatuko du batek baino gehiagok. Istorioaren bi protagonista nagusiak haur-jale bat eta Zeralda izeneko neskatxa ditugu. Eta Xerezadek zenbait mende lehenago egin bezala, beste neskatxa honek salbatuko ditu herriko gainerako haurrak.

Haur-jalea herrira jaisten den bakoitzean haurren bat hartu eta etxera eramaten du jateko. Herrian, baina, haur guztiak ezkutuan bizi dira, kalera irten ezinik haur-jalearen beldur. Baina herritik kanpo, baserri batean, bada neskatxa bat haur-jalearen berri ez duena, Zeralda. Aitarekin bizi da eta txikitatik gustatu izan zaio sukaldean aritzea.

Egun batean, aita gaixo dagoelarik, Zeralda azokara abiatuko da gurdia saltzeko elikagaiez beterik. Bidean, baina, haur-jalea izango du zain, harrapatu eta jateko prest. Haur-jalearen eta neskatxaren arteko topaketa, aldiz, ez da aurreikus zitekeen bezalakoa, patuak edo zorteak edo auskalo zerk oso egoera aldrebesean eta berezian jarriko ditu protagonista biak, eta handik aurrera beraien bizitza ez ezik herriko haur guztiena ere aldatuko da.

Amaiera zoriontsua duen liburua dugu; adiskidetasunari eta maitasunari buruzko lana; eta albumetan ohikoa den bezala, irudiaren eta testuaren arteko irakurketa aberatsa eskaintzen duen obra. Alde horretatik oso egokia izan daiteke talde txiki bati, edo haur bati kontatzeko irudiak ikusten dituen bitartean (eta gero berak nahi beste aldiz “berrirakur” dezan); aproposa irudietan ageri diren milaka detaile, kontutxo, aurpegiera… interpretatzeko eta komentatzeko. Izan ere, liburuko protagonista gaiztoak, haur-jaleak, hasieran beldurra ematen badu ere, ez da horrela gertatzen istorioaren argumentu guztia ezagutu ondoren.

Alde horretatik irakurketa ugari eginez disfrutatzeko liburua dugu Zeraldaren erraldoia hau. Zailtasun txiki bat du, ordea, darabilen lexikoan, zenbait hitz (“burtzoroak”, “fartzak”, “aztal”, esaterako) nahiko ezezagunak baitzaizkigu hegoaldekoei. Baina horrek inondik ere ez du eragozten liburuaren irakurketa eta Zeraldaren eta erraldoiaren istorioarekin disfrutatzea.