Negu gorriko hotzen amaierak gazteen karrikaratzea ekarri du Espainiako Estatuko hainbat tokitan, PPren mozketen aurka egiteko. Valentziako hiritik datorren notiziaren arabera, hango polizia Pasaiako zezen hura bezain jenio bizikoa da, hamabost-hamasei urteko gaztetxoei oldartzean erakutsi duen bezala.
Ikasleak Gobernuak irakaskuntzan eginiko mozketen aurka karrikaratu ziren, kalefakziorik ere ez zutela salatuz. Eta poliziak, beti bezain eraginkor, arazoa berehala konpondu zuen. Nola? Gaztetxoak berotuz, egurtuz. Gurean berritik gutxi duen irudiak oihartzun handia lortu du komunikabide guztietan, eta mozketek eraginiko haserreari poliziaren gehiegikeriek sorturikoa erantsi zaio, protestak beste lurraldetara ere zabalduz.
Ikasleak liburuak eskuetan ikusi ditugu, “Hau da gure arma bakarra!” oihukatuz. Irudiak Gabriel Celaya hernaniarraren La poesía es un arma cargada de futuro (Poesia etorkizun handiko arma da) izenburuko poema gogorarazi digu.
Paco Ibañezen ahotsean ikasi genuen olerkiaren arabera, poesia behar-beharrezkoa da, eguneroko ogia eta minutuan hamahiru aldiz arnasten dugun airea bezain beharrezkoa. Denboraren joan-etorriak erakutsia badakigu poesiaren handitasunak ez duela zer ikusirik mundua aldatzeko eraginarekin. Dena den, hunkigarria da poema, Valentziako gaztetxoen ametsa bezain bihotz-altxagarria, Manuel Vicentek gogoratu berri digunez haserrea nerabezaroaren adin nahasian izaten baita garbiena, eskuzabalena, interesik gabekoena.
Argi dago poesiarako garai aproposik sekula ezagutu gabeko munduak lekutan utzi duela lirikotasuna: mozketak eta egurra, horixe duzue gobernuaren eskaintza bikoitza. Hau dena atzeraldi aurreko denboran gertatu bada, iragarri diguten atzeraldi leunean gerta daitekeenaz pentsatzea kezkagarria da, eta are kezkagarriagoa leuna zena noizbait latz bihurtzen bada...
Badakigu Celayaren garaian bezain zaila dela poesiak mundua aldatzea. Liburua ere, jakina, ez da poliziaren edo beste edozeinen basakeriari aurre egiteko tresna eraginkorrena. Baina garai latzotan ere, garai latzotan batez ere, ezinbestekoak ditugu poesia, liburuak eta gaztetxoen ametsak.