argia.eus
INPRIMATU
Miren Azkarate

Josu Amezaga @FloresenaBarria 2012ko martxoaren 06a

Ez naiz euskaltzainaz ari, Unibertsitatean izan nuen ikasle miresgarri bati buruz baizik. Ohiko moduan ikasleei Orwellen 1984 eleberritik pasarte bat aukeratu eta irakurtzeko eskatu nienean, Winston Smith torturatua denekoa aukeratu zuen berak. “Orwellek tortura ezagutu behar izan zuen” esan zigun aukeraketaren zergatiaz galdetuta, “kontaketa oso erreala baita”. Oraindik erantzunaren dimentsioa asmatu ezinik nengoela, “hortik pasatuta nago ni” gehitu zuen. Eta jarraian, gutxitan ikusi dudan duintasunez hasi zen Guardia Zibilaren esku pasatutakoak talde osoari kontatzen, fikziotik batere ez zuen bere 101. gelaren berri ematen. Ikasgela isil-isilik, hogeita bost urtean inoiz izan dudan eskolarik emankorrena ez nuen nik eman, berak baizik.

Duela bost urte Unibertsitatea utzi behar izan zuen, berriro atxilotu eta espetxeratu egin zutelako, zigorra betetzeko. Otsailaren hasieran atera da kalera, eta pasatutakoak pasatuta ere, Winston gaixoaren traza betilunik ez diot ikusi argazkietan: irribarrea baizik.

Ongi etorria Miren, espetxeko hormaren alde honetara.