"Eztabaida ideologikoaren buruzagiak oso banpirikoak dira literaturarekin"

  • ETAko kideek amets egiten dute nobeletan, baina Markos Zapiain horretara jarri den arte, inork ez dio erreparatu azken hamarkadetako narratiban egoskor, zerbait adierazi nahian bezala, behin eta berriz errepikatu den ezaugarri horri. Etakideen ametsak (Elkar) liburuan amets horien interpretazio zorrotz bezain freskoa egin du Bermeon laketutako irundarrak.

"Honezkero ezin ditut aztertutako nobelak irudikatu amets horiek gabe".

Aukeratu duzun gaia ez da oso arrunta: ETAko kideek hainbat euskal nobelatan izan dituzten ametsak. Zer ikusi zenuen amets horietan, narrazioen beste parteetan ikusi ez zenuena?

Hitzaldi bat eman behar nuen UEUk antolatutako “Euskal gatazka euskal literaturan” jardunaldietan eta hari moduan praktikoa iruditu zitzaidan. Ez naiz gai txapa ideologiko bat sartzeko. Gainera, ez dakit zeinek esan zuen, beharbada Kafkak, edo Sánchez Piñolek, ametsak ipuin perfektuak direla.

Badirudi nobela bakoitzaren sakoneko esanahia argitzeko baliagarriak direla ametsok. Funtzionatuko ote zuten eleberriek pasarte horiek gabe, zure ustez?

Auskalo. Honezkero ezin ditut irudikatu amets horiek gabe. Amets horietan narrazioa trinkotu egiten da, intentsuago bilakatu eta ametsaren ostean ezer ez da berdin. Lagungarri dira nobelaren sakoneko esanahia argitzeko orduan. Kontua da, ametsa behar bezala desbiribilkatzea. Leibnizek zioen edozer gauzakik unibertso osoa barnebiltzen eta adierazten duela. Hori bai, kiribildurik dago unibertsoa harri koxkor horretan. Lantegi ederra izan daiteke gauzek gordetzen dituzten altxor eta munduak behar bezala desbiribilkatzea, eta ametsekin berdintsu. Nobela osoa aurki dezakezu amets batean bildurik. Baina baita orrialde arrunt batean ere: Erich Auerbach-ek Mimesis liburuan erakutsi zuen. Judua zela uste dut, eta nazien garaian ez zeukan liburutegi bat kontsultarako, liburu solte batzuk bakarrik; eta orrialde arruntetatik abiatuta atera zuen nobelen funtsa.

Diozunez, Freuden definizioa baino (ametsa desiren betetzea da) hobe da etakideen ametsak ulertzeko Hillmanek proposatutako bidea. Gaiari modu klasikoan heltzea alboratu nahi izan duzu?

Ez naiz gai erantzuteko ametsak interpretatzeko orduan zer maiztasunez jartzen diren zalantzan a priori freudiarrak, ez dakit; gainetik begiratuta, ematen du gaur egun Freudena dela ametsen zentzuari buruzko ikuspunturik zabalduena. Baina ez nau bultzatu ildo nagusiaren aurka jotzeko asmo iraultzaile matxino batek. Ametsak aztertu ahala, konturatu nintzen soilik Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorriako batek funtzionatzen zuela Freuden ikuspuntuaren arabera. Gainerakoak askoz ere egokiago lotzen zitzaizkion Hillmanen ikuspuntuari: Jungen dizipulua da Hillman eta dio heriotzak bidaltzen dizkigula ametsak. Gaston Bachelarden lan eskerga ere primeran etorri zait, Airea eta ametsak, Ura eta ametsak, Lurra eta atsedenaren amesgintza…

Heriotza da etakide askoren ametsetan agertzen den gaia.

Etakide askoren ametsetan ez, etakide guztien amets guztietan, batean izan ezik, Sarrionandiaren Lagun izoztuako bigarrena, hain zuzen etakidea den idazle bakarraren ametsa.

Ondorioetan ez duzu gehiegi sakondu nahi izan horren zergatietan.

Nahi bai, baina ezin. Ondorioetara iristerako, aski ahitua edukiko nuen kemena. Gordinegia zait heriotza, beste askori bezalaxe, tristatu, ergeldu eta mututu egiten nau.

Uste al duzu aurrerantzean publikatuko diren euskal nobeletan joera hori aldatuko dela?

Orain ez naiz sistematikoki jarraitzen ari. Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdeanen ez dago ametsik, baina gauza inportanteak esaten dira, adibidez “dena galdetzeko dena amestu behar da”. Baina ametsik ez da ageri. Eta Harkaitz Canoren Twisten ere, nonahi ageri dira desagertzea eta mamua, baita heriotza ere, amesgintzarako testuinguru egokia, baina ez dago ametsik. Nik uste dut literatoak kabroi hutsak direla eta probokatzeko egiten dutela [barre egin du].

“Pentsa liteke ETAren ekarpenik handiena Euskal Herriari ETAri buruzko euskal literatura izan dela”. Esaldia probokatzailea da eta eragin du dagoeneko erreakziorik, Laura Mintegirena kasu. Eztabaida ideologikoak estaltzen al du literatura?

Bai, eta askotan eztabaida ideologikoaren buruzagiak oso banpirikoak dira literaturarekin. Bakarrik interesatzen zaie beraien helburu politikoetarako erabili dezaketen neurrian. Nik ez dakit zer den literatura, baina horrek literaturarekin zerikusi gutxi dauka. Dena den, eztabaida ideologikoak literaturari buruzkoa estaltzen duen bezala, zarata mediatikoak estaltzen du eztabaida ideologikoa bera. Ez dago zereginik. Beraz, liburu honek ez du ia ezertarako balio

.…

Ez du balio putzutik irteteko, inork ez dio kasurik egingo. Igual ARGIAk edo…

Zein da aztertutako ametsetatik arrasto sakonena utzi dizuna?

Liburua argitaratu zenetik zenbait hilabete igaro ondoren ere, egia esan, den-denak gogoratzen ditut bizi-bizi: Hamaika pauson amak Abaituari zerraldoan sartu eta hil dadila agintzen dionekoa; Agirre zaharraren kartzelaldi berriakeko psikopataren agerkundea Metxari; Pasaia Blueseko Martaren eta Patakiren txortaldia sukaldean; Soinujolearen semeako Trikuren eta Komaroven orbita Lurraren inguruan, harik eta oxigenoa ahitu eta amiltzen diren arte... Batzuetan idazleek ez dizute abisatzen ametsak direnik, Txillardegik eta Canok, adibidez. Izagirrek ere ez beti. Aldiz, Zeru horiekekoak ez dira amets-ametsak, baizik eta borondateak gidaturiko jauziak iraganera edota etorkizunera. Ametsa hemendik edo handik gidatuko dutela erabakitzen dute, txamanek bezala. Ez dakit hori nola interpretatu, hain zuzen pertsonaia femeninoak izatea hori egiten dutenak, ez baita emakumeek idatzitako nobeletan bakarrik gertatzen.

Aurretik blogean publikatutako materialekin osatu dituzu zure azken bi liburuak, bai hau eta bai Talatik tiroka. Paperak zer eskaintzen die testu elektroniko hauei?

Bloga probak eta esperimentuak egiteko laborategi antzekoa da, baina gero, liburura heldu baino lehen, hamaika buelta ematen dizkiet blogeko burutazioei, eta zuzendu, berridatzi eta ostera ere zuzendu, liburua entregatzeko epea amaitu arte. Blogean ez dagoen testu ugari ageri da gero liburuan. Gainera, badira “oraindik” irakurleak, blogak ez baina liburuak bai irakurtzen dituztenak. Eta saiogile handienetako zenbaitek liburuak egituratu zituzten blogetako idazkien bildumen antzera, hala nola Nietzschek: Gizatiarra, gizatiarregia, Zientzia alaia, Ongiaz eta gaizkiaz haraindi, Moralaren genealogia... Blogetik atera berriak dirudite. Agian belaunaldi kontua da, “tropelekoa” naizelako-edo, baina gure zera liburua da; beharbada aurreiritzi kutre bat da eta gaindituko da…

Liburuak badu literatur-analisi akademikoek maiz faltan izaten duten freskotasuna…

Bai, hobeki pasatu dut Etakideen ametsak idazten tesiarekin baino. Eta ez dut ahazteko Joxe Azurmendiren aholkua: idatzi jendearentzat, edonorentzat, eta ez akademiako kolegentzat. Interneti esker akademikoki zuzena denetik ateratzeko aukera berriak sortu dira, gehiago literaturan saiakeran baino.

Euskal gatazkari buruz ikuspuntu asko oraindik idazteke daudela zenioen duela ez asko. Baina, posible al da euskal nobela batean torturatzaile zintzoa agertzea, adibidez?

Zaila da, kontuan hartuta euskal idazle gehienen jatorri soziologikoa zein den. Jendeak hartuko luke Unai Iturriagari bertsotan “zu Borboiko Elena zara…” erako gai bat jartzen diotenean bezala. Bilatuegitzat eta estrabagantetzat joko luke ziur aski irakurleak, ariketa mentaltzat. Dena den Twisteko Pedro Vargas, Rodrigo Mesa eta Javier Fontecha bezalako pertsonaiak oso helduak eta sakonak iruditzen zaizkit eta Galindo, Dorado edo Julen Elgorriagaren ibilbideetatik edan duten pertsonaiak dira.

Jarraitu al duzu bestelako gatazka armatuak dauden nazioetako literaturek nola landu duten gaia? Imitatzeko moduko eredurik?

Gurean ez da jorratu IRAri lotuta Rusty Rodriguezek Nightmare in Irelanden ibiliriko bidea: egundoko ezusteak kapituluz kapitulu, polizia detektibe titi-goxo bero tentagarria, finantzen globalizazioa baliatzen duen Interneteko guru iruzurtia, nazien sekretuen ezusteko desestaltzea, software delikatua lapurtzen dabiltzan txinatar misteriotsuak, Vatikanoa suntsitzeko IRAkoen isilpeko egitasmoa... Hori guztia eleberri bakar batean eta Irlandako gatazka armatuaren inguruan biraka.


Azkenak
ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


2025-02-07 | Aiaraldea
Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


2025-02-07 | Uriola.eus
Bi gizonek eraso homofobikoa salatu dute Bilbon

Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


Aktibismoan osasun mentala zaintzeko zenbait tresna

Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.


Eguneraketa berriak daude