Mugak gainditu dituen tradizioa

  • Espainiako eta Frantziako estatuen artean egonik, kontrabandoa ohiko jarduna izan da Euskal Herrian. Historiaren zati garrantzitsu honi heltzeko, protagonistei beraiei galdetu diegu, gau lanean aritu ziren gizon-emakumeei.

"Presa pasatzeko, arropa kendu, poliki-poliki pasa eta arropa berriro janzten genuen. Kontuz ibili beharra zegoen presara ez erortzeko, sakonera handia baitzuen!", kontatu digu Lino Etxegarai beratarrak.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

«Behin, Etxalartik Sarara ahari batekin kontrabandoan zihoan gizon bat harrapatu eta kontrabandoan aritzeagatik aharia kendu behar ziotela erran zioten eltzetzuek: “¿Yo de contrabando?, no hombre no, se ha escapado… Ya sabes, el amor”. Ahariak ardien gibeletik Sarara ihes egin ziela eta haren bila joana zela erran zien», kontatzen du Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean liburuak.

“Konpentsazio bat zen, estatuek edo agintariek ezarritako gehiegikerien aurrean herritarrek emandako erantzuna”. Robert Bresson idazlearen hitz horiekin bat egiten du Rosa Arburuak Euskal Herrian tradizio luzea bezain oparoa izan duen kontrabandoaz mintzatzerakoan. Bidasoar honek berriki kaleratu du Gau lana liburua, etxean txikitatik entzun dituen kontrabandoari buruzko pasadizoetan gehiago sakontzeko nahiak bultzaturik. Oso gertutik bizi izan du gaia, aita eta haren bi anaiak, Etxalarkoak, kontrabandoan aritutakoak baitira, “XX. mendean Bidasoa inguruko gehienak bezalaxe”.

Mugak, aduanak eta ordainketa guneak ezarri zituztenetik existitzen da kontrabandoa edo gau-lana. André Besson idazle frantsesaren arabera kontrabandoa zibilizazioa bezain zaharra da. Mugen bidez, agintariek erabakitzen zuten zein produktu pasa zitezkeen eta zein ez, eta kopuru jakinak baimentzen zituzten gainera. Espainiako Gerra Zibilaren ondotik, adibidez, Hego Euskal Herrian ez zegoen ogi zuririk eta Saratik Etxalarrera kontrabandoz eramaten zuten. “Nola debeka zezaketen ogia pasatzea beharra baldin bazegoen? Hori ez al da gehiegikeria bat?”, dio Arburuak. Aduanen kasuan, diru kopuru bat ordaindu beharra zegoen produktuak pasatzeko. Nafarroan Erdi Aroan “tabla” izendapena hartu zuten, eta egungo autobideko ordainlekuen funtzioa zuten. Arrazoi horiek medio, hastapenean beharrizanak asetzeko eta aipaturiko ordainketak saihesteko egiten zen kontrabandoa. Gerora, baita etekin ekonomikoa lortzeko ere. “Zer nahi zenuen, ba? Hortxe zen dirua irabazteko modua. Nola ez aritu hartan? Bistan da besterik ezin genuela egin”. Urruñako Ernestineren hitzak dira horiek –abizena ez du argitaratzerik nahi Ernestinek–. Bera ere urte askoan kontrabandoan aritua da, baina argi utzi nahi izan duenez, “norbaiti kalte egitekotan, estatuei egiten genien kalte”.

Euskal Herriak kontrabandorako oso baldintza onak eskaintzen ditu, batik bat Bidasoa inguruak. “Muga fisiko, politiko eta administratiboa izan da. Kontrabando asko eman da kilometro gutxian. Bertze gune batzuetan ere izan da antzeko mugimendurik, baina hemendik pasatu da kontrabandoa nagusiki”. Mendiak eta ibai nahiz itsasoak, biek eskaintzen dute kontrabandoan aritzeko aukera paregabea.

Gauza anitzekin egin izan da kontrabandoa: ogia, fabriketarako eta garraiorako piezak, arraina, kafea, tabakoa, edariak, arropa, kondoiak, telebistak, almendrak, parpailak, aziendak, dirua, urrea... Iparraldetik Hegoaldera eta alderantziz, bi norabideko jarduna izan da. Unean uneko egoera politiko-ekonomikoak arras baldintzatzen zituen bai kontrabandorako erabiltzen ziren produktuak, bai kopurua bera ere. Esaterako, Gerra Karlisten garaian itsasoz armak garraiatu zituzten batetik bestera.

Ibardindik alkohola pasaz

Ernestine 18 urte ingururekin hasi zen kontrabando lanetan: “Garai hartan arrain fabrikan egiten nuen lan eta orain bezala lehen ere Ibardinen ondoan bizi nintzenez, handik Urruñara alkohol botila batzuk ia ekarriko nituen galdegin zidaten, eta nik onartu. Hala, Ricard, Porto eta Martini ekartzen hasi nintzen Bentatik, hasieran bizikletan eta gero mobiletean. Aduanara iritsi aitzinetik [bera bizi den baserriaren ondoan zuen aduana], paketeak bide bazterrean gordetzen nituen eta etxera joaten nintzen aduanatik pasatuz. Gero berriz ere oinez itzultzen nintzen paketeak hartzera”. Hamar bat guarda izaten ziren aduana zaintzen.

Alkoholaz gain, bestelako produktu ugari pasatzen aritu izan da lapurtarra, eta horretarako, Berako Lino eta Juan Luis Etxegarai anaiak izan zituen bazkide. “Errodamenduak garai hartako Jugoslaviatik Parisko biltegietara eramaten zituzten eta gero handik Donibane-Lohizunera. Larunbat arratsaldeetan Frederic semearekin joaten nintzen bila eta Renault-ean eramaten genituen 700 bat kilo, Linorekin adostutako lekura”. Hilero tona bat pasatuz aritzen ziren udazken eta neguan; uda eta udaberrian aldiz, Linoren anaia Juan Luisekin arroparen kontrabandoan jarduten zuen. Miarritzen izaten zituzten biltokiak.

Alta, produktuak ez direnek ere igaro izan dituzte mugak eta aduanak: ideiek, kasu. Arburuak azaldu digunez, XVIII. mendean eta Frantziako Iraultza ostean, Europako erregimen absolutistek ez zuten ideia iraultzaileak euren lurretan sartzerik nahi, baina igaro igarotzen ziren. “Mezuak idatzita zituzten abaniko batzuk aurkitu zituzten”. Ondoren, itsasontzien bidez, Ilustrazioaren ideiek Amerikaran bidaiatu zuten. “Garai batean espiak ere izaten ziren eta kontuz ibili beharra zegoen”.

Beste kontrabando mota bat jende pasa izaten zen: pertsonei muga pasatzen laguntzen aritzen ziren mugalariak. Normalki, beste kontrabandoetan jarduten zuten, eta bidenabar, baita jendea pasatzen ere. Ezkutuan laguntzarekin muga zeharkatzea lortzen zutenen artean zeuden, besteak beste, aristokratak, juduak, nazionalistak, Bigarren Mundu Gerran alemanen aurka ari zirenak eta Frantzian lan egin nahi zuten portugaldarrak.

Azken horiei dagokienez, emigrazio handia egon zen 1960tik 1974ra bitartean. “Esaten da, gutxienez, milioi bat pertsona atera zela Portugaldik, eta horietatik 800.000 inguru Frantziara joan zirela lanera”. Garai hartan Salazar diktadorea zegoen agintean, eta hark pasaportea lortzea galarazten ez bazuen ere, baldintza ezinezkoak jartzen zituen horretarako. Bestalde, Portugal bere koloniekin gerran zebilen eta gizon gazteak nahi zituen borrokarako. Miseria eta gerrara joateko borondate eza ziren herrialdetik ihes egiteko arrazoi nagusiak. Frantzian, aldiz, lana zegoen eta oso gustura hartzen zituzten portugaldarrak, “oso langile finak eta saiatuak zirelako, katolikoak eta zuriak”. Horretarako, 2.000 kilometro eta bi muga zeharkatu behar zituzten kontrabandista euskaldunen laguntzarekin; tartean zegoen Ernestine.

Haatik, kontrabandisten artean nolabaiteko errezeloa bazen jendearekin kontrabandoa egiterakoan, Arburuaren hitzok adierazten dutenez: “Nire aitatxik beti erraten zion nire aitari ez pasatzeko ez armarik, ez pertsonarik; armek jendea hiltzen dutelako eta pertsonak solasean aritzen direlako”. Kontrabandisten artean etika kode bat zegoela gaineratu digu, nahiz eta betiko lez egonen zen bakarren bat errespetatuko ez zuena. Alta, kontrabandisten artean ongi zekiten nork ez zituen gauzak ongi egin, eta geroztik gaizki begiratzen omen zuten gainerakoek.

Herria kolaboratzaile

Kontrabandoan batzuk oso gazterik hasi ziren, kasuren batean 10 bat urterekin. Nolanahi ere, 13-16 urte bitartean hastea izaten zen ohikoena. “Haurrak ez ziren paketeekin aritzen, bai ordea baserrietara mezuak bidaltzen eta bideak libre ote zeuden begiratzen. Bi momentu garrantzitsu izaten ziren haur izatetik gizon izatera pasatzeko prozesuan: jaunartzea –eta horrekin batera galtza motzak utzi eta galtza luzeak janztea– eta kontrabandoan hastea. Kargarekin bide oso luzeak egiten zituzten, baina beraientzat hori oso inportantea zen, ohoratzen zituen zerbait. Eta nahiz eta leher eginda bukatu, aurrera jarraitzen zuten”, azaldu digu Rosa Arburuak.

Mendiz paketeekin ibiltzeko erresistentzia fisiko handia behar zenez, gizonezkoak ibili izan dira batik bat mendian barna. Emakumeek bestelako beharrak zituzten: paketeak egin eta gorde, zaintza lanak, sakonera bikoitzeko txalekoak josi, kobratzera joan, seinaleak jarri… “Izan dira emakumeak euren gorputzetan diru asko gordeta izan dutenak”, horietako batzuk Behobia ingurukoak. Esaterako, Hondarribiko emakumeak arrainekin eta angulekin aritu izan ziren. Aginagako angulak Bretainiatik ekartzen zirela gogorarazi du Arburuak, eta ondoren Hondarribian deskargatu eta paketeetan jartzen zituztela, ezkutuan Donostiara edo Aginagara taxiz edo autobusez eramateko. Angulak ez ezik, Hondarribitik Hendaiara legatza ere pasatu izan da.

Lanean jarduteko egituratuta zeuden kontrabandistak, hainbat mailatako sarea osatuz. Lehen mailako pertsonek beharrezko produktuak ekartzen zituzten, leku batean handizka erosi eta beste toki batean txikizka saldu. Bigarren mailako kontrabandistei dagokienez, normalean bazkideak izaten ziren eta peoiak izaten zituzten, laguntzaileak: erositako produktuak hamar-hamabi kontrabandistek osaturiko koadrilei banatzen zizkieten eta horiek alde batetik bestera pasatzen zituzten.

Alabaina, koadrilez gaindi familia, herria eta sarri komunitate guztia zegoen kontrabandoan murgilduta, baita animaliak ere! Zugarramurdin, esaterako, txakurrak salatari lanetan aritzen ziren. Kokoak (guardia zibilak) baserri inguruetan sumatuz gero, zaunkaka hasten omen ziren, kontrabandistek jakin zezaten non zegoen arriskua. Gizarte guztia saltsan egoteak eragiten zuen, hain justu, kontrabandoa begi onez ikusita egotea, ez baitzen pertsona bakan batzuen jarduera, herriarena zen.

Eltzetzuei edo guardei iskin egiteko hainbat estrategia erabiltzen zituzten, akaso ohikoenak seinaleak izanen ziren. “Batzuek belardian maindire bat edo trapu zuri bat jartzen zuten bidea libre zegoela adierazteko. Elkarren artean komunikatzeko animalien soinuak imitatzea ere oso arrunta izaten zen, hala nola, ahuntzaren, ardiaren edota llamaren soinua. Gainera, bakoitzak animalia hori imitatzeko modu propioa zuenez, bazekiten nor ari zen deika”, azaldu du Arburuak. Berako Lino Etxegaraik aipatu digunez, euren koadrilan ardien soinuak imitatuz deitzen zioten elkarri. Hala ere, ez ziren kontrabandistak trikimailuak erabiltzen zituzten bakarrak: “Guardia zibilek hari beltza paratzen zuten bideetan altura batean eta apurtzen bazen bazekiten pertsonak pasatu zirela hortik”, Berako kontrabandistak dioenez.

Beharrizanak asetzeko eta dirua irabazteko bitartekoa

Kontrabandoan aritzeagatik irabazitako dirua aldatu egiten zen garaiaren, egin beharreko distantziaren eta produktuaren arabera. Ernestinek alkohola pasatzeagatik neguan hileko 200 euro eta udan 500 euro jasotzen zituen; “laneko soldata adina zen niretzat”, diosku. Etxegaraik berriz, orduan Irungo harrobian hilero 5 euro inguru ateratzen bazituen, kontrabandoarekin gau bakoitzeko euro bat inguru irabazten zuen, eta “karga pisutsua bazen gehixeago pagatzen zuten”. Finean, sei edo zortzi aldiz kontrabandoa pasaz gero, sasoi hartan fabrikan hilero irabazten zen jornala ateratzen zuten.

Kontrabandoa legez kontrako jarduera izanik, harrapatuz gero zigorrak ezartzen zituzten. Edonola, une historikoaren, kontrabandoko materialaren eta kopuruaren arabera gaztiguak aldatu egiten ziren. Janariarekin atzemanez gero, ez zuten normalki jakia konfiskatzen, isuna jarri eta kito. Abereen kasuan, konfiskatzea eta isuna jartzea izaten ziren zigorrik ohikoenak, baina lantzean behin kartzelara bidaltzeko arriskua ere bazegoen. Alabaina, pertsonekin atzematea izaten zen okerrena. “Portugaldarrekin Espainian atxikiz gero, bederatzi hilabete eman behar ziren presondegian; Frantzian ez zen zigorrik jasotzen, portugaldarrak galdegiten zituzten-eta bertan lan egiteko”, azaldu digu Ernestinek.

Zigorrak saihesteko bitarteko ezberdinak erabiltzen zituzten eta horietako bat izaten zen eltzetzuak erostea. Arburuaren esanetan, “portugaldarren kontrabandoarekin apenas egiten zen, baina paketeekin bai. Erosia izan zen eltzetzuak kontrabandistei abisatzen zien eurak non egongo ziren, eta horrenbestez, kontrabandistek bazekiten nondik ez zuten pasa behar”. Dena den, Etxegaraik dioenez bazegoen erosia izan ondoren salatu zituenik ere, baina halere segituan jakiten omen zuten nor izan zen. Jendarme eta guarden kasuan, ez ziren asko eroskeria onartzen zutenak. Baina hainbatek ez zuen gustuko polizia erostea, tartean Ernestinek: “Besteek emandako arropa dutenekin ez fidatu inoiz!”.

Kontrabandoa denentzat zela negozioa dio Arburuak, eta funtsean Espainiako eta Frantziako estatuei ere interesatzen zitzaiela. “Esaterako, fabrikak martxan jartzeko parpailak pasatzea nahitaezkoa zen, eta hortaz, hein batean itxurakeria zen debekua. Konfiskatzen bazuten dirua ateratzen zuten, baina kontuan izanik zenbat tona pasatu zen, ez zen hainbertze harrapatu”. Arriskua, ostera, hor zegoen, eta jazo ziren pasadizo tristeak, horren lekuko dira zauritu eta hildako ugari.

Kontrabandoak batu gaitu

Gurean kontrabandoak izan duen garrantzia hizpide hartuta, Rosa Arburuak honako gogoeta egin du: “Batetik, mugaren alde bateko eta besteko euskalduntasunak, euskarak eta kulturak, eta bestetik kontrabandoak batu gaitu, benetako tradizioa izan baitu”.

Tradizio aberats honen inguruko kontuak familian edo inguruan kontrabandoa bizi izan duen jendeak dakizki, eta naturaltasunez solas egiten dute horretaz. “Kanpoko bati, ordea, norberaren familian kontrabandoa egiten zela esan eta narkotrafikatzailetzat hartuko gintuzke ziur”. Arburuak nabarmendu du arriskua dagoela hurrengo belaunaldiek gaiaz deus ez jakiteko. “Eskolan gazteek errege-erreginen gorabeherak ikasten dituzte, baina ez herriko historia, benetan jakitea merezi duena”.

Azken finean, lekukotasunak jasotzen dituzten argitalpenak eta ikus-entzunezkoak dauden arren, ez dago kontrabandoaren memoria bere baitan gordeko duen oroigarririk ez museorik. Hori bai, mugarriek zutik diraute: Espainiako eta Frantziako koroek 30 urteetako gerrari amaiera emanez 1659. urtean sinatutako Pirinioetako Bakearen ondotik, mugak zehaztu zituzten bi estatuek, eta mugan zehar mugarriak jarri zituzten. Bada, sarri kontrabandistek orientatzeko eta erreferentzia gisa erabili zituzten mugarri horiek berak izanen dira kontrabandoaren gorabeherak hobekien ezagutzen eta haren memoria ondoen gordetzen dutenak.

Lino Etxegarai
«Garai hartako fabrika zen»

15 urte zituela hasi zen Berako Lino Etxegarai kontrabando lanetan, Juan Luis anaia alboan zuela. Ordutik urte askotxo pasa badira ere, ederki gogoratzen ditu garai hartan bizitakoak.

Juan Luis anaiak eta biok herentziaz jaso zenuten kontrabandoan aritzea, ezta?

Guk hori ikusi genuen txikitatik, gure ama Carmen eta Lino atautxi ere aritzen baitziren. Ez zen bertze lanik eta guretzat kontrabandoa beste edozein lan bezalakoa zen, garai hartako fabrika. Norbaitek erraten zizun zein ordutan eta zein lekutan behar zen pertsona bat zerbait pasatzeko, eta, gu han izaten ginen.

Gogoan al duzu kontrabandoan aritutako lehen eguna?

Mendiz lehen bidaia egin nuenean 15 bat urte izanen nituen. Ibardindik 20 kilo inguruko karga hartu eta Bidasoa aldera pasa beharra nuen. Pentsatu nuen “hau ez da niretzat”. Nire anaia Juan Luisek bost urte gehiago zituen eta hori aise ibiltzen zen; berak erakutsi zidan. Sos beharra genuen eta aurrera jarraitu behar!

Zerekin aritu izan zara kontrabandoan?

Abereen kasuan, behorrak eta mandoak Espainiatik Frantziara eramaten genituen, eta zekorrak Frantziatik Espainiara. Zientoka ekartzen ziren. Alkohola ere eramaten genuen garrafoietan, buruan pasatzen genituen. Gainontzean, errodamenduekin ere anitz ibilia naiz eta arraia, telebistak, kamioietako piezak, penizilina, puruak eta altzariak ere pasatu izan ditut. Halere, nik nahiago nuen paketeekin aritu aziendarekin baino, inoiz ez baitakizu abereek zer eginen duten.

Bera inguruan jende asko aritzen al zen kontrabandoan?

Hiru koadrila baziren, eta horietako bakoitzean hogei bat aritzen ginen nagusi batentzat lanean. Apaizak ere aritzen ziren kontrabandoan, baina halere eskas zenez, Irundik ere ekartzen zen jendea. Pentsa, guardia zibilen haurrak ere aritzen ziren!

Zenbateko maiztasunarekin egiten zenuen kontrabandoa?

Eskaeraren arabera aritzen nintzen, batzuetan egunero eta bertzetan bi edo hiru egunetan deus ere ez. Mendian aritzen nintzenean lanean, ilunabarrerako etxera joaten ginen eta bertan zein lan egin behar nuen abisatzen zidaten; orduan, afaldu, bokadilo bat hartu eta martxa! Batzuetan ilundu aurretik joan behar zen, bestetan ilundu eta segidan, edota gauerdi aldera, ez zegoen ordu zehatzik. Tartean gaueko bi bidaia ere egiten genituen. Zenbaitetan gogorra izaten zen, egunez lanean aritu eta ondoren kontrabandora joan beharra! Dena den, iluntasuna ez zen oztopo, gauez egunez bezala ikusten da-eta.

Behin guardia zibilak harrapatu eta apuru ederrak pasa omen zenituen…

Bai, belaunean egin zidaten tiro eta orain protesia dut. Urtarrilak 10 zela gogoan dut. Denak batera ginen, anaia tartean; eguraldi txarra zegoen eta lan asko eginda nuen. Goizetik gauza anitzekin aritu ginen alde batetik bertzera, eta azkeneko lana Ibardindik rosli puruak ekartzea zen. Hamabost lagun inguru ginen eta ni gibeletik joan nintzen hasiberria zen gazte batekin. Orduan gelditu egin nintzen paketeak ongi paratzeko eta botatik sartutako harria ateratzeko, baina justu beheko kantinatik gora guardia zibilak heldu ziren eta nirekin zihoazenei “alto” esan, paketeak bota eta ihes egin zuten. Baina nik ezin nuen eskapatu bi paketeekin, eta goitik behera nindoala bertzeek utzitako pakete bat ikusi eta hartu egin nuen arrastaka, eta orduan egin zidaten tiro. Han geratu nintzen kieto, gero guardia zibilak etorri eta “cállate y no declares nada” erran zidaten eta paketeak hartu eta han utzi ninduten. Hotza sentitzen hasi nintzen, eta gainera, tiroketa bat entzun nuen ordubetera eta beldur nintzen nire koadrilakoei tiro egin ote zieten. Azkenean, anaia auzokoekin etorri zen bila eta bizkarrean eraman ninduen etxera. Hortik ospitalera, eta ondotik, Iruñeko Opusera. Hiru hilabete eman nituen han. Ordutik, mendia utzi behar izan nuen eta autoarekin-eta ibili nintzen kontrabandoan.

Eta gainontzean, noizbait harrapatu zintuzten kontrabandoan ari zinela?

Bai, errodamenduak pasatzen ari nintzela atzeman ninduten; momentuan autoa kendu eta preso eraman ninduten Iruñera. Ez zen normala izaten, baina hala gertatu zen. Libre ateratzeko eta autoa berreskuratzeko ordaindu nuen, eta errodamenduak itzuli zizkidaten.

Apolo astoa bazkide ona omen zenuten.

Lan asko egin zuen horrek! Garai horretan Apolo espaziontzia ilargira bidali zuten, eta hortik datorkio izena. Mandoak bidea ezagutzen zuenez, kargatzen genuen eta bera bakarrik joaten zen. Guardia zibilak azkarrak izan balira erraza izango zuketen gu zein ginen jakitea, mandoari jarraitu eta kito, baina ez ziren horren azkarrak, beharrik! Apolok hamabost pakete ekartzen zituen, eta hortaz, hamabost lagunen lana berak bakarrik egiten zuen. Gero saria pentsua izaten zuen.

Gaur egun aukera izanda, kontrabandoan segituko zenuke?

Muga balitz, zergatik ez?


Azkenak
2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-11-18 | Uriola.eus
Bilboko Higiezinen Azokan protesta egin dute asteburuan Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek

Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]


Elene Lopetegi, Bilgune Feministako kidea
“Beharrezkoa da utopia maximoetan pentsatzea, horra iristeko bideak marraztu ahal izateko”

Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.


2024-11-18 | Leire Ibar
Hizkuntza gutxituek ingurune digitalean duten presentzia bermatzeaz arituko dira Donostian egingo den kongresuan

"Hizkuntzen irabazia" kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.


2024-11-18 | Leire Ibar
Gizon bat atxilotu dute Pasaian bikotekidea erailtzen saiatzea egotzita

Igande eguerdian atxilotu dute 35 urteko gizona Trintxerpen (Gipuzkoa), arma zuri batekin delitu-saiakera egitea leporatuta. Erasotzaileak labana batekin eraso egin dio bikotekideari, eskuetan zauri larriak ditu emakumeak eta Donostiako Ospitalean artatu dute.


Etxebizitzaren iruzurra

Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazoa da. Giza eskubidea izan behar lukeena, gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren, ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa... [+]


2024-11-18 | Estitxu Eizagirre
EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatu ezean, ura kutsatzen jarraituko dute

Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]


2024-11-18 | Leire Ibar
Bederatzi lagun epaituko dituzte Bilbon astelehenetik aurrera, Voxen ekitaldi bat eteteagatik gorroto delitua egotzita

Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.


2024-11-18 | Leire Ibar
Ekainaren 7an manifestazioa antolatu du Gure Eskuk, ‘Herri Libre Bat-Euskal Herriak Erabaki!’ lelopean

"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-18 | Jon Torner Zabala
Errusiaren kontra irismen handiko misilak erabiltzeko baimena eman dio Bidenek Ukrainari

Urtarrilaren 20an utziko du AEBko presidente kargua Joe Bidenek, lekukoa Donald Trumpi emanda –zeinak AEBen norabide aldaketa marka dezakeen Ukrainako gerran–. Agintaldia amaitu aurretik, baina, irakurri dugu Ukrainari baimena eman diola Errusiako Kursk eskualdean... [+]


2024-11-18 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandiak finalerako pasea eskuratu du
Oiartzungo finalaurrekoa irabazita, zuzenean sailkatu da Gaztelumendi. Datorren igandean izango da hurrengo saioa, Zarautzen.

2024-11-18 | Behe Banda
Barra warroak |
Hau ez da nire belaunaldikoa

Nekeaz idaztera nindoan zutabe bat, baina erridikulua iruditu zait 19 urterekin lur jotaren planta egitea: amore emanda, nekatuta, etsituta, mundu honek ukatu banindu bezala. Are erridikuluagoa iruditu zait gelditzen zaizkigun ogi apur txikiekin erantzukizun ezaz amestea, azken... [+]


Eguneraketa berriak daude