argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz 76: Estatua ere bada erantzule

Juan Mari Arregi 2012ko otsailaren 28a

Aste honetan, martxoaren 3an, Gasteizko San Frantzisko parrokian langile grebalariak asanblada bat egiten ari zirela polizia espainiarrak eragindako masakrearen 36. urteurrena da. Poliziaren esku-hartze basatiak bost langileren heriotza eragin zuen eta beste asko zauritu zituen. Gertaera haiez geroztik 36 urte igaro dira, baina ez da inolako ardura polizial, penal eta politikorik garbitu. Eta erantzuleak egon, badaude.

Manuel Fraga PPko presidente eta senataria jadanik hil da, baina ez zen erantzule bakarra izan. Bere heriotzaren ondoren, badago hilketa haien gaineko zigorgabetasuna gehiago atxiki nahi duenik. Baina egun, zenbait erantzule bizi dira: Martin Villa ministro-ohi frankista, esaterako, eta masakre hura zuzendu zuen poliziaren burua, adibidez. Erantzuleen artean politikariak ez dira falta, Espainiako monarka Juan Carlos Borbón kasu, orduan Estatuburua eta indar armatuen –poliziak ere bai– arduradun gorena baitzen. Azken batean, hilketa haiengatik Espainiako Estatua bera epaitu behar da.

Horregatik, memoriaren eta erantzukizunak garbitzearen alde borroka eredugarria daraman Gasteizko Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak atsedenik gabe jarraitu behar du lan horretan. Oraindik helburu batzuk betetzeke baitaude. Euskal Herriko erakundeek elkarte hori lagundu beharko lukete, muga ekonomikoek ez dezaten geldiarazi gertaera haien oroimen historikoa mantentzeko lana. Eta langileek, sindikatuek eta eragile sozial eta politikoek elkartearen mobilizazioetan parte hartu behar lukete, “arrazoien eta bizitzen hiltzaileek” ez dezaten inoiz bizitzan eta heriotzan atsedenik hartu eta “gure oroimenek” pertsegitu ditzaten.