argia.eus
INPRIMATU
Etsipenaren aurka jarriak

Xabier Paya @xabipaya 0000ko ren 00a

 

I
Nahiz mundura ez garen
sufritzera etorri,
negarrak izaten du
jaiotza jatorri,
baina ahal dela ez da
egin behar sarri...
Sei bertso goxo gura
nizkioke jarri
tunelean argirik
ez dakusan horri.

IV
Kezkaren bat bihurtu
zaizunean traba,
jokatu esaerak
dioen gisara:
“Zergatik arduratu
konpongaitza bada?
Eta konponbiderik
baldin badu, hara:
zergatik arduratu
konponduko da ba!

II
Dena ikusten duzu
triste eta txarto,
esperantzarik ere
ez duzu biharko...
baina ez ote zara
ohartu ahalko
orain triste zaudela,
begi bete malko,
inoiz zoriontsua
izan zarelako!

V
Itsasoa ezin da
beti egon bare,
olatuek astintzen
dute aldez alde.
Bizitza bizitzeko
bi aukera daude:
neurrian bizi poz
zein penak, parez pare,
edo pozak zein penak
bizi neurrigabe.
 

III
Ez da egunsentirik
gabeko gau hotzik,
ez da berriz osatu
ezin den bihotzik,
ez da azken penarik,
ez betiko pozik,
ez minak arintzeko
modu efikazik,
sentitutik ikasten
saiatzea baizik.

VI
Ustez lehenago bizi
zinen ametsetan
minak azaldu arte
bizitza benetan,
baina poza etortzen
zaizunean bueltan,
konturatuko zara
momentu horretan,
soilik egon zarela
iragarkietan.
 


Doinua:  Jardin bat zuretzat


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.